Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Maiatzaren 23a
Zirkua - Apirileko heriotzak - Herri Urrats-i begirada - Mendi bizikleta eta oinezkoen ibilaldia - Amen besta - Ortzadarraren erakusketa - Errugbia
Zirkua igandean
Larreko salan, maiatzaren 26an (17:00), Playground ikusgarriarekin haur eta helduek loriatzeko parada ukanen dute. Hemen ikusleak aktore bilakatzen dira, hauek atxikiko dutenean txinatar masta, hunen gainean sekulako figurak eginen ditu Miguel artistak. Nazioarteko hainbat sari jaso ditu eta abilki nahasten ditu masta txinatarra, dantza, mimoa eta umorea. Erreserbak www.kultura-paysbasque.fr edo 06-35-16-25-91, baita lekuan bertan, prezio betea 10€, murriztua 6€, 12 urtez pekoek 4€.
Apirileko heriotzak
Ofizialki sortzerik ez zauku seinalatua izan, horra beraz heriotzak: Tron Noel83 urte, CanotFrédéric 62 urte eta Endara Michel 45 urterekin. Dolumin bizienak senide eta adiskide guzieri.
Herri Urrats-i begirada
Ez dakigu gehiago nola kalifikatu urtero bizi dugun egun xoragarri hori, erran ginezake mundiala. Eguraldia goizarekin kili-kolo zabiltzan, zirimiri edo lantxurda nagusi, aldiz joanago eta hobeto arratsaldera buruz. Jendetza bildu da, gaitzeko giroan, musika, dantza, kanta, janari eta edari xoko guzietan, betiko Herri Urratsen irudi ederra. Haurrak, gazteak, helduak denak irrifarrez, zinez loriatzeko eguna. Eskerrak antolatzaile guzieri, holaka inplikazioagatik, keinu berezia senpertar laborarieri, urtez urte beren landak uzten dituztelako autoen aparkatzeko. Bihotz ona erakustea baita zinez estimagarria. Orain datorren urteko ekitaldiari itzuliak gira, aurtengo Ortzadarra zerk ordezkatuko ote duen?
Mendi bizikleta eta oinezkoen ibilaldia
Zaldubi ikastolak antolatzen du ohikoa den ibilaldia, igandean maiatzaren 26an (8:00), kirol zelaian abiatzea. Bi ibilbide badira mendiko bizikletendako 20 eta 30 km, oinezkoendako aldiz 8 eta 15 km proposatuak dira. Senperek dituen toki xoragarrietan gaindi ibiltzeko aukera duzue eta neke guzien ahanzteko, ondotik bazkari bikaina. Axoa fritekin, gasna, euskal bixkotxa, kafea eta ondokoa 15€.
Mediatekan irakurketak ostiralean
Irakurtzea maite duten guziak elkartzera gomit dira, maiatzaren 24an (19:30), Mediatekan. Eleberri, liburu dokumental, komiki liburuetako testuak irakurriak izanen dira, bakoitzak aurkeztu edo aipa litzake bere irakurketak. Parte-hartzaileetan, idazle, argitaletxe eta abar, literatura mundua ongi nabaritua izanen da. Bururatzean, janari-hotza kitorik, parte-hartzaile guzieri eskainia.
Amen besta kari
Herriko Etxeak gomitatzen ditu herritarrak aperitifa batetara, eliza gibeleko parkean, larunbatean, maiatzaren 25ean (11:30). Besta hortan, ama guzieri arrosa bat eskainia izanen da, ez huts egin.
Ortzadarraren erakusketa Larrekon
Pinturen eta eskulturen erakusketa maiatzaren 27tik ekainaren 1era iraganen da, Ortzadarra elkartearen ekimenez. Astelehenetik ostiralerat, zabalik diren orenak (9:00-12:30 eta 13:30-19:00), larunbat arratsaldean (15:00-19:00).
Errugbian hozka bat gehiago
Nork atxik gure puttikoak, Frantziako final-16renean garaitu dituzte Auteriveko jokolariak, 38/17, Vic de Bigorreko kirol zelaian. Heldu den igandean (26an), final-8rena iraganen da, Soustons-eko kirol zelaian, Tartas-en kontra. Astez aste berri onak ditugu, bide onetik badabiltza, bertzekoan ere ez amore eman!