Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2024ko Maiatzaren 23a

Bi heriotza - Sortze - Bide prebentzioa - Kantu afaria - Amen besta - Auxoteko tresneria salgai

Bi heriotza

Azken egun hauetan bi heriotza izan dira gure herrian.

Alexandre Curutchet, Peña auzoaldekoa, denbora gehiena Hegiburuan bizi izan dena, zendu da. 74 urte zituen. Hegiburuan laborari etxetiarra izanez, zapatagintzan ere lan egin zuen Hazparneko lantegi batean, eta gero Izturitzeko harrobian. Erretreta 57 urtetan harturik, azken denbora hauetan Izturitzeko xahar etxera erretiratua zen. Peñako biztanleak parropiaz Hazparneri lotuak izanez, hunen ehorzketak Hazparneko elizan iragan dira. Gure doluminak Denise eta Chantal ilober eta hauen familiakoeri.

Bildarritz auzoaldean, Jamattitt Idiart, Fermineneko nagusi xaharra, 90 urtetan zendu da. Bizi guzian laborantxan arizanik, kontent zen Bixente semetxia berrikitan etxaldean instalaturik ikustea. Denboran herriko kontseilari egona zen. Gizon goxo eta langilearen oroitzapena uzten dauku. Bildarritze, parropiaz Gerezietari lotua izanez, hunen ehorzketak Gerezietako elizan iragan dira. Gure doluminak Graxiana espos lagunari, Genevieve, Jean-Pierre eta Teexa seme-alaberi, hauen familiakoeri eta Fermineneko ahaidegoari.

Sortze

Gainarteko Emelyne Viard eta Thomas Villepreux andere-jaunek Thelma izendatu duten haur ttipiari ongi etorri egin diote. Goresmenak aitama uroseri eta bizitza luzea sortu berriari.

Bide prebentzioa hirugarren adinekoentzat

Goiti Aire elkarteak jakinarazten dauku bide prebentzio saio bat jendarmeriak segurtatuko duela hemendik laster, Donamartiriko “Bil Etxea” deitu gunean. Errepideetan ibiltzen girelarik, bide-seinale berriak agertzen dira. Horrek erakusten dauku gutarik askorentzat berrikuspen hori oso beharrezkoa izan daitekeela. Bide prebentzio saioa hirugarren adinekoen elkarteko kideeri irekia da. Interesatuak direnek, Jeanne Aguerre andereari jakinarazi behar diote, telefonoz (06-71-54-96-86), maiatz hondarra aitzin. Ongi etorri deneri!

Kantu afaria, maiatzaren 31n, Gozategian

Beltzuntze elkarteak kantu-afaria antolatuko du, heldu den maiatzaren 31n, ostiral arratsarekin, Gozategia jatetxean. Kantuz aritzea laket duten guzieri irekia da, izan herritarrak ala auzo herritarrarak, zahar ala gazte, gizon ala emazte. Afaria 20€tan izanen da (serrano xingarra, meloia eta baratzeki, xerri espalda sasoiko barazkiekin, gasna xuria fruitu estaliarekin, arno eta kafea). Jakina da Jean Michel Barhenne hor izanen dela bere eskusoinuarekin, kantarien laguntzeko. Herriko bestak aitzin, horra bozen berotzeko parada bikaina!

Tokia aitzinetik erreserbatzea galdatua zauku, ostatura deituz (05-59-45-91-63) edo helbide huntara idatziz: beltzuntzeelkartea@gmail.com. Jin zuen kantu liburuekin, ongi etorri deneri!

Amen bestaz menu berezia

Maiatzaren 26ko Amen besta kari, Gozategia jatetxeak jakinarazten du menu berezia prestatuko duela, 36€tan. Besta hunen kari, mahain on baten inguruan biltzeaz interesatuak direnek tokia aitzinetik erreserbatu behar dute ostatura deituz (05-59-45-91-63). Besta on ama guzieri!

Auxotean, sukaldeko tresneria salgai

Auxotea ostatuko etxekandereak jakinarazten du hemendik laster, hots agorrilaren 31n erretretara joanen dela. Ondorioz, sukaldeko material guzia saltzera emaiten du. Interesatuak direnek, ostatuarekin zuzenean harremanetan sartu beharko dute (05-59-29-64-07).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3749. zbk

Gure Hitza | 2024/05/23

Zuziaren trosta

Peio Jorajuria

Uztail hondarrean baizik ez dira hasiko Parisko Olinpiar Jokoak, baina haien inguruko sukarra jadanik azkarki hedatzen ari da, zuzia dela medio. Hauxe argi dezagun haatik lehenik, eskutik eskura garraiatzen den sugarra tortxa edo zuzi olinpikoa deitzen da (flambeau), aldiz jokoen denboran tokian berean egonen denari su olinpikoa erraten zaio (flamme). Zuziak Greziatik egin du bide Mediterraneoan barna Marseillaraino, Belem belaontzian, Baionako portuan denboran ikusteko zortea ukan dugun ontzi miresgarrian. Eta geroztik frantses lurraldean barna badabil, toki harrigarri batzuetatik pasatuz, hala nola Bigorrako Pic du Midiren kaskotik eta Lascaux-ko leizeetatik.

Ipar Euskal Herritik ere iragan da Mendekoste astelehenez, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona eta Hazparnetik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro xahutuz horretarako. Aldi berean, Herri Urratsez depart...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016