Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Ekainaren 06a
Kabalkadak 10 urte - Selauru hustea - "Eki besta" - Bazkari animatua Trabenian - Eraitzeko bidea zabalik - Pilota
Urruñako kabalkadak 10 urte
Duela 10 urte, 2014ko ekainaren 7an eta 15ean, Urruñako herriak kabalkada-zintzarrotsa, hau da, tobera Lapurdiko kostaldeko moldean, jokatu zuen pilota-plazan. Bi urtez ari izan ziren ekitaldia antolatzen eta osora 150 urruñarrek parte hartu zuten. Kabalkadaren arduradunak Xerar Urrutia eta Zelin Duperou izan ziren, Joxe Mari Ostolaza kantu arduraduna, Zelin Duperou dantza arduraduna, jantziak egiten aritu zen taldearen burua Patxi Adurriaga eta toberaren idazleak Xerar Urrutia eta Joseba Aurkenerena. Toberak lau gertaldi izan zituen, umore handiz eta autokritika moduan, Urruñan sorturiko zenbait arazo eta kalapita jorratu zituzten: Abiadura Handiko Treina, euskararen bazterketa ofiziala, Santa Flor lorategiaren porrota, barazki kontserbak egin behar zituen “Conserveur 21” enpresaren iruzurra, herriko plazaren etengabeko eraberritzea, Berttoli elkarteari ezarri zizkioten trabak, gaztetxearen eskaera eta abar. Bi emanaldietan pilota-plazako harmailak jendez mukuru izan ziren eta bukaeran Ttipi urruñarrak XIX. mendean egin Dama gazte xarmant bat izeneko bertsoak kantatu zituzten bildutako guziek. Gaur, 10 urte berantago, urruñarrek nostalgiaz oroitzen dugu kabalkada hura, belaunaldi gazteengan dugu esperantza, egun batez, 2014an haur zirenek, hau da, oraingo gazteek kabalkada berria eginen dutela pentsatu nahi baitugu.
Selauru Hustea
Ekainaren 9an, igandearekin, herriko ikastolak antolaturik, selauru hustea izanen da pilota-plazan. Jan eta edatekoak izanen dira bertan. Euria balitz Zokoako Aisialdi Etxean eginen litzateke (9:00 - 18:00). Sartzea: 12 euro. Izen emaiteak: 06-29-22-64-17 eta 06-99-60-83-69 / ikastolahustea@gmail.com.
“Eki Besta” laster
Euskaraz Bizi taldeak eta ikastolak antolatzen duten Eki Besta, aurten ekainaren 15ean, larunbatarekin, eginen dute pilota-plazan. Su magikoa piztuko dute erdigunean eta bere inguruan arituko dira kantuz eta dantzaz. Aurten egitarau zabala prestatu dute: kantu bazkaria, puzgarriak, jolasak, kontzertuak, sua eta dantza errituala… Oharra: bazkaria helduentzat 20 euro, haurrentzat 8 euro. Izena emaiteko: 06-79-50-93-66.
Bazkari animatua Trabenian
Ekainaren 13an, ostegunean, Oletako Trabenia jatetxean, Goxo Toki gazte taldeak antolaturik, bazkari animatua izanen da Double Croche taldearekin (12:00). Prezioa: 29 euro. Izen emaitea: 05-59-47-95-08 edo 07-64-62-55-14.
“Adixkideak” elkartearen bestaldia
“Adixkideak” elkarteak urtero hiru eguneko bestaldia antolatzen du. Aurten, honako egitaraua prestatu du: ekainaren 8an, larunbatarekin, Itsas Mendi zineman, ikasleek prestatu kontzertua eta antzerkia. Ekainaren 14an, ostiralarekin, Zokoako kiroldegian, ikasleek prestatu ekitaldia. Ekainaren 15ean, larunbatarekin, Zokoako kiroldegian, judo, karate eta tai ji erakustaldiak (18:00), horren ondotik mutxikoak (19:30) eta dantza koreografia (21:00).
Urruñako bisita gidatuak
Bisita gidatu hauetan, historia, mitologia, herri kirolak, usaiak… eta horrelakoak ezagutzera emango dituzte. Elkartze tokia: turismo bulego aitzinean. Ekainean, ostegunero (19:00-20:30).
Erlaitzeko bidea berriz zabalik
Maiatzaren 21etik hetsita izan ondoren, Erlaitzeko errepidea berriz idekiko dute ekainaren 7tik goiti. Erlaitzeko Herritarren Elkarteak eskaera ofiziala egin du errepidea zabalik izan dadin. Dena den, nehork ez daki oraindik zer gertatuko den bide honekin, itsasoaren higadura gero eta handiagoa baita.
Pilotari urruñarren emaitzak.
Elhina lehiaketaren kari, maiatzaren 25ean, Armendaritzen jokatu zuten lehen partidan, honako emaitzak erdietsi zituzten: Bideondo urruñarra eta Iphar 40 - P. Etxeberri eta B. Larralde 27.