Jainkoa bizia jendea | 2024ko Ekainaren 06a
Europako bozak
Jean-Louis Davant
Ekainaren bederatzian ditugu beraz Europako bozak, bozkak, bozketak, hauteskundeak, zehazkiago europar diputatuen hautatzekoak. Ez dute bazterrik berotzen, eta dirudienez jende franko etxean egonen da: erdia bederen, aburu ikerketen arabera. Europaren arrakasta ez doa goiti, aitzitik. Alta bada gure belaunaldi/jenerazioan ideal bat izan zen, dela Enbatarekin, dela Zentristekin edo Sozialistekin, eta gutarik anitz bururaino fidel egon gatzaizkio, baina lerroak bukatzen ari zaizkigu biologiaren legez.
Gaztetan iduritu zitzaigun gurekin hasten zela. Gero historia ikertuz ikusi genuen ez ginela lehenak izan bide horretan. XX. mendean Victor Hugo idazle humanista handiak “Les Etats-Unis d'Europe” aldarrikatu zituen. Hamalauko gerlaren ondotik Aristide Briand ministro sozialistak ideia hori bultzatu zuen, alemanekin bake iraunkorra finkatu nahiz, baina laster hil zen, eta 1929ko krisiak bazterrak nahasi zituen, Adolf Hitler delako bati pilota eskura emanez.
Berrogeiko gerlaren ondotik, kristau demokratak indartsu agertu ziren Europako mendebaldean, buru zituztela Agirre gure lehendakaria, Robert Schuman frantsesa, Adenauer alemana, de Gasperi italiarra. Ardura biltzen ziren, bereziki Parisen, Euskal Gobernuaren egoitzan, EAJ/PNV munduko bi gerlen artetik europazalea baitzen. Sozialistekin batera, batasunerako bidea ireki zuten 1951n, Ikatz eta Altzeiruaren Komunitatea sortuz. 1957an ekonomiatik politikara igan ziren Erromako Hitzarmenaz Merkatu Batuari bidea irekiz.
Geroztik Europako Batasuna haragitu da, antolatu, indartu, zabaldu, ekonomia sustatuz, bereziki laborantzan: laborariek ukaiten dituzten primak Europatik datozkiela ez lukete ahantzi behar... Jendarteko gaietan urrats handiak eragiten ditu jende bakoitzaren askatasun, dretxo eta eskubideen alde. Hainbeste urtez bakea segurtatu du bere baitan, bereziki 70 urtez hirutan elkar xehatu zuten Alemaniaren eta Frantziaren artean. Oraiko jendeak ez daki zer balio duen bakean bizitzeak. Nik bi gerla ikusi ditut zuzenean: lehenik aleman armadaren okupazioan, bederatzi urtetan harriturik makiekin bi aldiz gudukan entzun bi kilometrotan, Mitikilen eta Sarrikotapean; gero ene aldian beste populu baten okupatzaile izan... Zaharrek bakearen onura zinez estimatzen dugu, jakinaren gainean.
Haatik orain iduri luke jendetzaren erdiak bederen Europatik hartzen dituen zerbitzu horiez axola guti duela, eta beraz Europaren batasuna zinez hastio duen eskuin muturra zinez goiti doa erresuma parrasta batean, bereziki Frantzian. Ezker mutur berria ere, nahiz eskuin muturraren etsaia den, Europari franko aiher zaio, denboran komunistak ziren bezala. Egia da gaurko Europa ekonomian liberalegi doala, justizia sozialaz arduratu gabe. Ber denboran mundu zabaleko haize bortitzetik ez gaitu aski gerizatzen.
Arriskurik handiena eskuin muturraren aldetik ikusten dut, batetik ezkerrekoa baino makurragoa delakoz, giza eskubideetarik urrunago, bestetik indartsuago. Europa zinez ahultzen ahal luke gaurko erronka eta desafio lazgarriei buruz: atean ditugun bi gerla handietan ez da fidagarria, ekologian egin beharreko urratsetan gutienetik uzkur eta herabe. Europa indartsu baten babesa gabe, Frantzia bezalako erresumak, nahiz hau ez dugun txikienetarik, izigarri ahul agertzen dira munduko handienen parean: Amerika, Australia, Brasil, Errusia, Hego Afrika, India, Kanada, Txina... Beraz hobe dugu bozkatzera joanik, bakoitzak bere hautua eginez. Enea ez dizuet osoki gorde, izkutatu: nori ez doakion, hori bederen ez dizuet segeretuan utzi.