Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Maiatzaren 23a
Urruña-Sulzbach am Main 45 urte birazkaturik - Etxebizitza sozialen eskasia - Zokoako bestak - Emazte bizkaitarra anaiaren xerka - Solairu tailerraren erakusketa - Mutxikoak - Naturaren besta - Bigarren Animatloia - Pilota
Urruña-Sulzbach am Main 45 urte birazkaturik
Urruñako herria 1979 urtetik Bavierako Sulzbach am Main herriarekin birazkatua da, eta aurten 45 urte betetzen dituzte birazkatze horretan. Horren kari ospakizun berezia izanen da herrian. 80 bavariar etorriko dira ordezkari gisa, eta bizpahiru egun pasatuko dituzte gure artean. Birazkatzearen egun handia hilaren 26a izanen da, igandearekin. Goizean aperitifa izanen da herriko plazan, Kuxkuxtuk animaturik, horren ondotik senidetasun bazkaria izanen da Zokoa auzoko kiroldegian. Hor ere Kuxkuxtu txaranga izanen da animatzaile. Aurten, Bixintxo Bestetan, Urruña Gipuzkoako Segura herriarekin birazkatuko da eta parada polita ukanen dugu hiru herrien arteko adiskidetasuna eta ezagutza pizteko.
Etxebizitza sozialen eskasia
Herriko etxebizitza sozialen eskasia geldiarazteko, Filipe Aramendi jaun auzapezak gizarte nahasketarako hitzarmena izenpetu du Estatuko zerbitzuekin, elkargoekin eta etxebizitza eragileekin interkonexio bat ahalbidetzeko. Maiatzaren 2an, ostegunarekin, izenpetua izan zen hitzarmenak elkargoak eta Estatuko ordezkariak eskuz esku lan egitera behartzen ditu, etxebizitza sozialen eraikitzeko xedeak bete ahal izateko, 200 bat, 2024tik 2026ra hirurtekoan. Auzapezak baikorra izan nahi badu ere, “hiru urte hauetan 200 etxebizitza sozialen xedea osoki ez betetzea” aurreikusten du. Gaineratu duenez, “Estatuaren engaiamendua da zenbaki hutsei ez lotzea, baizik eta operazioen egoerari eustea. Betebeharrak betetzeko engaiamendua hartzen da". Urruñak %12,6 etxebizitza sozial ditu eta urtero 300.000 euroko zigorra ordaindu behar du. Etxebizitza sozialen %25era heltzeko, 610 etxebizitza sortu beharko lituzke.
Zokoako bestak
Hilaren 24tik 26ra bestak izanen dira Zokoa auzoan. Hilaren 25ean, larunbatarekin, animazioa txosnetan Kuxkuxtu txarangarekin (18:00-22:00), dantza ikusgarria (19:30), mutxikoak Punpeka taldearekin (19:30), DJ musika gaua(22:00etatik goiti).
Emazte bizkaitarra anaiaren xerka
Maria Escribano izeneko emazte bizkaitarrak berriki jakin du Urruñan anaia ezezaguna duela. Uste du 40-50 urte artekoa dela. Berarekin harremanetan sartu nahiko luke. Informazioa baduzu, dei ezazu telefono honetara: 07-68-13-17-49. Milesker aitzinetik.
Solairu tailerraren erakusketa
Maiatzaren 24tik ekainaren 9ra zabalik izanen da Posta gelan, Solairu tailerrak antolatu margo erakusketa.
Mutxikoak plazan.
Hilaren 26an, igandean, mutxiko saioa izanen da herriko plazan Kiki Bordatxo eta bere taldearekin (11:00-12:00).
Naturaren besta
Hilaren 25ean, larunbatarekin, Erlaitzeko Ekologia Taldeak antolaturik, Naturaren Besta deitu ekitaldia izanen da Laburrenian, Etzan-Bordako bidean duten egoitzan. Vincent Albouyk azalpenak emanen ditu (9:30-12:00).
Bigarren Animatloia
Urruñako kirol zerbitzuak Animatloiaren 2. edizioa antolatu du ekainaren 2rako, igandearekin. Gertakariak 3 kirol arlo biltzen ditu bere baitan: igeriketa, txirrindularitza eta korrika. Bakoitzak bere mugak gainditzea, norberak bere buruari konfiantza egitea eta ongi pasatzea dira, 6-13 urte bitarteko gaztetxoei zuzendu gertakari honen helburuak. Izena eman daiteke jadanik kirol zerbitzuan edo Herriko Etxearen webgunean, baita telefono honetara deituz ere: 06-18-77-72-54. Prezioa: bi euro partaide bakoitzeko.
Pilotari urruñarren emaitzak
Garaziko Astelehena izeneko pilota jardunaldiaren kari, maiatzaren 13an, Garatenea trinketean jokatu zuten bigarren partidan, honako emaitzak erdietsi zituzten: Bixente Bideondo urruñarra eta A. Dufau 40 - Darmendrail eta Lazkano 28.
Adindunendako ekitaldiak
Hilaren 23an, ostegunarekin, bisita Irungo Plaiaundi parkera eta bazkari partekatua. Abiatzea Posta gelatik (11:00). Mahai jokoak Posta gelan (14:00). Hilaren 24an, ostiralarekin, ongizate formakuntza Jeanne Senper gelan (10:00-11:30). Hilaren 27an, astelehenarekin, ibilaldia Pausu auzoan barna. Osora: 3 km. Abiatzea Posta gelan (12:00). Hilaren 28an, asteartearekin, sukaldaritza saioa eta bazkari partekatua Posta gelatik (10:00). Loto ttikia (14:00). Hilaren 29an, asteazkenarekin, ateraldia batelaz. Bi oren. 17 euro + bazkaria jatetxean. Abiatzea: (8:30). Hilaren 30ean, ostegunarekin, bide prebentzioa (10:30). Mahai jokoak (14:00). Hilaren 31n, ostiralarekin, trikota, joste lanak eta origamia (10:00).
Izena emateko: 07-64-62-55-14 edo 05-59-47-95-08.