Azalekoa | 2024ko Uztailaren 04a

Lekornetik kabalkada ikusteko gomita!

M.O.

Lekornetik%20kabalkada%20ikusteko%20gomita!

Uztailaren 28an eta agorrilaren 3an, lekondar gazteek kabalkadara etortzeko gomita zabaltzen dute. Horretaz mintzatzeko bildu gira Joanes Curutchague, Sandra Pochelu eta Abenttin Dubois lekondar gazteekin.

Kabalkadaren muntatzeko ohidura

Ez da lehen urtea Lekornen kabalkada muntatzen dela, bi urtez segidan 1995ean eta 1996an kabalkada berdina emana izan zen. Lehen urtean euria egin zuela-eta, erabaki zen ondoko urtean berriz emaitea. Beste belaunaldi bateko lekondarrek, 2014an, kabalkadaren muntatzeko xedea agertu zuten. Hamar urte pasa direla-eta, horra beste belaunaldi batek herrian ikusgarria berriz muntatzeko gogoa ukan duela. Gurekin bilduak ziren hiru lekondarrek kontatzen zuten herriko besta komiteko gazteak solasean hasi zirela eta kabalkada baten antolatzeko nahikaria zutela. Izurrite garaian lehen gogoetak hasi zirela esplikatzen zuten. Gaztetasunak ekartzen duen ernetasunaren ondorioz, talde bat gogoetatzen hasi ziren. Gazteen artean zerbait egin behar zela erabaki-eta, herritarrekin bildu ziren, denen artean adosturik, aurtengo udan publikoari kabalkada aurkeztu ahal izaiteko.

Aurten emana izanen den kabalkadaren kudeaketa guzia gazteen gain da, denaz arduratzen dira. Joanes Curutchague, Abenttin Dubois eta Sandra Pocheluk zioten holako gertakizunaren antolatzeak herritarrak biltzeaz gain, euskarak herrian leku garrantzitsua ere hartzen duela, bai kabalkadan, baina baita biltzen diren herritarren artean.

Kabalkada

Uztail eta agorrilean emana izanen den ikusgarria lau ardatz nagusiren inguruan oinarritzen da: euskal dantza, kantua, antzerki-toberak eta Besta Berri. Azken hori kabalkadan sartua bada, betidanik Lekorne eta Gerezieta auzoetan antolatzeko ohidura izan da, kultura horri herritarrak atxikiak dira.

Kabalkadaren aitzin dasta bezala Maritzuli konpainiaren partaidetzan, “Zeina, dantza eta kaskarotak” deitu erakusketa Hodi Aldean egonaldian egon zen.

Orain lekondarrak trebatze lanetan ari dira, bakoitzak bere alorra lantzen du, astean bizpahiru aldiz biltzen dira. Antolatzaileek esplikatu dute ikusgarria nola landua den, parte hartzeko 16 urte beteak izan behar dira.

Dantza partea - Joanes Curutchague, Miryam Pochelu eta Dorothée Diratchettek kudeatzen dute. 120 dantzarik parte hartzen dute. Euskal dantza tradizionalez gain, sorkuntzak ere badira. Dantza aire batzuk Patxi Amulet musikari-kantari ezagunak arramoldatuak ditu. Bi auzoetan egiten den Besta Berrin oinarrituz, urrats desberdinetan dantza bat emana izanen da. Jantzi berriak Itzuli konpainiako Claude Iruretagoyena koreografoak eta Joana Olasagasti dantzariak ekoiztu dituzte.

Kantuak - Beste herritar batzuk kantuen ikasten ari dira. Jean Mixel Noblia herritarrak eta Valérie Marsan harpa joleak sortu abestiak emanak izanen dira.

Antzerki-toberak - Kabalkada guzietan bezala, zirtzilen eta beste jokalarien erranak entzunak izanen dira. Kabalkaden funtzioa hori baita, aktualitatea mihi xorrotx batekin aipatua izanen da. Gazte multxo batek idatzia du. Antzezlanarentzat belaunaldi desberdinak bateratu dira, gaztetik 60 urtekoak arte.

Bertsulariak - Kabalkadetan beren rola badute, plazan emana den ikusgarria komentatzen baitute, publikoaren plazererako. Lehen emanaldian Mizel Mateo eta Maddi Ane Txoperena hor izanen dira, bigarrenean Patxi Iriart eta Amets Arzallus.

Laguntzaileak - Ikusgarria muntatzeko xinaurri lanetan ari direnak ez dira ahantziak, 20 bat pertsona joste lanetan arizan dira, larunbatero bildu direla. Sandra Pocheluk kontatzen zaukun, giro ezin hobean iragan dela, bi kalaka eginez eta josten ikasteko parada ukanez, zenbaitzuk penatuak agertu dira, ez baitira berriz bilduko.

Informazio praktikoak

Uztailaren 28an igandez (16:00) eta agorrilaren 3an larunbatez (17:00) emana izanen den kabalkadarako txartelak HelloAssoren bidez erosten ahal dira, edota Hazparneko Xuriatean, Ortzaizeko Goikoetxea poterian, Mauleko Eskualduna ostatuan, Donapaleuko Amikuz’Echo prentsan eta Baionako Elkar dendan. Emanaldi bakoitzean 1.300 leku izanen dira.

Ikusgarritik landa han berean goxoan egoiteko parada izanen da, uztailaren 28an Punttu Kakotx eta Kontrabanda taldeek gaualdia animatuko dute, agorrilaren 3an Gaitixtaneka Orkestra eta Holako Delux taldeak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3755. zbk

Gure Hitza | 2024/07/04

Bizian badira…

Ainhoa Etchenique

Bizian badira, behin bakarrik gertatzen diren aukera sinestezinak. Herria astekarian lan egitea horietako bat izan da niretzat. Gutien espero nuenean gertatu da, esperantza galdu nuen momentuan. Hasi naizenetik jadaneko sei hilabete pasa dira, denbora izigarri fite pasa da. Gauza anitz ikasi ditut eta oraino ditut ikasteko. Kazetaritzaren mundua deskubritzen hasi naiz, artikuluak idazteko arauak, hots astekaria eskuetan duzunean eta artikuluak irakurtzen dituzunean, begipean duzuna nola egina izan ote den nehoiz galdetu ez nintzen guzi hori. Kazetaritza biziki aberatsa da, egunero gauzak ikasten dira eta jende anitzekin gurutzatzen da. Irakurri, idatzi, ezagutu eta deskubritu euskaraz egin ahal izatea gainera, oraindik politagoa da. Astekari hunek dituen baloreak maite ditut, denek egiten ditugun indarrei esker, aurten Herriak 80 urte beteko ditu.

Bizian badira aldaketa batzuk, kapituluak hesten eta beste batzu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016