Mundu zabalean | 2024ko Ekainaren 06a
Kaledonia Berrian oldarraldiak
J.B.
Sua berriz piztu da Kaledonia Berrian. Bideak blokatuak, autoak, etxeak eta enpresak sutan eta zazpi hil. Bazuen 40 urte ez zela holako pataskarik izan. Kaledoniako bozka zerrenden bermoldatzeko lege proiektuak kanakiarrak oldartu ditu, baina gazteen altxamendu harrigarriak beste arrazoi barnakorragoak ditu.
Sua piztu da berriz ere Kaledonian
Duela berrogei urte gertatu zen bezala, maiatzaren 13an kanakiar gazteak oldartu dira, Senatuan onartua izan ondoan, Legebiltzarrean Kaledoniako bozka zerrenden berrantolatzeko lege proiektu konstituzionala aztertzen ari zen momentuan. Bideak blokatuak, enpresa zonbait sutan emanak, autoak kiskaliak eta poliziarekin enfrentamenduak. Ondoko egunetan poliziak kopuruan igorriak izan dira, egoera hobetu gabe: enfrentamenduak xurien miliziekin hedatzen dira. Orotarat 7 hil kondatuko dira.
Alta bortizkeriarik gabeko mugimendua abiarazi zuen, CCAT tokiko ekintzen koordinazio taldeak, baina gazteek, bereziki Noumea inguruko auzoetakoek, urrunago joan nahi ukan dute.
Bozka zerrenden aldaketa
Bozka zerrenden bermoldaketa izan omen da suaren abiarazlea. Tokiko hauteskundeetan ez baitute denek bozkatzen ahal. Zergatik ote?
Jakin behar da aitzineko bi mendeetan jatorrizko populuaren baimenik gabe, kanpotik etorritako populazioa inposatua izan dela. Hainbat urtez kolonizazio politika bat planifikatu da. Lehenik harat eramandako presoekin. XIX. mende bukaeran, Kaledonia Berrira 22.000 preso deportatuak izan dira. Joan den mendean populazioaren kolonizazio arruntagoa bultzatua izan da: laborariak, komertsantak, funtzionario zibilak eta militarren bidez. Inposatu den jendarte berriak lur hoberenak hartu ditu eta horien ondokoek dute uhartearen aberastasun gehiena berenganatu. Baztertuak ziren jatorrizko jendeen oldarraldiak indar handiz zapalduak zirelarik.
Historiako gertakari latz horiek eta kolonizazioaren jarraipena konduan harturik, Noumeako akordioetan finkatua izan zen, 1998an, hamar urte baino lehenagotik Kaledonia Berrian bizi zirenek baizik ez zutela bozkatzen ahalko. Tokiko bakea hein batean atxikitzeko, Chirac presidenteak hitzeman zuen neurri hori egonkortzea eta 2007an konstituzioan integratua izan zen.
2018an eta 2020an antolatuak izan diren erreferendumetan independentziaren kontrakoek irabazi dute, baina alde gero eta ttipiagoarekin, %57tik %53rat jautsi baitira. Azken erreferenduma ez da erreferentzia egokia, independentistek ez dutelako parte hartu. Independentziaren ideia nagusitze arrisku horrengatik ulertzen ahal da Kaledonia Berria Frantziari azkarki loturik atxiki nahi dutenen jokamoldea: bozka zerrenden arramoldatzea kanpotik heldu diren kolonizatzaile berriak onartzeko, jatorrizko populua gutiengoan atxikiz. Konstituzioa aldatzeko bidean, eskuineko alderdien sustengua eta Macronen gobernuaren laguntza ukan dute. Azkenean Kaledonia Berriko jendartea berriz zatitu da. Bozka zerrenden arramoldatzearen aldeko eta kontrakoek manifestaldi erraldoiak antolatu dituzte, egun berean, apirilaren 13an, Noumean.
Zapartatzearen funtsezko arrazoiak
Maiatzaren 13an hasi den oldarraldiaren arrazoi bakarra ez da bozka zerrenden aldatzeko jukutria izan. Matignoneko akordioen bukaera txarra eta gerorako perspektibarik ez eskaintzea da gehienik salatua. 1988an, Frantses gobernuaren gerizapean, Jean Marie Djibaou eta Jacques Lafleur-en artean lortu akordioa eta hamar urte berantago finkatua izan zen Noumeako akordioek independentziarako erreferendumak antolatzea aipatzen zuten. Lehen biak galduak izan baziren, independentisten progresio argia erakutsi dute eta hirugarren hutsegite handia izan da. Frantses Gobernuak ez du konduan hartu COVID garaian azkarki hunkia zen Melanesiar komunitateak galdegin erreferendumaren gibelatzea. Ondorioz bozkaldian kanakiar independentistek ez dute parte hartu. Gehiago dena, gobernamenduak ondoko urratsak ez ditu prestatu.
Bestalde, nahiz eta aldaketa bakar zonbait izan diren azken hamarkadetan, kanakiarrak kolonizatzaileen ondorengoak baino egoera ekonomiko txarragoan bizi dira oraino. Gazteek biziki gaizki bizi dute segregazio hori eta horiek dira nagusiki oldartu, Noumeako auzo pobreetarik abiatuz.
Ihardukitzeak
Macron presidenteak Kaledoniarat joan behar ukan du. Maiatzaren 23an egin duen bisitak ihardukitze zonbait sortu ditu: USTKE sindikatu nagusiak eta FLNKS independentisten alderdiak negoziatzeko prest agertu dira, nahiz frantses agintarien “suhiltzaile - su-emaile” jokamolde lanjerosa salatzen duten.
Urgentziako egoera altxatua izan da, baina arratsetako etxeratze agindua atxikia da. Gainera 600 jendarme gehiago igorriak izan dira. Egoera zalantzakorra da oraino.
Frantziako agintepean dauden beste uharteetako independentistek, kanakiarreri sustengua adierazi die. Debatea Nazio Batuetaraino hedatu da, erakunde nagusi horretan deskolonizatzeko herrien zerrendan onartua izan da Kaledonia Berria.
Eric Vuillard idazleak Le Monde aldizkarian idatzi duen bezala: “jendarte kolonialista batek ez du luzara irauten ahal.”