Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Uztailaren 04a
Herriko Etxearen webgunea - Ordainpeko aparkalekuen plangintza - Inpakt Argazki Erakusketa - Elizako organoa erakusgai - Euskal Dantzak plazan - Merkatuak herri barnean eta Zokoan - Ibilaldia - Mendi Taldea - Herri kirolen erakusketa - Euskal Pilota partidak
Herriko Etxearen webgunea
Herriko Etxeak jadanik erabilgarri duen webgunea txalotzeko modukoa da. Bada urruña.eus euskarazkoa eta urrugne.fr frantsesezkoa. Lehen hori aipatu nahi nuke lerro hauetan, gure mintzairan, euskara txukun eta garbiaz aurkeztua dutelako. Baditu bost atal: Herriko Etxea, proiektu handiak, eguneroko bizia, kultura, elkarte bizitza eta kirola eta administrazio urraspideak. Atal hauetan informazio aberats eta baliagarria eskaintzen zaie urruñarrei. Eta horietaz gain, orrialdearen erdi aldean, era guzietako azken berriak aipatzen dituzte. Biba zuek! Bero zarta handia Herriko Etxean daudenendako, euskara bere tokian ezartzen saiatzen ari direlako.
Ordainpeko aparkalekuen plangintza
Herriak, trafiko handia pairatzen duten hiru auzoetan, aparkaleku politika berria indarrean ezarriko du. Ekainaren 23tik irailaren 7a arte herriko poliziek, ondoko eremuetan arauak betetzen direla kontrolatuko dute: 1.- Zokoako auzoan: 179 lekuko perimetroan, Untxin eta Ziburuko hondartzen inguruetan (9:00-19:30) egunero, igandeak eta besta egunak barne (30 minutu urririk egun bakoitzeko), ordaintzen den aparkaleku gunean. RD912ko saltegien inguruetan aldiz, eremu urdinean aparkatzea arautua izanen da. Haatik, "geldialdi lasterrerako" lekuak atzematen ahalko dira, saltegietan erosketa azkarrak egitea ahalbidetzeko. 2.- Pausuko auzoan: Pausu plazaren inguruetan eta RD810aren zati bateko eremu urdinean aparkatzea arautua izanen da, (9:00-18:00) gehienez oren bat eta erdiz. Horrez gain, disko urdin bat agerraraztea derrigorrezkoa izanen da. Haatik, "geldialdi lasterrerako" lekuak atzematen ahalko dira, saltegietan erosketa azkarrak egitea edota farmaziara joatea ahalbidetzeko. 3.- Hiri barnean: René Soubelet plazaren inguruan eta Jean Fourcade, Clément Laurenzenea, Dongaitz Anaiak, Bernard de Coral eta Sokorriko Ama Birjinaren karrikaren zati batean aparkatzea arautuko da, (9:00-18:00) gehienez oren bat eta erdiz, igandeak eta besta egunak barne. Horrez gain, disko urdin bat agerraraztea derrigorrezkoa izanen da. Haatik, "geldialdi lasterrerako" lekuak atzematen ahalko dira, saltegietan erosketa azkarrak egitea ahalbidetzeko.
Inpakt Argazki Erakusketa
Herriko Etxeak antolatu argazki topaketak aurten Véronique de Viguerie, Thierry Ardouin, Hélène David, Bruno Fert eta Léa Habourdin-en argazkiak erakusgai ditu herri guneko zenbait tokitan, eta hortxe izanen dira agorrilaren 20a arte.
Elizako organoa erakusgai
Uztailaren 7an, igandearekin, (18:00-19:00) Done Bixintxo elizako organoa bisitari guziei erakusgai eta entzungai izanen da.
Euskal dantzak plazan
Uztailaren 7an, igandearekin, euskal dantzak izanen dira ikusgai René Soubelet plazan, elizaren aitzinean.
Merkatuak herri barnean eta Zokoan
Larunbatero, goizean, herriko merkatua izaten da Rene Soubelet plazan, elizaren aitzinean. Tenorea: (8:00-13:00). Eta astelehenero, Zokoan, Untxin plazan. Tenorea: (8:00-13:00).
Ttipi-Ttapa ibilaldia
Uztailaren 6an, larunbatarekin, eta Oletako Trabenia ostatutik abiatuta, Ttipi-Ttapa ibilaldia izanen da. Izen-emaitea: (8:30). Prezioa: 10 euro, 18 urtetik beheitikoentzat urririk. Bi ibilbide izanen dira aukeran. Lehena: abiatzea: (09:30) 7 km, oren bat eta erdi. 154 metroko pettarra Intzolan. Bigarrena: abiatzea: (09:15) 8 km, bi oren eta erdi, 340 metroko pettarra Erlelepoan.
Urruñako Mendi Taldea
Sortu berria den elkarte hau urruñar mendizaleak biltzen saiatuko da, eta halaber, mendi ibilaldiak antolatzen. Ekainaren 27an, larunbatarekin, eta Herriko Etxeko plazatatik abiatuta, ibilaldi polita burutu zuten.
Herri kirolen erakustaldia
Uztailaren 8an, astelehenarekin, herri kirolen erakustaldia izanen da pilota-plazan. Tenorea: (21:00). Prezioa: 12 euro helduentzat eta 6 euro haurrentzat.
Euskal Pilota partidak asteartero
Uztailaren 9tik eta uda osoan, pilota partidak izanen dira ikusgai herriko pilota-plazan. Tenorea: (20:30). Kitorik. Urruñarrak pilota elkarteak antolaturik.