Azalekoa | 2024ko Urriaren 31a

"Laborantza herrikoiaz bizi eta elikatu"

A.E.

Kabalen xokoan, Oheta etxaldeko Jean Michel Brust behi gasna egiten
Kabalen%20xokoan_%20Oheta%20etxaldeko%20Jean%20Michel%20Brust%20behi%20gasna%20egiten

Aurten, Lurrama azaroaren 8, 9 eta 10ean iraganen da Iratiko erakustazokan. Aurtengo edizioa hemeretzigarrena izanen da. Gibelerat joan nahi ukan dugu Lurramaren hasierak bai eta gaur egungo egoera aipatzeko. Horretarako, Ugo Alberbiderekin bildu gira.

Lurramaren hastapenak

Ainhize Monjolosen kokatzen den Euskal Herriko Laborantza Ganbarak du Lurrama antolatzen. Lehen edizioa 2006an iragan zen, Baionako Glaineko elkarteen etxean. Ondoko edizioak Glainen eta Xaho kaian iragan ziren. 2011tik landa Miarritzen antolatu da, Iratiko erakustazokan.

Urteroko helburua eskualde baten gomitatzea da eta aldiro babesle baten ukatea. Edizio bakoitza gai baten inguruan antolatzen da.

Lurramaren helburua elikaduraren inguruan jendea sentsibilizatzea da, laborantzarekin lotura eginez. Modelo industrialaren parean modelo alternatiboa badela erakustea du xedetzat.

Laborantzak dituen arazoen parean

Urte hastapenetik, manifestazioneen bitartez aldarrikatu bezala, laborariak krisi egoeran dira. Ugo Arbelbidek erran digu manifestazio horiek diru sartzeei zuzenduak zirela gehien bat. Azken hunek zioen laborarien prezioak beherantz eramanak direla, eta horren parean kontsumitzaileek geroz eta zailtasun handiagoak dituztela produktuen erosteko, inflazioa azkarki hupatu baita. Alde batetik, pagatuak ez diren laborariak badira, eta bestetik produktuak erosten ahal ez dituzten kontsumitzaileak. Arazo hori aipatu nahi izan da aurtengo Lurraman, egoeraz ohartzeko eta horren parean aterabideen atzematen entseatzeko. Lurraldean berean alternatibak badiren gogoetatuko da.

Bi konferentzia iraganen dira elikaduraren jendarte segurantzari buruz, bata konferentzia klasikoa izanen dena eta bestea jestukatua. Helburua elikaduraren jendarte segurantzaren bosgarren adarra sortzea litzateke, kotizazioaren arabera eraikiko litzatekeena. Diru hori ondotik kontsumitzaileei berriz banatua litzateke, baina zama horrekin hitzartua den produktu bat erosteko baliatua litzatekeena. Ideia hori laborarien konfederazioak eramaten du, baina bai eta herritar kolektibo batzuek. Ugo Alberbidek erran digu Euskal Herrian mugimendu bat bazela ideia horren inguruan.

Aurtengo edizioa

Aurtengo edizioaren gaia "Laborantza herrikoiaz bizi eta elikatu" izanen da.

Korsika izanen da gomitatua den eskualdea. Bigarren aldia da Lurramara etortzen dela. Ugo Arbelbidek erran digu eskualde hori hautatua izan dela Euskal Herriarekin antzekotasuna duelako, eta nortasun handikoa baita. Ugo Alberbidek zioenez, korsikarrak aitzinatuagoak dira kalitate markaren kopuruari dagokionez.

Aurtengo ohorezko gomita Karine Jacquemart izanen da. Emazte hori Foodwatch France-ko zuzendari nagusia da 2015etik. Gardentasuna eta jende eskubideak defendatzeko engaiatua da, sustut elikadura eskubidea eta elikadura segurtasunari dagokienez. 16 urte baino gehiago pasa ditu elkarte sektorean nazioarteko proiektuak zuzentzen. Karine Jacquemart-ek Lurraman konferentzia eginen du "Elikadura, egunero errepikatzen den historia politikoa!" gaiari buruz, azaroaren 9an larunbatarekin (17:00).

Urtero bezala, baserri merkatua izanen da, aurten Korsikako laborariekin ere. Besteak beste, Hazi sareak laborari hazien inguruko animazioa antolatuko du. Horrez gain, Gaztaina elkarteak ere parte hartuko du, Euskal Herriko gaztainaren kulturaren inguruan animazioak antolatuz.

Agro-oihangintzaren inguruko animazioa ere antolatua izanen da, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak praktika hori lehen tokian ematen baitu. Praktika hori agro-ekologikoa da, zuhaitz edota hesiak alor edota hazkuntzarekin elkartzen dituena. Helburua arbolek dituzten onurak laborantza ekoizpenean erabiltzea da.

Oraindik ere langile xerka

Ugo Alberbidek jakinarazi du Lurramak oraindik ere laguntzaileak xerkatzen dituela. Azpimarratu nahi ukan du Lurrama borondate onekoei esker bizi zela, orotara 1.000 laguntzaile inguru batzen dira 3 egunetan. Interesatuek www.lurrama.org webgunearen bitartez izena eman dezakete. Izena taldeka eman daiteke, formularioa betetzean zehaztuz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3759. zbk

Gure Hitza | 2024/10/31

Landareen musika

Peio Jorajuria

Landareak ere musikariak ditugu. Hara duela guti zer deskubritu dugun kontzertu batean. Azken urte hauetan askotan aipatzen da zuhaitzek eta oro har edozein landarek halako bibrazio edo uhin berezi batzuk zabaltzen dituztela, berek bizi dutenaren seinale. Hortik, haatik, musika jotzeraino, bada urrats bat beteko ez genuena! Alta, kontzertu horrek bildua zen publikoari frogatu dio landareek, landare guziek, musika jotzen dutela.

Musika horren entzuteko, haatik, baldintza bereziak behar dira. Delako kontzertuan, bi artista bagenituen Ariègetik etorriak, bata harpe-jolea, bestea krontrabaxu-jolea. Landare andana batez inguratuak ziren, iratze, fuchsia eta beste, hemengo eta urrunagokoak. Landareari bi kaptatzaile berezi lotzen zizkioten, bat erroetan, bertzea hosto batean, eta bertze puntan bi kaptatzaile horiek kutxa ttiki bati lotuak ziren. Kutxak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016