Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2024ko Maiatzaren 23a
Euskal zinema ohoretan - Izar Hitza abesbatza - Lasterketa - Amikuzeko askaltzaileen berri zenbait!
Euskal zinema ohoretan aste huntan Donapaleun!
Hiru euskal film proiektatuak dira aste huntan Donapaleuko zinegelan.
Joan den asteko Herrian aipatu dugun bezala, lehena asteartean iragan da. “Artzain soil” dokumentala, Sabina Hourcade eta Lucie Francinik izenpetua. Maina artzaintsa soilaren ibilbidea kontatzen du.
Bigarren filmak, “Irati”, VIII. mendean gertatutako kristautasuna eta sinesmen paganoak nahasten ditu. Asteazken huntan erakutsia izan da. Paul Urkijo zuzendaria hor zen, filmaren ondotik ikusleen galdereri erantzuteko.
Hirugarren filma, Negu Hurbilak, maiatzaren 29an, asteazkenez (20:30), ikusten ahalko da. Huna filma nola aurkeztua den: “2011. ETA-k borroka armatuari betirako amaiera iragartzen du eta emazte gazte batek muga pasatzeko helburu bakarrari jarraikiz ihes egiten du. Lehengo mitoen eta gatazka berrien bateragunea den Zubieta mugako herrira heltzen da. Denbora iragaiten da, egunak gauekin eta gauak egunekin nahasten dira, halako lausotasun zehaztugabea. Korapilatsua eta labirintikoa bilakatzen da haren ihesaldia”.
Mikel Ibarguren filmegilea hor izanen da, Ekain Abilterekin (Negu kolektiboa) proiekzioaren ondotik publikoarekin solastatzeko.
Filmak frantsesezko azpititulatuekin dira. Eztabaidak frantsesez ("Artzain soil") eta euskaraz (beste biak).
“Izar Hitza” abesbatza Bideaken
Hogeita bost kantarik osatzen dute Baionako “Izar Hitza” abesbatza mistoa. Elodie Wachowskiren gerizapean, euskal kantuak emaiten ditu, baita Europako eta Amerikako kantuak ere. Kantu mitiko, erlijioso, alai, lasai eta dinamikoen bidez, memento goxo baten pasatzeko parada emana da. Kontzertua heldu den ibiakoitzean, maiatzaren 25ean, Bideakeko kaperan emana izanen da (21:00).
Amikuzeko ikastolak antolatu lasterketa Donapaleun
Aurten ere, Amikuzeko ikastolak lasterketa antolatzen du, haur eta heldueri elkartzeko aukera emaiteko, baita ere Amikuzeko eskualdeak hobeki ezagutzeko. Hastapenean, hitzordua Behaskaneko lakoan emana bazen, aurten Donapaleuko merkatu estalian emana da, ekainaren 9an, igande goizean.
Lehen ibilaldia (15 km), goizean abiatuko da(8:30) eta deneri idekia da.
Bigarrena (10 km), lasterketa moduan eginen da. Goizean abiatuko da (10:00). Haurrendako ere lasterketa berezia antolatua da.
Ondotik jateko eta edateko aukera emana da lekuan berean. Izenak aitzinetik emaiten ahal dira pb-organisation.com sarean sartuz.
Amikuzeko askaltzaileen berri zenbait!
Amikuzeko hamabost bat lagun, bi astetarik, Donapaleuko merkatu egunean biltzen dira elgarrekin askaltzeko. Askariaz gain, mundua berriz egiteko asmoarekin, goiz parte handian aldebat solastatzen ari dira... beti euskaraz! Denak adinetakoak izanez, osagarri arazoak ezagutzen dituzte, normal den bezala! Berrikitan taldeko bat orkatilatik operatua izan da. Huna herrian untsa ezaguna den Garruzeko bertsolariak idatzi dituen bertsoak, gure lagunari joan den ostiralean kantatuak izan direnak.
Noiztenka jiten zauzku zenbait arrangurak
Osagarriarentzat baterez goxoak
Nahigabeak eta ezinbestekoak
Preseski Mahastoiek jasan holakoak
Hautatu klinikak du izen Agilera
Hor zirujano ona biziki trebea
Eta gure gizona ez baita mendrea
Aise gainditu dauku operazionea
Hunek bazuen mina zango orkatilan
Ezin kurritu eta ezinegonean
Medikua ikusi ta hunek orduan
Sendatuko haiz segur operazionean
Ondoko askarian bi asteen burian
Jin zauku Mahastoi ta txaloen artean
Dena kondatu dauku xehetasunean
Orratz eta marteilu ez zen eskasian
Egun horretan egin du bere hautia
Zirujanoarekin hartu hitzordia
Ostiralearekin du operatzia
Beraz egun hortako adio askaria
Sofrikariorik ez du batere ukan
Ondotikan-e berdin dena untsa joan
Aldiz gogorrena du geldik egoitean
Bainan ez du trabarik bere mingainean
Operazio egunez mezua igortzen
Mahastoiek ez baitu umorea galtzen
Azkenean batere ez dela damutzen
Artzotek ez baitaki arroltze erretzen
Denbora luze zauku geldik egoitean
Aspertzerainokoan deusez egitean
Bainan otoi laguna atxikak gogoan
Egon hadila trankil sendatu artean
Arroltze erretzeak badu zailtasunik
Renek frogatu dauku ta ez du dudarik
Hidrogeno karbono untsa neurturik
Ta gatza eman bainan ez soberakinik
Lagunek lagunentzat badute axola
Mahastoi itzuli da denak kontent hola
Ondoko askarian jakinen da nola
Berriz azkartu zakon bere orkatila!