Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Ekainaren 06a

Heriotze - Kontseiluko biltzarra - Ikas zentroaren biltzar nagusia

Heriotze%20-%20Kontseiluko%20biltzarra%20-%20Ikas%20zentroaren%20biltzar%20nagusia

Heriotze

Joan den ortzegunean bere azken egoitzara eramana izan da Pierrot Alberdi, 90 urtetan. Gerlari ohia, Aljeriako gerla ezagutu du. 1965ean, sortzez hazpandarra den Ottabirekin esposaturik, Arruntza auzoan jarri ziren, hiru haur ukan dituztela, alaba bat Nicole, bi seme André eta Xabier. Bere lanbide gehiena esne biltzen eta saltzen pasatu du. Pierrot-en joaitearekin Arruntza auzoak egiazko zutabe bat galdu du. Arizan zen luzaz musika jotzen “Labourdins” elkartean, maite ere zuen kantua, bainan bereziki jendeen konpainia, bizi emanez elgarretaratze batzuetan kermeza edo beste. Fede handiko gizona, Arruntzako elizan ehorzketa meza ederra ukan du, lau apezek bat eginik. Ottabi bere bizilagunari eta familia guziari doluminak eskaintzen dizkiegu.

Kontseiluko biltzarra

Joan den ortzegunean Lapurdi gelan iragan da. Hasieran jakiten zen Heraitzeko Jeannot Lastirik hautetsi kargua utzirik Jérome Burghoffer jaunak hartzen duela haren aulkia. Mintzagai guziak aho batez onartuak izan dira:

- Euskal Elkargoaren kudeaketan Jean-François Ruys-en izendatzea.

- Arruntzan frontoiko bidearen berrantolaketarako lur zati batzuen erosteak euro sinbolikoan, Sallaberry andereari eta Elizondo jaunari.

- Santa Katalina kaperan zurezko bi xazizen aldaketarentzat “Amis de la Chapelle” elkartearen laguntza proposamena %30.

- Super U eta Bazter karrikara sartzeko borobilgune eraikuntzarentzat, Super U saltegiari lur zati baten erostea euro sinbolikoan.

- Hiribehere karrikako obrak segitzeko finantzamendu onarpena (488.858 euro %57,4 diru laguntzak eta %42,6 herriarentzat)

- Lapurdiko Bizkondeen karrikan, elektrika sare guzien lurperatzeko finantzamenduak onartzea (3 sailetan).

- Martxoan Herri Soinu eta ihiztarien elkarteeri hitzeman ez ohizko diru laguntzen ezeztatzea.

- Arruntzaren berrantolaketarako programa eta kreditu ordainketaren onartzea.

- Lanpostu sortzeak: zerbitzu teknikoetan kudeatzaile bat, bigarren mailako lau eta Mediatekan lehen mailako bat.

- Hondarkin utzi barreiatuen kontrako borrokan Euskal Elkargoarekin hitzarmen baten izenpetzea.

- Bizikleta elektrikoen erosleeri diru laguntza emaitea (3 oraingoan).

- 1944an erbesteratzean zendu Max Rubioren izena gerlari ohien oroitarrian emaitea.

Ahozko galderetan Heraitze plazaren antolaketarako ezkerreko hautetsiaren galdeari gehiengoak erantzuna ekarri du ezin dela proiektua aitzinatu UGECAM erakundearen proiektu zehatzak ezagutu gabe.

Hurrengo biltzarra uztailaren 4an

Ikas zentroaren biltzar nagusia

Ikas zentroaren biltzar nagusia maiatzaren 25ean iragan da, Lapurdi gelan. Nikolas Blain-ek (auzapeza ordezkatzen zuela) ongi etorria egin du, aipatuz herriko mediateka berriaren proiektua balio handikoa izaiten ahalko baita geroan zentroarentzat. Berrogei bat irakasle, ikastetxe zuzendari eta Ikas-eko langilek biltzarrean parte hartu dute. Maite Erdozaintzi-Etchart lehendakariaren txosten moralaren ondotik Aines Dufau zuzendariak eman du luze eta zabal 2023ko lan bildumen berri. Ikas-en helburua da edozoin mailetako ikastetxe horieri pedagogia dokumentazio zerbitzua segurtatzea. Bere mediateka badu, Covida garaiaz geroztik beti eta gehiago bisitatua dena. Asko partaidek dokumentu horiek digitalean ere kontsultatzen dituzte. Joan den urtean bi irakasleri ere segurtatu dute ikastaldi bat mediatekan. Ikas materialgintza lehen mailakoentzat erregularki berritua da, bainan ere kolegioentzat, euskara, historia, matematika sailetan. Argitalpen digitalak kopuru handian agertzen dira sail eta maila guzietan. Ez da erraite beharrik, zentroak holako lan handiaren kudeatzeko dirutza ederra behar duela. Bainan asko lagundua da, partaide laguntzaileengandik: Hezkunde Nazionala, Departamendua, EEP, EKE, Herriko Etxe, Gastibeltza, Kanaldude eta abar.... Behingotz zentroak hamaika langile ditu. Aurtengo egitasmoetan du zerbitzu horren aberastea, berritzea eta baliaraztea. Susana Hiriart diruzainak gero diru kontuen berri eman du. Orokorki orekatuak agertu dira, etekin ttipi batekin, Izaskun Apinaniz diru kontrolatzaileak baieztatzen zuela kontuen xuxena. Aurtengo diru aitzinkontuak orekatuak aurkeztuak izan dira, 677.780 eurorena, argitalpen proiektua 149.107 eurorena izanen delarik. Txosten morala, lan bildumarena eta kontuena aho batez onartuak izan dira. Jakin ere zentroak gaur egun Iparraldean 320 bat bazkide dituela. Publikoan zen Maider Behoteguy hautetsi eta gaurko EEP-ren lehendakariak hitza hartu du aipatzeko zentroak daraman lanaren balioa eta ekar dezaken diru laguntza, aitortuz halere denak ezin dituela segurtatu. Lehendakariaren azken hitzaren ondotik adiskidantzazko hurrupaldi batek denak elgarretaratu ditu.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3751. zbk

Gure Hitza | 2024/06/06

Eta bihar, gu izanen bagina?

Ainhoa Etchenique

Maiatz hasieran, Pasaiara joan nintzen immigranteak itsasoan salbatzen dituen Aita Mari itsasontzira. Alpha Diallo boluntarioak ontzia bisitarazi zidan, eta bukaeran bere ohea ikusi nuen. Hark biziki handia eta ona atzematen zuen, nik berriz ttiki eta hertsia. Elkarren gaineko oheak zituen hiru paretaz inguraturik, gainekoan bere aferak uzten zituen, eta azpikoan lo egiten zuen. Ohea ez zen luzea, etzatean ez dut uste hankak luzatzen ahal zituenik. Galdegin nion nola egiten ote zuen lo egiteko, ezinezkoa iduritzen zitzaidalako. Erantzun zidan hark izigarri untsa lo egiten zuela, nahiz eta gutti lo egin. Esplikatu zidan bizkar gainean lo egiten zuela, besoa buru gainean, itsasoa kexu denean, burua paretaren kontra ez jotzeko. Antsietatea sortu zidan pentsatzeak bakarrik! Alpha Diallo aldiz, bere ganbaraz biziki uros zen. Segidan pentsatu nuen pertsona horiek izigarrizko meritua zutela. Eta ni, luxuzko bizi bati usatuegia?

Aita Mariko boluntarioekin eto...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016