Mundu zabalean | 2024ko Maiatzaren 23a
Everest mendi kaskoa zikin-ontzia!
M.O.
Oxigeno botila herdoilduak, oihal-etxeak bertan utziak, jendeen sabel uzkin hondakinak… eta plastikozko ehunka zikin, horra zer atzemaiten den Everest mendi kaskoan. Ez gaude aire zabaleko hondarkin batean, Everesteko hegaletan baizik, munduko mendirik gorenean.
Irudiek samina sortu
Tenzi sherpa gidak, 7.900 metrotan den kanpamendu baten irudiak sare sozialetan publikatu ditu, gunea hondarkinez emokatua ikusten dela. Mezu hori anitz partekatua izan da, mundu guzian samindura sortu du. Alta badu urteak alpinistek Everest mendiaren ingurumen egoeraren berri emaiten dutela.
Nepaleko gailurretan hainbeste zikin baldin bada, kaskora heltzeko logistika handia eskatzen duelako da. Ehunka pertsonek soka, pikotxa, kranpoiak, lo-zaku, oihal-etxe eta sukaldeko materialak behar dituzte.
Aurten lehen aldiz, mendizaleek gorotz poltsak eraman beharko dituzte, betebeharra ezinbestekoa bihurtua baita. Mingma sherpak zioen "Gure mendiak usaintzen hasiak dira. Kexak jasotzen ditugu giza hezeak harroketan ikusten direlako. Hori ez da onargarria eta gure irudia zikintzen du”. Azken urteotan, horma anitz urtu dira eta giza gorotzak azaleratu dira, bertako herritarrentzat osasun arazoak sortzen ahal ditu, edateko eta sukaldatzeko elurra urtu behar da.
Aberatsen ibilaldi berria
Mendebaldeko eta Asiako aberatsek 60.000 eta 120.000 euro artean ordaintzen dute munduko gailurrera heltzeko, selfie argazki bat hartzeko eta gero berriz jausteko, beren puskak han berean utziz.
Bezero aberatsek, beti aisetasun gehiago galdetzen dute, helikopteroz bakarrik joan daiteke.
Gaur egun, 5.364 metrora den kanpaleku nagusiko instalazioek luxuzko “lodges” eite handia dute, garai batean mendizaleen oihal-etxe zaharrak zirenean. Aire girotua, ohe handiak, manta elektrikoa, spa, barazki freskoak dituzten platerak... deus ez da eskas!
Khumbu eskualdean den Lukla herria da azken aireportua duena, kanpalekuaren artean errepiderik ez dagoenez, aberats horientzat bide aldapatsuetan zehar material guzia gizonen bizkarrean ekarria da, baina baita airez, helikopteroen errotazioen bidez.
“Orain eredu industrial batean gaude” azaldu du François Carrel kazetari eta Himalaya businessliburuaren idazleak. “Everest eskalatzera datorren edozeinek zerbitzu bat erosten du. 8.000 metrotan apairua zerbitzatua du. Ez zaio axola janaria nola etorria den, ez eta hondarkinekin zer egiten den. Zerbitzu turistikoa dute horrela pagatzen, bezeroen ustez kezka logistikoak ez dira haien arazoak”.
Sherpen lan baliosa
Sasoi bakoitzaren hastapenean, sherpa taldeek, “icefall doctors” deituak (izotz-jauziko medikuak),
bidea segurtatzeko, ibiltariek Khumbu glaziarraren arrokarte arriskutsuak zeharkatzeko, zubiak eta soka finkoak pausatzen dituzte. Sherpek ingurune menditsuarekin kultura aberatsa dute, gehienak budistak dira. Sherpek goi-mendian egin lanagatik nazioarteko onarpena dute, goi-mendian, turismoan eta abentura kirolen alorrean egin lanagatik. Klima aldaketak eta eguraldi asaldurek eragiten diete, laguntza beharko dute aldaketetara egokitzeko eta beren kultura eta ingurunea babesteko.
Sherpek mendizaleek utzi materiala errekuperatzen dute, bigarren eskuko puskak berreskuratuz ekipatzen dira, batez ere oxigeno botilak berriz berek erabiltzeko gisan edo saltzeko.
Sherpen geroa
Sherpa, Khumbu ibarreko populazio etnikoa da, genetikoki erresistentzia handia du, altuerari aurre egiteko gaitasun handiarekin. Egiten duten lana biziki lanjerosa da, elur elauso, harri-jausiak edo izotz bloke handiak buru gainean biltzeko arriskuan dira, tarteka hilak badira. Beren lan-baldintzak hain dira gogorrak, nun batzuk uste duten lanbideak ez dituela nepaldar gazteak erakarriko. Phurba Wangcchu sherpa gidak azaldu duenez, beste hauturik ez izanez lanbide horretan ari da, eskolara joan ez zelako. Bere haurrek lanbide hori har dezaten errefusatzen du, bere iduriko hemendik eta 10 urtera ez da gehiago sherparik izanen. Anartean, agintariek sherpen lan baldintzak hobetuko dituztela eta mendi kaskora igaitea arautzeko ahal duten guzia eginen dutela agindu dute.
Ibiltzeko arauak
Nepalen estatuko ordezkariek eta kontroletako langileek, neurriak ez badira aplikatuak, begiak hesten ahal dituzte. Beste arau berria aplikatzeko zaila izanen da, espedizio bakoitzean hil diren pertsonen gorpuak jautsi beharko dituztelako. Gaur egun, Everesten 200 gorpu inguru daude, Nepaleko armadak joan den apirilean espedizio bat antolatu zuen, horietako bost ekartzeko.
1993an 17 tona hondakin bazela errana da, hamar urte berantago, 2003an, 16 tona material utziak izan ziren, gaur egun 35 tonetan da. Egoera ez da hobetuz joanen, mendizaleen kopurua emendatzen ari baita, 2023an 478 baimen emanak izan dira, 2010ean 200 zirelarik.
Ekonomia aldetik, Nepaleko gobernamenduak jaz 5 milioi dolar errekuperatu ditu. Ustekabeko finantza-irabazia, populazioaren laurdena pobrezia maila azpitik bizi den herrialde batean. Sektoreko zenbait eragilek eskatu kuoten aplikazioa ez da aktualitatean, herrialdearen garapen ekonomikoa arriskuan jarria litzatekeelako.