Jainkoa bizia jendea | 2024ko Ekainaren 13a
Frère Paul-Adrien Youtubelari fraile dominikanoa
Mikel Erramouspe
Joan den apirilean, Baionan ginuen Paul-Adrien anaia. Kristau gazte mugimendu batek gomitatua zuen. Bi mintzaldi eman ditu. Horietarik bat 150 gazteren aitzinean. Ene gisarat ez dukezue ezagutzen fraile dominikano gazte hau.
1981 urtean sortua da, familia katoliko batean bainan fedea galtzen du nerabe zelarik. Berriz konbertitzen da eta 24 urtetan fraile dominikano bilakatzen. Berak dion bezala “hiru gauza bilatzen nintuen: ebanjelioa predikatzea, anaidi batean bizi otoitzari lehentasuna emanez eta estudiatzen segituz.” ENSAE ingeniaritza eskolak segitu ditu eta teologian diplomatua da. Zonbait denboraz matematika erakasle izan da. 2019an, oharturik jendeen eta partikulazki gazteen hunkitzeko behar zirela bide berriak urratu, Youtube katea sortzen du. Laster Txio, Facebook, Instagram, Tik Tok sare sozialetan partekatzen ditu giristino fedeaz egin bideoak. Gaur egungo komunikatzeko moduetan beraz. Gai anitz jorratzen ditu: “musulman hala giristino nor sartuko da zeruan?” edo “Jesusen emaztea aurkitu dugu” bainan ere “Le Pape François détruit-il l’église?”.
Baionan ginuen beraz gure Dominikano gaztea. Gazteak entzuterat saldoan jin zaizkio. Horra Santa Amane elizan bilduak ziren gazteeri zer erran dieten.
Oraiko jendeen fede gosea
Predikari gazteak dio: “Gure xantza handia da berriz ere deskubritzen ari girela zer den giristino izaitea. Hori gertatzen da eliza arrunt gaizki dagonean: sexu eta gogo abusuen eskandaluak, bokazio eskasak… klerikalismoa. Bainan denbora berean ikusten dugu jende helduen bataioen gorakada, biziari sentsu bat eman nahia… nik badakit zer den federik gabe bizitzea, hutsean egoitea. Giristino izaiteak betiereko bizia emaiten du. Hortako niz ezin isildua”.
Santa Aman elizan den gazte batek galde hau egin dio: “ez ote da hola mintzatuz jendearen manipulatzea, ez ote da proselitismoa,erran nahi baita absolutuki besten konbertitzeko nahikaria?”.
Hauxe erantzun dio: “Zuk zure baitan bizi duzuna eta barnetik senditzen duzunaren besteri partekatzea, ez da proselitismoa, bainan hortako behar duzu jendea zinez maite ukan, bestenaz bai marketina da, produktu bat saltzen den bezala. Berriz diot: karitate baino fede gehiago baldin baduzu ez zira bide onean. Eta hori jendeek berehala senditzen dute. Ez zira militante jarrera batean izan behar. Zure lekukotasuna da konda. Ez dira zenbakiak konda.”
Oraino beste galde bat: Eliza ez dela osagarri onean erran duzu?
Bai alde batetik alimaleko krisi batean da. Hiru apezetarik bat depresioan da, beste heren bat leher egina da… kanpotik jinarazten diren apezak zoko betegailu bezala kontsideratuak dira. Esplotatuak bezala. Seminarioak hutsak dira edo kasik. Instituzioa gaizki da. Beraz geroa gazteen esku da. Zuek baizik ez duzue eliza altxatzen ahal. Zuek ez bazirezte mugitzen deus ez da gertatuko. Ebanjelioaren lehen denboretan bezala gaude. Dena berriz egiteko da. Bainan ez da estrategiarik. Gure parropien egoera ez da ona, bainan horiek guziak ez dira dramatikoak. Zeren beren fedea bizi duten giristinoak hor baitira eta hauen lekukotasunak du fedea bizirik atxikitzen. Zuek duzue hori bizi behar.
Nola izan beraz gaur egun giristino?
Bost arroken gainean altxa ezazue etxea: lehenik egin otoitza egunero. Ez erran ez duzuela astirik. Interneten zenbat denbora pasatzen duzue? Bigarrenik ez egon bakarrik, talde batean sar zaitezte. Hirugarrenik segi ezazue zuen adimenaren xorroxten eta fedearen barnatzen. Laugarrenik, bizi espiritual batean murgildu zaitezte eta bizi pertsonal diziplinatua hauta. Azkenik munduan engaia zaitezte, bada zer egin.Gisa hortan ez duzue fedea galduko, denbora berean zabalduko duzue zuhaurek ez dakizuela.
Segida ondotik jinen da.