Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Maiatzaren 23a

Istripu - Purgu Xopolo eta Hiribehere Sokorrondo auzo batzordeak - Heraitzeko bestak - Etxe loreztatuen lehiaketa - Suhiltzaileen gaualdia

Istripu%20-%20Purgu%20Xopolo%20eta%20Hiribehere%20Sokorrondo%20auzo%20batzordeak%20-%20Heraitzeko%20bestak%20-%20Etxe%20loreztatuen%20lehiaketa%20-%20Suhiltzaileen%20gaualdia

Istripu

Joan den asteartean suhiltzaileak deituak izan dira Hegalaldia zentroan gertatu karbono intoxikazio batentzat. Dirudienez galdara edo berogailu baten eragozpenagatik gertatu da. Dozena bat lagun kanpora atera dituzte buruko minekin. Hiru lagun ospitaleratu izan badira ere, ondotik jakin da ez dutela deus ondorio txarrik. Denentzat hobe.

Purgu Xopolo auzo batzordea

Joan den astearte arratsean iragan da auzo batzorde horren biltzarra Gaztelondoan, Christelle Larrieu hautetsi erreferenteak eta Odile Etcheverry lehendakariak kudeaturik, hamasei parte hartzailerekin. Bideko argi zonbait konponduak izan dira. Bazter karrika eta Jauregia bideak aipatuz hautetsiak jakinarazi du horietara eta Super U saltegira sartzeko, borobilgunearen obrak departamenduak irailean hasiko dituela. Herriak duen Haize Berria etxea emeki aitzina doa, saltegi eta lantoki izanen dira eraikuntza hortan. Eliza Hegiko hilerrietan komuna batzuen falta azpimarratua izan da. Gaztelua (lehengo Herriko Etxea) luzaz aipatu da. Hautetsiak errepikatu du ez dela herriaren lehentasuna, batzordeak erabaki du Frantzian ondareaz arduratzen den Stéphane Bern jaunari dei egitea, dosier bat osatzea aztertuz gaztelu horren kasua eta berritzeko diru laguntzak nola erdietsi jakitea. Beste gaietan ere ziren: bide batzuetan zilo tapatzeak, seinaletika faltak autoen abiadurak mugatzeko, txirrindulari eta oinezkoeri buruz antolaketa lanak, Purguko gurutze plaza, hondarkin biltze eta beste.... Hurrengo biltzarra uztail hastapenean finkatua da.

Hiribehere Sokorrondo auzo batzordea

Joan den ortzegunean auzo batzorde hunen aldi zen bere biltzarra egiteko, Gaztelondoan, Nicole Mouesca hautetsi eta Katia Drieux lehendakariak animaturik 25 parte hartzailerekin. Oraingoan ere Sokorrondo ongi ordezkatua zen. Iduri luke tokikoen arabera, xoko hori Herriko Etxeak ahanzten duela. Alde hortan denek ez dute Internet sarea ukaiten eta bideak ez dira estatu onean. Hautetsiak segurtatu du Salesenborda bidea aurten berritua izanen dela. Salatu dute Orange operadorearen lazakeria Internet sarearen eta telefono harien egoerak ikusiz. Hiribehereko karrikan bigarren partearen obrak agorril edo irailean hasiko dira Leihorrondo bide juntaraino. Bide huntan ere auto kamioien abiadurak dira handizki salatuak. Beste gaietan aipatu dira: Errepiragaraia aintziraren mantenu lanak, haurren jostatzeko xoko baten antolaketa Lotan edo Guadalupen, Bizkondeen karrikako argiak, Eliza-Hegitik eskoletaraino xendra bide baten sortzea, Errobi bazterreko zirga bidearen egoera (hau ez da herriaren gain) eta merkatua. Denek nahiago lukete merkatuan gehiago saltzaile denetarik izan dadin, saltzaile batzu baldin badira fidelak, beste batzuk ez dute atxikitzen gutiegi saltzen dutelako. Betiko leloa. Azken gaia izan da Mediateka berria. Purgu eta Hiribehere bi auzo batzordeek elgarrekin biltzar bat galdegin dute auzapezari, galdera asko daitezkeela zalantzan. Hurrengo biltzarra ez da finkatu.

Heraitzeko bestak

Asteburu huntan izanen dira Heraitzeko bestak. Egitaraua: ortziralea 24: (19:30) plazan zikiro jatea. Izenak emanik hobe telefono hauetarik bati 06-36-49-92-14 edo 06-48-14-55-20. Prezioa 22 euro. Katxi soinu taldeak animaturik. Larunbata 25: (9:00) Christian Sistiague gogoan petanka lehiaketa “Lagunekin” elkarteak antolaturik. Parte hartzeko izenak aitzinetik eman telefono huntara 06-80-44-66-37. Prezioa 5 euro. Jan edanak tokian berean segurtatuak izanen dira; (15:00) haurren eguna, arratsaldekoa eskainia izanen zaie Heraitze Koop-ek eginik; (18:30) mutxikoak Erdizka taldearekin; kontzertuak segidan: Ixtaklok, Guda Dantza eta Xiberoots taldeak. Gauerdiko dantzaldia DJ Doyrekin. Igandea 26: (10:30) meza nagusia Santa Katalina kaperan; (12:00) danborrada Ur Begirekin; (12:30) zintzur bustitze besta komiteak eskainirik; pintxo salmenta eta bazkaria (8 eurotan) Heraitze Koop elkarteak antolaturik, beraren faboretan; Ipar Soinuk animaturik (16:00) kantaldia kaperan Lea eta Anouchka; (18:30) kantu animazioa Josteta koralarekin. Iragan ditela anaitasunean, elgarren errespetuan eta agian aro ona lagun. Besta on deneri.

Etxe loreztatuen lehiaketa

Herriko Etxeak, urtero bezala, antolatzen du etxe loreztatuen lehiaketa, deneri idekia dena. Parte hartzeko izenak Herriko Etxeko idazkaritzan eman behar dira ekainaren 22a aitzin. Telefonoz ere egin daiteke 05-59-93-00-44.

Suhiltzaileen gaualdia

Uztaritzeko suhiltzaileek beren besta eguna antolatzen dute, ekainaren lehenean, kasernan berean. Izanen da arratsaldean zehar ate idekitzea bisitekin eta arratsean kontzertu eta dantzaldi. Egitarau zehatzagoa heldu den astean

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3749. zbk

Gure Hitza | 2024/05/23

Zuziaren trosta

Peio Jorajuria

Uztail hondarrean baizik ez dira hasiko Parisko Olinpiar Jokoak, baina haien inguruko sukarra jadanik azkarki hedatzen ari da, zuzia dela medio. Hauxe argi dezagun haatik lehenik, eskutik eskura garraiatzen den sugarra tortxa edo zuzi olinpikoa deitzen da (flambeau), aldiz jokoen denboran tokian berean egonen denari su olinpikoa erraten zaio (flamme). Zuziak Greziatik egin du bide Mediterraneoan barna Marseillaraino, Belem belaontzian, Baionako portuan denboran ikusteko zortea ukan dugun ontzi miresgarrian. Eta geroztik frantses lurraldean barna badabil, toki harrigarri batzuetatik pasatuz, hala nola Bigorrako Pic du Midiren kaskotik eta Lascaux-ko leizeetatik.

Ipar Euskal Herritik ere iragan da Mendekoste astelehenez, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona eta Hazparnetik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro xahutuz horretarako. Aldi berean, Herri Urratsez depart...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016