Ba ote dakixu? | 2024ko Maiatzaren 23a

D-Day, Normandiako lehorreratzea (1/6)

Gilen Bacho

D-Day_%20Normandiako%20lehorreratzea%20(1/6)

Duela 80 urte, 1944ko ekainaren 6an, goiztirian, 73.000 britainiar, 59.000 amerikar, 21.000 kanadar eta ere 177 frantses Normandiako lurretan lehorreratu ziren, etsaiaren suaren pean, Frantzia eta Europa mendebaldea libratzeko.

Germany First

Aspaldidanik pentsatzen zuten amerikanoek interbentzio militar baten piztea Europako ipar-mendebaldean baina britainiarrek ez zuten ber ikusmoldea partekatzen. Egia da ere ez zituztela ber ahalak. 1943ko irailean, inperioa ukanik ere, britainiarrek 3 milioi gizon baino gutiago bazituzten, mintegi ez hain handi batekin, erresumak bakarrik 48 milioi biztanle baitzituen, Alemanian, Estatu Batuetan eta Sobietar Batasunean baino anitzez gutiago. Orduan, Erresuma Batuak bere ahalen araberako politika eraman zuen eta bere azken urteko estrategiaren segitzea nahiago zuen:Royal Navy-ren itsasontziek Alemaniaren blokeoa eginez, Royal Air Force-ren bonba hegazkinek Alemaniako toki estrategikoak bonbardatuz eta interbentzio militarrak bigarren mailako frontetan eramanez, Ipar Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Italian, etsaiari jazarka aritzeko, alemaniar eta italiar indarrak nekatzeko, ofentsiba nagusia eraman aitzin. Estatu Batuentzat, alderantziz, etsai nagusia, Alemania, garaitu behar zen, pentsatuz haren aliatuek ez zutela gerla luzaz segitzen ahalko Alemaniaren galtzearen ondotik. Horretako, “Germany First” estrategia hautatu zuten, Alemania aitzinetik atakatuz, non bere indar azkarrenak zituen, Europako ipar-mendebaldean. Sobietar Batasunak ere, Europan gerlaren pisu osoa bakarrik jasaiten zuenak 1943a arte, bigarren fronte baten irekitzea eskatzen zuen (jada, 1942ko maiatzean eskatu zuen).

Overlord

1943ko maiatzean, Trident konferentzian, Washingtonen, aliatuak adostu ziren Frantzian lehorreratzearen alde, data trenkatuz, 1944ko maiatzaren lehena, eta operazioaren izena hautatuz, Overlord (“Nagusi”). Agorrilean, Quadrant konferentzian, Quebec-en, data konfirmatua izan zen, amerikar manamendua hautatua izan zen eta Probentzan lehorreratze gehigarri baten egitea erabakia izan zen. Baina, 1943ko udan, konkretuki, ez zen gauza handirik. Overlord operazioaren buruzagia ez zen hautatua, plana ez zen pentsatua. Sustut, ofizialki erran gabe ere, britainiarrek ez zuten operazioa argiki sostengatzen. Lehentasuna Italiako fronteari ematen zuten eta aliatuen indar anitz Mediterraneoko operazioen gertalekura ekartzea lortu zuten. 1943ko abenduan, 600.000 soldadu amerikar Italian ziren eta kasik ez gehiago Erresuma Batuan (700.000) Overlord operazioa prestatzeko. Italiako fronteak aliatuen baliabide anitz hartzen zituen eta horrek Overlord operazioaren bizkortasuna dudan ezartzen zuen. Baina, 1943ko urte bukaeran, plan estrategiko mailan, egoera sakonki aldatu zen. Italiako kanpaina lohian sartu zen, britainiarrak egoera zail batean utziz. Alderantziz, Sobietarrak, Stalingraden ondotik, alemaniarrak orain Koursken desegin zituzten. Sobietarrak nagusitasuna ematen zuen egoera batean ziren eta, gainera, Roosevelt amerikar presidenteak harreman hertsiak garatu nahi zituen Sobietar Batasunarekin, gerlarentzat baina ere geroarentzat. Alderantziz, britainiarrak egoera ahul batean zirela ematen zuen eta ezin zuten gehiago Overlord operazioa berantarazi. Teherango konferentzian, 1943ko azaroaren bukaeran, Stalin harriturik zegoen Overlord operazioaren buruzagia ez zelakoz oraino izendatua izan eta Churchill-i bortizki galdegin zion: “Operazio horri egiazki sinesten duzu?” Churchill-ek ezin izan zuen gibelera egin. Overlord operazioa osoki sostengatzen zuela ihardetsi zion. Onartu zuen operazioaren buruzagia izendatzea eta data definitiboa finkatzea. 1943a bukatzen zelarik, segur zen, heldu den uda aitzin, aliatuak Frantziako lurretan lehorreratuko zirela.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3749. zbk

Gure Hitza | 2024/05/23

Zuziaren trosta

Peio Jorajuria

Uztail hondarrean baizik ez dira hasiko Parisko Olinpiar Jokoak, baina haien inguruko sukarra jadanik azkarki hedatzen ari da, zuzia dela medio. Hauxe argi dezagun haatik lehenik, eskutik eskura garraiatzen den sugarra tortxa edo zuzi olinpikoa deitzen da (flambeau), aldiz jokoen denboran tokian berean egonen denari su olinpikoa erraten zaio (flamme). Zuziak Greziatik egin du bide Mediterraneoan barna Marseillaraino, Belem belaontzian, Baionako portuan denboran ikusteko zortea ukan dugun ontzi miresgarrian. Eta geroztik frantses lurraldean barna badabil, toki harrigarri batzuetatik pasatuz, hala nola Bigorrako Pic du Midiren kaskotik eta Lascaux-ko leizeetatik.

Ipar Euskal Herritik ere iragan da Mendekoste astelehenez, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona eta Hazparnetik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro xahutuz horretarako. Aldi berean, Herri Urratsez depart...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016