Euskal diaspora | 2024ko Maiatzaren 23a
Estatu Batuetako 2024ko euskal besta nagusia asteburuan Bakersfielden
Joseba Etxarri
Argazki-oina:
Asteburu huntako euskal hitzorduetako Bakersfieldeko afixak, Pierre Igoa diseinatzaile
BAKERSFIELD, KALIFORNIA. Prest da guzia Kaliforniako Bakersfielden Estatu Batuetako hainbat tokitako euskal komunitateetako eta Euskal Herriko eta Diasporako lagun eta bisitari andana biltzeko asteburu luze huntan (astelehena ez da lan-eguna AEBn, 'Memorial Day', gerletan hildako Armadako kideen oroitzeko eguna) eta hiriko Euskal Etxeak, 'Kern County Basque Club' (KCBC) delakoak, sortu zela 80 urte ospatuko ditu eta ber denboran bere Euskal Bestak ere, 50 urte. Karia hortara, 10 urte guziz egiten duten bezala, NABOk huna bilduko du urteko Biltzar Nagusia, aurten maiatzaren 24, 25 eta 26ra ekarriz, eta beraz "2024ko NABO Convention eta tokiko Euskal Besta" Bakersfielden deiturik.
BIZI EMANKORRA. Asteburukoa 2024ko Euskal Besta handiena izanen da Estatu Batuetan, eta NABOko kide diren euskal etxe eta elkarteek heien ordezkariak igorriko dituzte ortziralean Wool Growers euskal ostatuan goizeko 8etarik goiti eginen den bilkura nagusira. Ortziralean ere, NABOk aurtengo Bizi Emankorra sariak banatuko ditu, eta heien bizi osoko lan eta kontribuzioa eskertuko die Steve Bass, Jenny (Maitia) Poncetta, Marianne Laxague, Joxe Recondo, Lourdes Iturriria eta Mayi Berterretche Petracek-i. Ortzegunean berean, Esti Markez kantariak eta bere taldeak kantatuko dute, guzia CSUB unibertsitateko kanpuseko Dore Theatre antzokian, Unibertsitateko Euskal Ikasketa Programa eta KCBC Euskal Etxea antolatzaile.
KOMITATUAK. Asteburuak Euskal Herriko eta Diasporako komitatu bereziak ukanen ditu, eta Europatik bidaiatuko dira, koparazio, kirol arloan, lau pilotari: Arkaitz Gabirondo, Arkaitz Eskuza, Ander Murua, eta Ander Etxaniz, Euskal Etxeko kantxan jokatzeko. Musikari eta artistak: arestian aipatu Esti Markez kantariak eta bere taldeak hiru emanaldi eskainiko dituzte; eta dantzatzeko musika Luhartz talde bizkaitarrekoek joko dute. Ordezkaritza ofiziala ere izanen da, Eusko Jaurlaritzakoa, partaide direla Gorka Alvarez Aranburu, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria; eta bere bulegoko Benan Oregi teknikaria, baita ere Euskadiren AEBko ordezkaria, New Yorketik heldua, Unai Telleria, eta Nerea Arrieta bere bulegoko teknikaria. Euskal Herritik ere, Pedro J. Oiarzabal historialari eta ikertzailea, Bigarren Mundu Gerlan hil ziren Euskal Beteranoen Monumentuaren proiektuaz mintzatzeko. Eta azkenik, Argentinatik, FEVA edo Argentinako euskal etxeen federazioko delegatuak: elkarteko lehendakari Asier Iriberri, egungo lehendakariorde eta apiril arteko lehendakari Arantxa Anitua, eta diruzain eta azaroan FEVAren 2024ko Euskal Astea antolatuko duen Bahia Blancako Euskal Etxeko lehendakari Iñaki Ederra. Ez ahantzi iaz NABOko lehendakari Jean Flesher izan zela komitatua FEVAren Biltzarrera Necochean.
HAINBAT EKITALDI. Asteburuak programa betea eskainiko du. Bakersfieldeko eta Estatu Batu osoko euskal dantza taldeek emanaldiak eskainiko dituzte. Programak Mus Txapelketa bilduko du, NABO Pilota finalak eta EHko pilotarien partidak, bazkari eta afariak (han berean eta Bakersfieldeko euskal jatetxeetan), Euskal Pastiza Txapelketa, Txerriki Besta (tripota, lukainka eta txorizo txapelketak), euskal meza, klikak eta koralak. Eta astelehenean Wool Growers ostatuko (aurten nagusi berriarekin, duela pare bat hilabete, San Frantziskoko Gure Euskal Etxetik jinik, ostatua bereganatua duen Frantxua Camus kaliforniar euskaldun ezagutuarekin) 'brunch' edo arrabesta, euskal molde xaharrean, eta jateko-edatekoa, musika, kantua eta giro paregabea lagun. Besta on, Bakersfield!