Hegoaldean | 2024ko Uztailaren 04a
Jaurlaritzako sailburu berriak
A.E.
Sailburu berriak 43 eta 64 urte artekoak dira, Imanol Pradales bizkaitarrak gidatuko duen gobernu berria zazpi emaztek eta zortzi gizonek osatzen dute, zazpi gipuzkoar, bost bizkaitar eta arabar bakar bat. Bi sailburu kanpoan sortuak izanik ere, Perez Iglesias Salamancan eta Hurtado Madrilen, Euskal Herrian bizi dira azken hamarkada luzetan. Lehen lehendakariordea emaztea izanen da, Ibone Bengoetxea eta bigarrena Mikel Torres.
Iragan astean Imanol Pradales lehendakari izendatu ondotik, legegintzaldiko batzordeak hautatu dira. Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzako bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE) eskuratu dute presidentetza 20 batzordetatik 16tan eta gainerako laurak EH Bilduren (2) eta PPren (2) artean banatu dira. Talde Mistoa osatzen duten Sumar-ek eta Vox-ek ez dute bakar bat ere gidatuko. EAJ-k hamabi lantalderen burua ukanen du eta PSE-EE-k laurena.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJ-rekin aulkietan berdindu zuen EH Bilduk, bi batzordetan izanen du presidentetza. PP-k, 7 aulki lortuta, batzordetako bi presidente ukanen ditu.
Talde Mistoko alderdiak batzorde banaketaren inguruan ados jarri ez direnez, Legebiltzarreko Mahaiak erabaki du Sumar-ek hamar batzordetan parte hartuko duela eta Vox-ek gainerako hamarretan.
Behin batzordeak osatu eta, Eusko Legebiltzarrak udako etena eginen du eta lehen bilerak irailaren erdialdean eginen dira.