Azalekoa | 2024ko Ekainaren 06a
Desgaitasun mental eta psikikoak Euskal Herritik gora!
A.E.
Baionan kokatua den Olagarroa elkarteak desgaitasun mental ala psikikoak dituzten pertsonak integratzen laguntzen ditu. Pertsona horiei, kirola edota aisialdiak egitea ahalbidetua zaie. Jean Dominique Barberarena elkartearen lehendakariarekin bildu gira gehiago ikasteko.
Olagarroa elkartea
Olagarroa 2015ean sortu zen, buraso talde batek bultzaturik. Elkarte hunek, desgaitasun mentalak eta ahalmen psikiko urriak dituzten pertsonak biltzen ditu, kirola eta aisialdiak proposatuz. Gaur egun, Olagarroak 220 lizentziatu ditu, Miarritze, Baiona eta Angelu inguruan. Orotara 30 bat borondate oneko badira, aktibitateak segurtatzen dituztenak. Elkartearen helburua, Euskal Herrian kirol egokitua ezagutaraztea da eta nola ez, desgaitasun mentalak onartu eta arrunt bilakaraztea. Lehendakariaren iritziz, desgaitasun fisikoari konparatuz, desgaitasun mentala egunerokoan ez da hainbeste aipatzen, hedabideetan ere ez.
Bestalde, Jean Dominique Barberarenak azpimarratu nahi ukan du desgaitasun mentalaren eta ahalmen psikiko urriaren arteko desberdintasuna. Izan ere, desgaitasun mentalarekin sortzen da, autista edo trisomiadunaren kasuan bezala. Aldiz, arazo psikikoak edonork edozein adinetan ukan ditzake, gertakari, istripu edo beste arrazoien ondorioz agertuko liratekeenak.
Kirola denentzat
Aktibitateak denbora instituzionaletik kanpo proposatuak dira. Olagarroa buraso elkarteak osatzen duenez, hierarkiarik ez da. Kirol ugari antolatuak dira, besteak beste saski baloia, eskalada, muskulazioa, hunkitu gabeko errugbia eta igeriketa. Errugbian 40 bat gaztek parte hartzen dute, eskaladan beste 25ek. Errugbiari dagokionez, hunkitu gabekoa izatea erabaki du elkarteak, beren gazteek arriskua zer den ikasteko zailtasunak baitituzte. Hala ere, Jean Dominique Barberarenak erran digu errugbi mota hori anitzez politago eta biziagoa atzematen duela. Kirol egokituko frantses federazioak (FFSA) antolatu probetan pertsona horiek parte hartzen dute, departamendu, eskualde edo nazional mailan. Gaur egun, elkarteak gero eta txapelketa gehiago antolatzen ditu bere baitatik, orain Olagarroa elkartea kirol taldea bilakatu da.
Joko Olinpikoetara bizikletez!
Iaz, Joko Olinpikoen kari Baionatik Parisera bizikleta elektrikoz joatea erabaki da, abuztuaren 15etik 30era. Orotara 13 etapa desberdin eginen dira, ahalik eta bizikleta bide gehien hartzen entseatuz. Horretarako, bi aste oro entrenatzen ari dira, bizikletan ibiltzen ikasi behar baitute, baina sustut taldean. Hamar kirolari Parisera joanen dira, lau laguntzaile eta logistika segurtatuko duten bi furgonetarekin. Erretretan den erizain psikiko batek abenturan parte hartuko du. Desafio hori kunplitu ahal izateko, oraingoz 55.000 euroko buxeta lortu da. Diru laguntza eskaerak egin dira, mezenasgoaren gainean ere anitz kondatzen dute. Orotara 1.035 kilometroko ibilaldia eginen da, hots egunean 80 km, hau da 6 oren inguru. Kirol desafioa izateaz gain, Jean Dominique Barberarenak desafio humanoa ere izanen dela erran digu, bi astez taldean biziko baitira. Abentura biziki zaila izanen dela badakite, baina frogatu nahi dute desberdinak diren pertsonak ere kirola eta aktibitateak egiteko gai direla. Desafio hunen gibelean, formazio eskola plantan eman nahi da, ibilmena ez duten gazte horiei, gida baimena ez dutenei eta sekulan ukanen ez dutenei, ahalbidetzeko bizikletaren bitartez autonomoagoak eta mugikorragoak izaten.
Zailtasun handiak dituzte finantzaketa, baita aloimenduen aldetik. Baionako Herriko Etxea Olagarroaren etapa guzietako herrietako auzapezekin harremanetan sartu da, bidaia errexten entseatzeko.
Desafioa bi laguntzaileek babestuko dute, Patrice Lagisquet “Chrysalide” elkartearen lehendakariak, errugbian biziki ezaguna denak eta Katell Alençon ziklista paralinpikoak.
Olagarroa elkartea bere desafioan laguntzeko, Helloasso-ren bidez diru emaitza egin daiteke. Elkarteak Facebook orria badu “Olagarroa SportAdapté” deiturikoa.