Jainkoa bizia jendea | 2024ko Maiatzaren 23a

BIKTIMENGANIK IKASI

Peio Ospital

Betharrameko kasuak aktualitatearen lehen mailara berriz ekarri du apezek eta erlijiosoek azken bospasei hamarkadetan egin sexu erasoen gaia. CIASEren txostenak, 2021eko urriaren 5ean argitaratuak, Eliza Katolikoan gertatu makur eta huts guziz larriak argitan eman ditu. Hauek baitezpada zuzendu beharrak dira, barnaki trabatzen baitute ongi funtzionatzeko bere gaitasuna eta bere sinesgarritasuna jokoan jartzen. Lan horietan parte hartu duten ikerlari batzuk ondorioak eta irakaspenak ateratzen segitzen dute zonbait argitalpen (Revue du droit des religions N° 15, 2023ko maiatzekoa, Thomas Boullu eta Guillaume Richard-en lumapean) edo liburutan ("Violences systémiques dans l'Eglise catholique: apprendre des victimes", Laëtitia Atlani-Duault, Christine Lazerges eta Joël Molinario idazleen eskutik, Lefebvre Dalloz argitaletxean). Dokumentu horietan oinarritzen naiz ondoko lerroak idazteko.

Aipatzekoa da, CIASEren txostena baino lehen, alerta arras inperfektuak eta osatugabeak, baina jadanik argiak, agertu zirela 1950eko hamarkadan berean, "Le Secours sacerdotal" izeneko erakundearen baitan, hunen ardura zelarik "lanbroan" edo "desbideratuak" ziren apezak artatzea, hala nola elizbarruti batzuetan agertu ziren klinika psikiatrikoetan, Baionakoan adibidez. Artxiboek agerian uzten dute biktimak guziz bazter utziak zirela prozedura horietan, kasik esklusiboki apezetaz arduratzen zirelarik, kastitateari laido egiteaz hobendun izanik.

1990eko hamarkadan frantses gizartean sortu zen kontzientzia zabalagoaren ondorioz, "zero tolerantziaren" printzipioa ezarri zen Hezkuntza Nazionalean 1998an eta Elizan 2000. urtean. Ondotik, faktore erabakigarria izanen da biktimen eta haien elkarteen garrasi-deia, eraso horiek jasan dituzten pertsonen mina eta gaitzidura plaza publikora eraman baitituzte, komunikabideen laguntzarekin. CIASEren txostenak sexu erasoeri bide eman duten mekanismoak agerrarazten ditu, hala nola:

heldu batek haur baten gain duen autoritatearen perbertsioa, biktimari gaina hartzea eta bera gakotzea, isiltasunera behartzea eta hobenduntasuna alderantzikatzea, apezaren edo erlijiosoaren figuraren gainaldatzea eta heroisatzea, berari sekulako boterea emanez, jatorri teologiko eta instituzional bikoitza duen apezaren gehiegizko sakralizazioa (apeza = beste Kristoa), penitentzia-sakramentuaren perbertsioa edo desbideratzea, kofesioa aldi berean giltzarrapo eta isiltasun-arma gisa baliatuz, barkamenaren eta obeditzearen printzipioaren desitxuratzea, Idatzi Sainduen irakurketa bihurria, hautapenaren hiztegi biblikoa erabiltzea, argitasun falta osoa jende edo komunitate batzuek aldarrikatzen dituzten karismeneri begira, Elizaren morala sexualaren akats edo huts harrigarriak, sistema hetsi batean gakoturiko gobernantza bakartiegia, autoritarioa, piramidala, sekretua, eta gainera, instituzioaren gerizara guziz egokitua; botere harremanen erregulaziorik eza; apezpikua gehiegitan epaile eta parte.

Egiaztapen hondagarri horrek "indarkeria sistemikoaz" hitz egitea ekarri du. Termino horiek ez dute erran nahi erakundeak nahitara eta sistematikoki antolatu duenik eskala handiko sexu-abusuen sistema bat. Erran nahi dute Eliza Katolikoaren funtzionamenduak huts egin duela, eta aldi berean, erasoak egitea ahalbidetu edo bultzatu duela, eta haien tratamendua gutietsi duela. Gisa hortan, heriotzazko obra bat gauzatu da, Eliza katolikoari dagozkion irakaspen eta salbamendu-misioarekin kontraerran osoan.

Hortik dator, Elizarentzat, justizia egiteko obligazioa. Hortarako, CIASEk biktimen indemnizazioa eta burutu makurraren aitortzea ekarriko duen justizia erreparatzaile eta berriztatzaile baten aldeko dispositibo bat ezartzea gomendatzen du; bestalde, prozedura judizialak erreformatzera deitzen du ere, Errepublikaren zuzenbideak zuzenbide kanonarekiko duen lehentasuna aitortuz. Hori izango da nere ondoko artikuluaren gaia.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3749. zbk

Gure Hitza | 2024/05/23

Zuziaren trosta

Peio Jorajuria

Uztail hondarrean baizik ez dira hasiko Parisko Olinpiar Jokoak, baina haien inguruko sukarra jadanik azkarki hedatzen ari da, zuzia dela medio. Hauxe argi dezagun haatik lehenik, eskutik eskura garraiatzen den sugarra tortxa edo zuzi olinpikoa deitzen da (flambeau), aldiz jokoen denboran tokian berean egonen denari su olinpikoa erraten zaio (flamme). Zuziak Greziatik egin du bide Mediterraneoan barna Marseillaraino, Belem belaontzian, Baionako portuan denboran ikusteko zortea ukan dugun ontzi miresgarrian. Eta geroztik frantses lurraldean barna badabil, toki harrigarri batzuetatik pasatuz, hala nola Bigorrako Pic du Midiren kaskotik eta Lascaux-ko leizeetatik.

Ipar Euskal Herritik ere iragan da Mendekoste astelehenez, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona eta Hazparnetik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro xahutuz horretarako. Aldi berean, Herri Urratsez depart...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016