Hegoaldean | 2024ko Irailaren 12a
Donostiako Zinemaldia
M.V.
Irailak beti berekin ekartzen du Donostiako Zinemaldia. Aurtengoa 72. edizioa izanen da eta hilabetearen 20tik 28 arte iraunen du. Zuzen den bezala, euskal filmek presentzia ukanen dute, 20 ekoizpenekin. Horietarik erdiak Irizar sarirako aurkeztuko dira. Kasik sail guzietan izanen da haietako bat, eta Zinemira sailean zortzi estreinaldi izan dira.
Nazioartean ospea izan zuten artistak, langile klasearen gorabeherak eta emazteen eskubideen aldeko borroka ukanen dituzte ardatz, bertzeak bertze, 2024ko edizioan agertuko diren euskal filmek.
Euskal ekoizpenak sail hauetan aurkeztuko dituzte: Sail Ofiziala, Zuzendari Berriak, Zabaltegi/Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoan, Haurrentzako Zineman eta EITB Gala sailean.
Bereziki euskal ekoizpenei eta euskal zinemari eskainia den Zinemirako hiru obra euskara hutsean izanen dira: Pello Gutierrezen Erreplika, Naia Lakaren Zortzitik infinitura, eta Amaia Merino eta Ander Iriarteren Indarkeriaren oi(h)artzunak. Azken hau Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten eta lehiaz kanpo hartuko du parte.











