Herriz Herri - Beskoitze (L) | 2024ko Uztailaren 04a
Herriko bozak: Pascal Jocou auzapez berria
Huna beraz azkenean heldu gara, lau urteko polemikaren, dimisioen eta hauteskunde aitzinatuen amaierara.
Lehen itzulian ekainaren 16an hiru zerrenda ziren lehian, Jocou Pascalen zerrendak %37.3 boz bildu ditu, Etchegaray Fabiennen zerrendak (Ayenza auzapez ohiaren axuanta) %34.9 boz, eta Camblong Haritzaren zerrendak %27.8 boz.
Bigarren itzulirako, emaitza itxaropentsuak izanik ere “Hats berri” Camblong-en zerrendak erabaki du bigarren itzulitik erretiratzea bozen kontsignarik eman gabe, ordu batzuk geroxago Haritza Camblong-ek prentsaren medioz adierazi du, arranguratua izanez Beskoitzeko ikastolaren geroaz, bigarren itzulian bozkatuko zuela ikastola iraunkorra herrian hobekien defendatzen duen zerrendarendako. Iduriz bigarren itzuliko emaitzak ikusita bere hautesleen zati handi batek bere kontsigna segitu du. Huna bigarren itzuliko emaitzak: Jocou %55.4 eta Etchegaray %44.6.
Haritza Camblong-en zerrendak, artikulu hunen bidez eskerrak eman nahi ditu beren zerrendaren alde bozkatu duten hautesle guziei, eta jakinarazten du lanean segituko duela Beskoitze herri euskaldun izan dadin.
Herriko 23 kontseilari berriak Herriko Etxean ofizialki sartu dira ekainaren 28 huntan arratseko 7tan, publiko andana baten inguruan.
18 kide Jocouren zerrendatik, 5 kide Etchegarayren zerrendatik.
Huna izendatuak izan diren hautetsiak denak 18 bozekin eta 5 xuri:
Jocou Pascal auzapeza eta 6 auzapez orde edo axuant: Larronde Patricia, Çuburu Alain, Siberchicot Stéphanie, Ithurbide Alain, Jullian Maria eta Hiriart-Urruty Eric.
Bururatzeko auzapezak eskertu ditu herritar guziak, lanean jokatzen ari direla oraindanik, 2 urte baino gutiago dutela, ikastolaren proiektu iraunkor baten gauzatzeko, herri huntako giroaren lasaitzeko eta herriko elkarteen laguntzeko.
Gure aldetik zorte eta kuraia on desiratzen diogu talde berriari.