Han eta Hemen | 2024ko Maiatzaren 23a

Bizi mugimenduaren biltzar nagusia

Bizi%20mugimenduaren%20biltzar%20nagusia

Bizi mugimenduaren biltzar nagusia iragan berri da, elkartearen hamalaugarren urtearen bilan finantzario eta morala presentatua izan da, koordinaketaren zerrenda berria aho batez bozkatua izan da.

Euskal Herria Burujabe 2023ko bilana

Jazko urtea gertakaritan aberatsa izan da, bereziki Baionan iragan den Euskal Herria Burujabe ekitaldiaren antolakuntzarekin. 2023ko Euskal Herria Burujabe ekitaldiak mugimendua markatu du, mobilizazio handia ahalbidetu duelako. Antolatuak izan diren konferentzia eta erakusmahaien bidez Euskal Herriko metamorfosi ekologikoa eta soziala, gai klimatikoak eta alternatibak aipatzeko parada izan da. Ekitaldian 8.000ko bat pertsonek parte hartu dute, 115 konferentzia, mahai-inguru, edota hitzaldi segitu ahal izan dira. Bestalde animazio aberatsak iragan dira, 45 kontzertu eta ikuskizunekin. Arlo anitzetan aktibo diren 130 egitura, elkarte eta kooperatiba hurbildu dira. Urriaren 6tik 9a arte iragan den gertakariarentzat, antolaketa lanetan 750 boluntariok parte hartu dute.

Biltzar nagusian errana izan da Euskal Herria Burujabe aukera paregabea izan dela pertsonalitate eta beste mugimenduekin harremanak azkartzeko, horietan Euskal Herriko Eusko, EHLG, Txirrind'Ola, Aupa, Gure Herria Solidarioa... Bestalde Bizi mugimenduak, Alternatiba, ANV eta COP21 mugimendu frantziarrekin lan bateratua eramaiten du. Mugimendu horietako hainbat kide Baionara etorri dira, elkarrekin “2024ko Alternatiba Itzulia” antolatua izanen dela errana izan da.

“Hitza hitz”

Aipatua ere izan da herriko hauteskundeen kari agertu “Hitza hitz begirale” txostenaren inguruan eramana den lana. “Hitza Hitz” batzordeak tokiko hautetsien segipena eta interpelazio lana egitea du helburu. Aurten argitaratu “Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren estatua, zein neurritako ekintzak ikusiko ditugu?” dokumentuan agertzen da, herrietan proiektuak plantan jarri badira ere, ekintzak oraindik ez daudela larrialdi ekologikoaren mailan. Eskas hori gainditzeko eta larrialdi ekologikoari erantzuteko, herriko hauteskundetan Bizi mugimenduak Herriko Etxeeri eskatu zien “Klima Plana” herri mailan abiatzeko proiektuak martxan jartzea, epe zehaztu batean eta behar diren baliabideekin. Herriko Etxeek hartu engaiamenduetan, 56 herriren batez besteko 0,5 puntukoa izan da 4rengain.

Mugerreko “Barthes” gunearen zaintza

Biltzar nagusian aipatua izan da Mugerreko hezeguneen lurren salbatzeko eramana izan den borroka. Urte hastapenean Bizi mugimenduak kanpaina bat abiatu zuen Mugerreko azken hezeguneetako 12 hektarea suntsitzeko arriskuan baitziren. “Mouguerre cadre de vie” elkartearekin eta CADE ingurumen defentsarako kolektiboarekin, proiektu horren kontra, ekintzak eta manifestazioak antolatuak izan dira. Mugerreko Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoak, Enovis enpresa, gune horretan instalatzeko asmoa zuten. Uholde arrisku gunea da.Euri-ura atxikitzen duten hezegune hauen desagertzearekin eta uren goratzearekin, Aturri ibaian uholdeen arriskua bada, Mugerreko Portuko, Lehuntzeko edota Baionako bizitegietara ura beherago hedatuko eta barreiatuko da. Hiru hilabeteko borrokaren ondotik entzunak izan dira Euskal Elkargoak proiektua baztertu baitu.

“Stop pub”

Bizi mugimenduko “Stop pub” taldeak, hirietako publizitate argidunen kontra eramaiten duen borroka aipatu du. Talde horrek ekintzak muntatzen ditu, hirietan debaldeko argi xahutzeak salatzea du helburua. Ipar Euskal Herriko hautetsieri gutun bat igorria izan zaie, jarrera argia har dezaten.

Elkartearen egoera

Biltzar nagusiak, 2024-2028 urteetarako, Biziren lan sailak definitzeko aukera emanen du. Mugimenduko arduradunak kontent agertu dira 800 kideen muga gainditua izan delako. Mugimenduko partaideek zioten: “Klima aldaketaren eta jendarte injustiziaren gorakadaren testuinguruan egiten dugun lana zilegi eta beharrezkoa da”.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3749. zbk

Gure Hitza | 2024/05/23

Zuziaren trosta

Peio Jorajuria

Uztail hondarrean baizik ez dira hasiko Parisko Olinpiar Jokoak, baina haien inguruko sukarra jadanik azkarki hedatzen ari da, zuzia dela medio. Hauxe argi dezagun haatik lehenik, eskutik eskura garraiatzen den sugarra tortxa edo zuzi olinpikoa deitzen da (flambeau), aldiz jokoen denboran tokian berean egonen denari su olinpikoa erraten zaio (flamme). Zuziak Greziatik egin du bide Mediterraneoan barna Marseillaraino, Belem belaontzian, Baionako portuan denboran ikusteko zortea ukan dugun ontzi miresgarrian. Eta geroztik frantses lurraldean barna badabil, toki harrigarri batzuetatik pasatuz, hala nola Bigorrako Pic du Midiren kaskotik eta Lascaux-ko leizeetatik.

Ipar Euskal Herritik ere iragan da Mendekoste astelehenez, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona eta Hazparnetik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro xahutuz horretarako. Aldi berean, Herri Urratsez depart...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016