Orotarik | 2024ko Urriaren 03a
Kukumarro
Xarles Videgain
Ardantza, mahastia, miñabesea
Bada ardoa, arnoa, ardëa egiteko beharrezko den landarea aipatu behar dugu. Gaurko egunean mahatsa ematen duen lekua, mahastia, masduia, miñabese, miñarde, miatze, aihena, hautina deitzen dugu. Hainbeste izen izateak berak adierazten du izen horiek guziak ez direla hain zaharrak.
Mahasti hitza aski zaharra da, miñarde hitza ez hain zaharra bainan zein zen beraz izen zaharragoa?Jean-Baptiste Orpustanek egin duen lan gaitza -usaian bezala- erabiliko dugu.
Ohartu nintzen duela aspaldi "ardantza" aipatu zidala baigorriar batek nahiz gehienetan berak "mahasti" erraiten zuen. Ardantza oraino erabiltzen da iduriz, Dorraon, Mezkiritzen, Abaurre gainean. Bainan ardantza zer da?
Bere lanaren hatsarrean, Jean-Baptiste Orpustanek oroitarazten du izan zela beilari famatu bat 1140 inguruan Konpostelara joan zena, eta Euskal Herria iragan zuelarik ikasi zituen hitz zonbaiten berri eman zuen bere liburuan. Aimeri Picaud deitzen zen gizon hura. Ez omen zen ongi tratatua izan hemen. Baina ikasi zituen hitzen artean, "ardo" hitza aipatzen du, "ardum" idazten du latinez bezala m batekin.
Aldiz sagardoa ez da ageri bere dokumentuan. Alta sagartzeak eta sagardoiak ez ziren eskas ordukotzeta erdaraz "a pomada" deitzen zen. Bidarrain konparazione, 1580an bazen sagardoi bat 500 ondo zeuzkana. Ezpeletako jaunak bazituen 2.000 sagartze eta gerla baten ondotik etsaiaren soldadoek moztu zituzten tronko eta enbor guziak. Berriz populatu zuten sagarrondoa, hots, arralandatu.
Baina gauden mahastiarekin. Eta ardoarekin. Anitz landatzen zen mahastirik eta edaten ardorik Erdi Aroan, Sordes apatiaren paperetan 1070ean agertzen baita jadanik. Amikuze aldean ere ikusten da 1160an. Amorotze inguruan. Baigorriko bizkondeak 1167an vineam mahastia landatu zuela diote testu zaharrek. 1203an erraiten da mahasti bat bazela Baionako zubi baten ondoan eta 1246an Donzac inguruan Baionan ere. Kasu, hitza ez da euskaraz etortzen paper horietan.
Erakutsi nahi dut ardoa egiteko beharrezkoa den landarearen izena aldatu dela partez. Bi izen nagusi agertzen dira, "ardan" eta "mina", "miña".
Euskarazko izena, lehenik, lehena, "ardan" izan da. Ardanburu leku izena Nafarroan badago 1283az geroztik. Ardan bustia, hots mostoa (fardilloa?), XIV. mendean ikusten dugu beti Nafarroan. Iparraldean ere, alegia deus, ardan horrek badu erroa. Nork ez du ezagutzen Ardans, Ardanz famili izena. Elizak badu dohatsu bat Isturitzekoa, François d'Ardan deitzen dena. Baigorriko Okozen bada 1350ean jadanik Ardantze etxea. Bunuzen izan da Ardandegui etxea 1551n. Angelun egun ere bada Ardenague bidea, eta euskaraz Ardanaga zen, Lizarraga edo Urkiaga erraiten den bezala, Ardanaga. Jean-Baptiste Orpustanek enetako bitxi den beste adibide bat ematen du. Urketa inguruan bada erreka bat Aturri aldera doana eta izena du Ardanavy, Ardanabi. Ura dakarren errekari ardoaren izena ematea ere ez ote da bitxi? Behar bada, Ardanabi hori zen errekaren bazterrean edo iturri aldean zen lekuaren izena, frankotan gertatzen den bezala, erreka non sortzen eta hango izena emaiten zaio. Baionan bada Ardangos "dans le quartier des vignes" preseski. Eta egiten duten beste izenak ageri dira Landesetan hala nola Ardenx, Akize inguruan. Ardantze hitza frangotan laburtua izan da eta Ardantz, Ardan bilakatu da. Gazte-gazte ez direnek entzun dukete izan dela Ardantza jaun bat, Euskadiko lehendakari izan dena eta Elorriokoa zena. Beraz, Ardantze izenak badu bere pisua gure herrian.
Erranen didazu, bainan beraz ardantze balin bazen euskarazko izena, zendako ez da egungo egunean kasik bat ere erabiltzen? Eta diot: preseski emeki emeki ardantzaren ordez latinetik jin hitza sartu baita.
Latinak alabaina woinos izen zaharra hartu zuen,grekoz, oinos "vin", "vino", "bin". Hitz horrek euskaraz mina, mia, miña, miatze eman du. Noiznahi ikusten duzu Miñaberri, Miñazabal, Miñategi, Miñagarai, Minhondo, Minazar. Beraz minhondo hitza mahatsarekin lotua da nolazpait. Eta mahatsa den lekuari, Miñatze Zuberoan Benafarroan baino haboro. Mindegia ere ezaguna da eta "pépinière" da, jende izen gisa ere ezaguna; seguraski hitz honetan miña begia dela, hots xotxa edo xartu bezalako girtaina.
Apart dago aihena Zuberoan. Aihena euskaldun frankoren arabera landare luze bat da, edo ondoa bera. Baina Zuberoan mahastia adierazteko erabil daiteke. Apart ere autina, mahasti berezi bat, biziki gora landatzen zena, altua zena, hartakotz du autin izena (altus) eta autinaren mahatsondoen artean lursagarra ereiten zen, "culture dérobée" deitzen baita, lur alferrik bat ere utzi gabe. Hautin Euskal Herritik kanpo erabiltzen da jende-izena gabe eta 1571n Testamendu berria euskaraz eman zuelarik Beskoitzeko Lizarragak, Arroxelako Hautin inprimategian argitaratu zuen.
Bitxi dena eta Jean-Baptiste Orpustanek ohartarazten duen bezala, mahats hitzak ez du deus utzi leku eta jende izenetan. Baina beste behin aipa genezake.
Beraz horra mahastiaren izena, ardantza zaharra eta minaberri berri guziak.













