Azalekoa | 2024ko Irailaren 12a

Euskal Herriko mendiko sokorritzaileak

A.E.

Sokorritzaileak elkarteko kideak mendi gailurrean
Sokorritzaileak%20elkarteko%20kideak%20mendi%20gailurrean

Sokorritzaileak elkarteak hasieran mendiko sokorrimendua egitea ukan bazuen abiapuntu, gaur egun ezintasunetan diren pertsonekin aktibitateak antolatzen ditu bai eta ere desafioak. Gehiago ikasteko, Thomas De Peyrecave elkartearen sortzailea baita presidentea denarekin elkartu gira.

Elkartearen sorrera

Thomas De Peyrecavek Sokorritzaileak elkartea 2019an sortu zuen. Trail zalea zela eta, ohartu zen jendea trailetara joaten zela formatua izan gabe. Beraz, hasieran lasterketetan parte hartzen zuten sokorritzaileak logo batekin identifikatzea pentsatu zuen. Lehen helburua jendea sokorrimenduan formatzea zen eta prebentzioa egitea.

Gaur egun, elkarteko presidenteak sokorritzaile formakuntzak proposatzen dizkie elkarteko kideei, baina baita desgaitasunaren inguruko aktibitateak eta kirol desafio batzuk ere antolatuak dira.

Elkartea Milafrangan finkatua da, baina ez du lokalik. Elkartearen baitan soldatadunik ez da, denak dira borondate onekoak. Eskaini denbora plazerez ematen dela erran digu sortzaileak, ez da obligaziorik. Elkartean denetarik bada, korrika egiten duten jendeak, ibilaldiak egiten dituztenak, elkartea maite dutenez kide bilakatzen direnak,...

Sokorritzaile formakuntza

Badu 25 urte Thomas De Peyrecave formatzailea dela. Azken hunek Sokorritzaileak elkarteko kideak formatzen ditu, gaur egun 90 formatuak izan dira 140 kideren gain. Formakuntza hunek egun batez irauten du, mendiari zuzendua da. Egun horretan, traumak, helikopteroak, sugeen ausikiak, ekaitzak,... dituzte aipagai. Egun hori pasa eta, jendeak sokorrista internazionalaren diploma eskuratzen du. Hala ere, urtean zehar prebentzio gaualdiak antolatuak dira jestu horiek berriz ikusteko. Elkarteak proposatzen duen egun bakarreko formakuntza horretan praktika anitz egiten da. Formakuntza horiek Milafrangan iragaten dira, urtean behin edo bi aldiz. 70 euro kostatzen du, gosaria, aperitifa eta bazkaria kontuan hartuak dira prezioan. Hots, parte hartzaile bakoitzak bere eguna ordaintzen du, elkarteak ez du irabazirik.

Thomas De Peyrecavek erran digu mendiko istripu gehienak zapata ez egokiei lotuak direla, hidratazio ala elikatze faltari. Jakin behar da Ipar Euskal Herriko helikopteroen interbentzioen %40a Larrunen iragaten dela, gehienetan zerrendatu arrazoiengatik.

Bestelako ekintzak

Horrez gain, elkarte hunek ahalmen urritasunak dituzten pertsonak inguruko mendietara eramaten ditu "joëlette" deitu gurpil aulki egokituaren bidez. Elkartea egunerokotasunetik ateratzen diren aktibitateak atzematen entseatzen da: triatloiak "joëlette"-arekin, asteburuko ibilaldiak, kirol desafioak,... eta abar.

Adibidez, konfinamendu garaian Thomas De Peyrecavek Facebook-en desafio bat bota zuen: 10 euro pagatu behar ziren eta konfinamenduko arauak segituz, bakoitzak bere etxean korrika egin behar zuen. Horri esker, sare bat sortu zen eta 4.800 euro eskuratu ziren. Presidentea aipatzen ez diren ospitaleko zerbitzuekin harremanetan sartu zen, besteak beste zuriketategia, garbiketa zerbitzua eta ortopediarekin. Irabazi dirua zerbitzu horiek beharrezkoa zuten materiala erosteko baliatu zen. Urtero dirua biltzen entseatzen dira, ondoren beharretan diren elkarte batzuri edo pertsona bati banatzeko. Adibidez, GR10eko lehen 100 kilometroetan parte hartuz, 13.000 euro lortu zituzten Wolfram sindromea duen Ilune ziburutarrarentzat.

Horrez gain, Thomas De Peyrecavek eskoletan ere interbentzioak egiten ditu, "jöelette"-a erakusteko eta desgaitasunak ttikitatik aipatzeko.

Informazio gehigarrien ukateko, elkarteak "Sokorritzaileak - les traileurs secouristes"deitu Facebook orria badu, baita "sokorritzaileak.com" webgunea ere.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3752. zbk

Gure Hitza | 2024/09/12

Eskerrak hiru ongi egile zendu berriei

Jean-Louis Harignordoquy

Duela bi aste erranak errepikatu gabe, aldi huntako Gure hitza idatziko dugu agorrileko lehen egunetan gure iparraldeak galdu bihotz handiko hiru gizonez. Zinez merezi baitzuten. Hiruetan gazteena ginuen Ttale Ouret. Abantxu mende erdi batez mendiko artzaintzaren sustatzailea, urtean bietan alda egitera behartuak diren artzain xoilen egoera dorpea hobetzera saiatuz. Ondorio on bat ekarri du, gazte andana lotu baita artzaingoari. Ttalek azkarki akulatu ere ditu Garazi, Aezkoa eta Zaraitzuko jendeen arteko harremanak. Gure bazterrak emankizunetangrabaturik daude haren lekukotasunak. Luzaz, larunbat goizetan Irulegiko Irratitik hedatu ditu artzainen berriak. Diasporako euskal artzainen elkartea ere biziarazi du. Ikasgai asko euskaraz irakurgai utzi dizkigu duela bi urte argitaratu liburu hartan.

Adin handiagora heldurik zendu den Aita Ignace Etchehandy eihalartarrak Adrien...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016