Orotarik | 2024ko Maiatzaren 23a

Kukumarro: Naza gaindituko da!

Xarles Videgain

Haur batek bere aitamak sinetsi nahi ez dituelarik, hots ezin egona edo hastiala bilakatzen delarik, edo bestalde norbaitek zerbait ez dioelarik jasan, horra zer erraten ohi den haserrealdiaren adierazteko: “Kasu, naza gaindituko da!”. Hobeki erran, haserretu aitzin. Mintzatzeko manera honen errateko paradak ez dira guti!

Baina naza hori zer ote da? Alde batetik, frantsesez mintzatzen delarik, “nasse” badakizu zer den: tranpa bezalako zerbait, arrain harrapatzeko egina. Berez ez da xutik egoten, sareaz egina baita gehienetan, ez baldin bada zumez edo mihimenez. Haren ahoa ilunabarrean uraren joairaren kontra emanez erreka batean, han sartzen da amuarrain, xarbo edo aingira. Barnean sartuz geroztik, arrainak ez du eskapatzerik. Haatik haren altxatzeko ez da sobera harro izan behar ez baldin bada zilegi tranpa hori ezartzea. Casaubon izeneko oihanzainak Oztibarreko Babatzeko errekan ene Attitti tresna hori altxatzen harrapatu zuela badakigu, familiako barne-historiari esker.

Baina bestalde, tresna hori ez da “naza” deitzen euskaraz; Iparraldean beti “perttola” deitzen da, Hegoaldean nonbait “butrino”, segur aski buitrearen jokoa egiten baitu. Erran gabe doa tresna hori, dena xilo izanki, nekez gainditzen ahal dela.

“Naza gaindituko dela” zergatik erran beraz? Horren konprenitzeko jakin behar da zer den naza bat: naza da eihera aitzinean dagoen ur-bilgia, amorekatik naza hartan bildua den urak indarrik aski izan dezan eihera-harriaren mugiarazteko, artoa, garia edo ogia behar den bezala ehotzeko. Errekatik ura desbideratzen da delako nazan han egon dadin, aski barna. Husten da eihera alhan ari delarik eta arrabetetzen da errekatik ura hartuz nazatik. Izuran baina Arhantsusitik hurbil den Jakotegian deitu eihera ezaguna zen, aski ur zuena bizpahiru etxeri indar elektrikoa emateko, bizpahiru orenez. Duela zonbait urtetako uholdeen denboran hango gizona eramana izan zen itorik. Frantsesez hori “bief” deitzen omen da: omen, ezen Euskal Herrian ez baita batere erabiltzen den hitza.

Nik uste, Eugène Goihenetxe historialari zenak egin lanei esker, ikusten ahal da ur-bilgia (gainditzen ahal dena) naza zergatik deitzen dugun. Erdi Aroan zernahi “perttola” handi bazeuden Aturriko eta bereziki Errobiko hegietan emanik, kolakak, astunak eta izokinak harrapatzeko haietan sartzen baziren, aipatu gabe “baro” deitutako tresna berezia. Horren berri badakigu zeren eta ontzietan eta galupetan ibiltzen ziren marinelak aharran baitziren arrantzaleen kontra erreka trabatzen eta zirga-bidean ere bai poxelu egiten zutelako: auziak noiznahi gertatzen zirela erakutsi digu E. Goihenetxek artxiboko paperetan atzemanik. 1584ko testu batean lekuko batek hauxe dio: “Hain traba handi diren naza horiek non biloa lazten ari zaigun beldurrez haien aipatzearekin!”.

Egia errateko, haurra nintzelarik Pierre Artigou lagunarekin Errobi bazterrean frankotan jolasten egoten ginen, gure aitak Errobin arrantzan ari baitziren, broxeta edo lutxoen menturan, Baionatik ez urrun, zirga-bide bazterrean, laborari etxe baten ondoan. Pierre eta nihaur jostetan ari eta oroitzen gara etxe hartako bizizaleak tuntik ez zekiela erdaraz. Errobi hegi hartan bada “La Nasse” deitu etxea, dudarik gabe han berean perttola handiak hedatzen zirelako behinola. Etxeak han dirau. Ondoan badago oraindikan Borda-nazako bidea deitzen dena eta parean Errobiz haraindian, Miotz jauregia Milafrangako lurretan.

Nasse” horren erranahia urteen poderioz aldatu eta lerratu da. Hastapenean sare berezi baten frantses izena zen soilik “nasse” delakoa. Baina gero sare hori hedatzen zeneko tokiaren izena “naza” bilakatu da euskaraz, hots errekatik hurbil urez betetako eremuarena. Hor ez da gehiago perttolarik baina nazan ere bazen arrainik. Bistan da uholdeak izaten zirelarik, naza, ur-bilgia hori gainditzen ahal zen, desmasiak eta itxesak ekarriz. Haur hastialak ere bazekikeen. Eta badaki.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2024/05/23

SLOW BIZI!

