Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2024ko Ekainaren 13a
Xarles Videgain-en hitzaldia - Sexu erasoeri buruz konferentzia - “Beltza Gorria” koroaren kontzertua - Salieseko orfeoia elizan
Xarles Videgain-en hitzaldia
Baxe Nafarroako erakustokiak bere udako hitzaldiak hasten ditu. Xarles Videgain izanen da aurtengo lehen hizlaria. “Dauphin” itsasontziko gutun batzu aurkeztuko ditu, Londresko Almirante britainiarraren artxiboetan atzemana izan den euskarazko korrespondentzia fondoa da. Gutun horiek, 1757an, Baionatik Louisbourg-ra zihoan Dauphin itsasontzian garraiatzen ziren eta kortsario ingelesek harrapatu zituzten. Gehiago jakiteko, hitzaldia ostegun huntan, ekainaren 13an izanen da Bideakeko gelan (20:30).
Sexu erasoeri buruz konferentzia
“Erran eta Bizi” elkarteak gaualdi berezia proposatzen du, mintzaldi batekin, ekainaren 14an, ostiralez, Bideaken (20:30). Christel Petitcollin hezitzaile eta terapeuta, “Sexu erasoak, lehen sokorri kutxa”, bere azken lanaren aurkeztera etorriko da, martxoan argitaratua. Gaualdi horri esker, ulermen gakoak emanen dira, zoritxarrez gaurkotasun izugarria duen gai bati buruz.
“Beltza Gorria” koroaren kontzertua
Donibane Lohizuneko koro misto hau duela 20 urte sortu zen. Beltza eta gorria, herriko koloreak izen bezala hartu ditu. Hogeita hamar bat kantarik osatzen dute, Dina Licht-en zuzendaritzapean. Euskal kantuak emaiten baditu nagusiki, beste hizkuntza batzuetakoak ere emaiten ditu (gaztelania, ingelesa, grekoa, eslovakiera...). Koru hunen entzuteko parada emana zauku heldu den ibiakoitzean, ekainaren 15ean, Donapaleun Bideaken (17:00).
Salieseko orfeoia Donapaleuko elizan
Salieseko orfeoia, Biarnoko gizonen korua deitzen dena ere, duela mende bat pasa sortu zen. Geroztik taldeak bere errepertorioa berritu du, testu berriak, doinu berriak, hizkuntza berriak erabiliz! Aurpegiak eta ahotsak aldatzen badira, Orfeoiak izpiritu bera mantentzen du: kalitatezko musika, testuen eta harmonien maitasuna partekatzeko. Donapaleuko elizan entzuten ahalko dira heldu den igandean, ekainaren 16an (16:00). Sartzea 10 €.