Ba ote dakixu? | 2024ko Ekainaren 13a
D-Day, Normandiako lehorreratzea (3/6)
Gilen Bacho
Aliatuentzat, lehorreratzearen helburu finala zen alemaniar nazien kapitulazioa lortzea baina lehen helburua zen Sobietar Batasunaren laguntzea, alemaniar armada bi fronteetan gudukatzea behartuz. Ber hilabetean, 1944ko ekainean, Alemania pintzapean hartzeko, mendebaldean angloamerikarrek Overlord operazioa piztu zuten eta sobietarrek Bagration operazioa, bi operazio erabakigarri mundu gerla irabazteko.
Let’s go
Ekainaren 3an, britainiar eta amerikar tropa guziak haien biltze guneetara helduak ziren. Ber egunean, aro baldintzak zinez txartu ziren eta igurikatze akigarria hasi zen. Baina, biharamunean, aroa hobetu zen eta meteoaz arduratzen zenak 36 oreneko eztialdi bat aitzinikusi zuen. Orduan, 5ean, Einsenhower-ek “let’s go” historiko bat helarazi zien militar buruzagieri. Lehorreratzea biharamunean gauzatuko zen, ekainaren 6an. Bi itsasontzialde handik osatzen zuten Overlord-eko armada. Ekialdeko indarrak, Vian amiralak manatzen zuenak, britainiar sektoreko tropak eramaten zituen eta Mendebaldeko indarrak, Kirk amiralak manatzen zuenak, amerikar lehen armada. Orotarat, 130.000 gizon eta 20.000 ibilgailu 5.700 bastimendutan, 1.200 itsasontzik eskoltatzen zituztenak, ontziratuak izan ziren, hiru lehen mareetan igorriak izaiteko. Itsasontzi guziak Wight islaren hego-ekialdean bateratu ziren. Mina dragatzaileak aurretik, itsasontziek 10 kanal hartu zituzten, bi hondartza bakoitzarentzat, pasabide laster eta urri batekin. Alemaniarrak engainatzeko, tresna zenbaitek radarrak nahasbidetu zituzten eta paper metalezko zintak botaiak izan ziren Pas-de-Calais aldean, han operazio bat hasia izan zela sinetsarazteko. Debaldetako neurriak izan ziren, aro txarra ikusiz, alemaniar aireko armadak bere zaintza misioak utzi baitzituen. Gainera, Aliatuek irrati estazioak eta radarrak bonbardatu zituzten. Ondorioz, alemaniarrek Aliatuen itsasontziak bakarrik gaueko 2ak eta 3ak artean detektatu zituzten.
Gau luzeena
Ber mementoan, airetikako tropak oldarrari prestatzen ziren. 13.000 gizon, 832 hegazkinek garraiatzen zituztenak, gaueko 10ak eta laurdenetan aireratu ziren eta 1ak eta erdi eta 2ak eta erdiren artean jausgailuz jauzi egin zuten. 20 hegazkin bakarrik suntsituak izan ziren baina paraxutista anitz ez ziren leku onetara igorriak izan. 101. airetikako dibisioko gizonak 40 km-ko gune batera igorriak izan ziren eta 6.000 gizonetatik bakarrik 1.500 heldu ziren hitzordu puntuetara. Taylor jeneralaren unitateak 1.500 gizon galdu zituen eta bere materialaren %60a, baina helburu nagusiak lortu zituen. Airetikako britainiar 6. dibisioak bere kopuruaren %40a galdu zuen baina Mervilleko bateria indartsua suntsitu zuen eta Orneko zubiak eta Caen-eko kanala hartu zituen. Alderantziz, bonbardaketek ez zuten “Atlantiko murrua” hautsi. Alta, ahal guziak erabiliak izan ziren. Gaueko 3ak eta laurden eta 5ak artean, Royal Air Force-ko 1.135 bonba hegazkinek hautatuak izan ziren hamar bateriak (Ouistreham, Maisy...) bonbardatuz xehatu zituzten. Goiztirian, US Air Force-ko 1.365 bonba hegazkinek erreleboa hartu zuten. Baina, helburuak ez ziren lortu. Britainiar bonba hegazkinek bonbak berantegi bota zituzten, hondartzetatik hurbiltzen ari ziren unitateak hunkitzeaz beldur baitziren. Amerikar bonba hegazkin zenbaitek, alderantziz, goizegi bota zituzten (Utah-ko sektorean, hiruetatik bonba bat urera erori ziren). 6ak eta laurden gutitan hasi ziren itsas-tiroek (gurutzontzi, korazatu eta suntzitzaileetik) ez zituzten emaitza hobeak ukan. Azkenean, bakarrik %10 eta %20aren arteko kostaldeko defentsak suntsituak izan ziren. Normandiako hondartzetara heldu ziren lehen gizonek buru egin behar izan zuten guti kaltetuak ziren defentsa lerroeri.