EPELONDO

Badakigu, abiadura, edozein alorretan, txarra dela naturarentzat, lurrarentzat, humanoarentzat. Alta, sistema neo-kapitalistak abiadura are handiagoan bizitzera eta hiltzera behartzen gaitu. Lepo zainak urratzear gabiltza lanean, ausetan, oheetan ere ihalozka, performantzia gaitzak eta urrezko lorpenak eskuratu beharrez. Baina ohartzen gara, ezin helduz, triste eta putzuka paketa frustratuak garela ororen buru. Adibidez, zerbaitetara iristeko agrikultoreak berak prest dira, dolu izpirik gabe, ingurunea osoki kakaztatzeko, urak kutsatzeko eta haragi pozoitsuak merkaturatzeko!

Abiaduraren minak bideetan zenbatzen dira: Frantzia mailako zifren arabera, 2023an, 3.170 jende hil dira auto istripuetan, -Mauleren trakako hiri bat desagertzen da urtero-eta aurtengo martxoan bertan, 254 pertsona joan dira beste mundura. Beribil Jainkoaren adoratzeko ohitura garesti pagatzen da, egiazki. Prudentzia predikuengatik, sobera fite gidatzen dute askok, muinak alkoholez ito eta kokaina marrak ...

Irakurri segida

Orotarik | 2024/05/23

Gasna dastaketa Baigorrin

Donibane Lohizune Ama eskolako handiak, CP eta CE1ak

Gasna%20dastaketa%20Baigorrin

Donibane Lohitzuneko Urkijo ikastetxeko ikasle batzuk Baigorrira joan dira bi egun pasatzera, Oronozia aterpetxera. Han bertan “Sarde Sardexka” elkartearekin haurrek ikasi dute ardi gasna dastatzen. Etapak behar ziren errespetatu eta momentu berean hiztegia ikasi: lehenik gasna zati bat begiratu (kolorea, forma…), gero hunkitu (gogorra, biguna, leuna…), ondotik usaindu eta azkenik begiak hetsirik zati bat jan, sentsazio guziak ongi barneratzeko.

Tailerra bukatu eta gero, joan dira oinez Enautenea baserriaren bisitatzera. Han bertan Michel Tambourin hor zen arditegia erakusteko eta haien ardi gasna dastarazteko. Mmmm ze ona!

Biharamunean, eremu eder hortaz ongi gozatzeko, “Gaia” elkartea joko tradizionalak egitera etorri zen.

Hau ateraldi polita! Berriz joateko prest!

Irakurri segida

Orotarik | 2024/05/23

Hazparne eta Azpeitiko kolegioko ikasleak elkarrengana!

Elhuyar kolegioko 5. elebidunak

Hazparne%20eta%20Azpeitiko%20kolegioko%20ikasleak%20elkarrengana!

Martxoaren 20tik 22ra, Elhuyar kolegioko 5.en elebidunek ateraldia egin zuten: Zestoa, Zumaia, Azpeitira eta Bilbo bisitatzeko parada!

Lehen egunean Ekainberriko harpeko tinduak ikusi eta tailerrak egin ondotik, Zumaiako flycsh-aren ezagutza egin dugu, hondartzaren ondoan ibiliz eta lur geruzak hurbil eta urrundik ikusiz.

Biharamunean, Bilboko bisita izan da, goizean itsas-museoko aberastasuna deskubriturik, ikasleek hartu dute giden rola arratsaldean, bakoitzak besteei hiriko arkitektura bereziak aurkeztuz. Lan on horren sari, ikasleek Korrika beren aitzinetik pasatzen ikusteko parada ukan dute, oroitzapen hunkigarria izanen zaiela dudarik ez!

Azken egunean, Azpeitiko Urola ikastetxeko ikasleekin ezagutza egin dugu, ordu arte gutunez elkarri idatzirik. Lehen jokoen bidez laster osatu dira harreman adiskidetsuak eta elkarrekin herria bisitatu eta bazkaldu ondotik, itzultzeko bidea hartzeko denbora laster heldu zaigu.

Milesker Azpeitiko Herr...

Irakurri segida

3749. zbk

Gure Hitza | 2024/05/23

Zuziaren trosta

Peio Jorajuria

Uztail hondarrean baizik ez dira hasiko Parisko Olinpiar Jokoak, baina haien inguruko sukarra jadanik azkarki hedatzen ari da, zuzia dela medio. Hauxe argi dezagun haatik lehenik, eskutik eskura garraiatzen den sugarra tortxa edo zuzi olinpikoa deitzen da (flambeau), aldiz jokoen denboran tokian berean egonen denari su olinpikoa erraten zaio (flamme). Zuziak Greziatik egin du bide Mediterraneoan barna Marseillaraino, Belem belaontzian, Baionako portuan denboran ikusteko zortea ukan dugun ontzi miresgarrian. Eta geroztik frantses lurraldean barna badabil, toki harrigarri batzuetatik pasatuz, hala nola Bigorrako Pic du Midiren kaskotik eta Lascaux-ko leizeetatik.

Ipar Euskal Herritik ere iragan da Mendekoste astelehenez, Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona eta Hazparnetik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro xahutuz horretarako. Aldi berean, Herri Urratsez depart...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016