Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Agorrilaren 01a

Mintzali - Obrak bideetan - Xardina besta - Haltya jauregiaren 150urteak - Agorrilaren 15eko elizkizunak - Pilota

Takashi Nagai medikua
Takashi%20Nagai%20medikua

Mintzaldi

Joan den ortzirale arratsaldean iragan da Takashi Nagai japoniar medikuaren biziari buruzko mintzaldia Nathalie Fourmyren ganik. Beharbada eguna eta tenorea ez ziren arras egokiak telebistetan Joko olinpikoen hasierarekin batean. Mintzaldi horrek merezi zuen entzule gehiago. Nor zen Takashi Nagai? Txinatarren eta japoniaren 2. gerla bezperan, Takashi ikasle harroa Nagasakiko unibertsitatean zebilen, bere ateismo eta materialismo ideiek zerabiltela. Bere ama galtzearekin biziaz dudak izan ditu eta Midori, bere espos bilakatuko denak sustengatuko du eta kristautasunera konbertituko da. Miseria handi batengatik Midorirekin familia sortuko du. Ikertzailea baita, babesik gabe lanean ariz, leuzemia eritasuna biltzen du, bainan erradiologian lana segituko du. Igurikatzen ez zena gertatu zen 1945eko abuztuan amerikanoek Nagasakin bigarren zartagailu atomikoa tiratu zutelarik, emaztea eta familia galduko baititu (70.000 hil izan ziren egun hartan berean). Kristau fedean azkartuz lana segituko du 1951n hil arte, 18 liburu idatzi dituela, heietan baliotsuenak: “Nagasakiko ezkila” eta “Gerla alor eta bake kantu Nagasakin”. Horien bidez bakearen aldeko lekukotasunek mundu osoa kurrituko dute. Bera eta bere emaztea dohatsutasunera hel daitezen eskaera eginik 2021ean, eliza katolikoa ari da behar diren inkesta eta izapide guzien lantzen. Zonbait denbora joan daiteke emaitzak jakin gabe.

Mediku horren bizi hunkigarriaz eta jasan dituenekin, marrazki bizidun liburu bat egina du Nathalie Fourmy andereak, beraren ganik edo liburu dendetarik eskura daitekeena.

Obrak bideetan

Uztailaren 29tik agorrilaren 9ra Lapurdiko Bizkondeen karrika obretan izanen da egin beharra den biribilguneari buruz, lurperatuak izanen baitira elektrika eta telefono sare guziak. Su gorrien medioz aldizkatua izanen da horko ibilera autoendako. Denbora berean Bazterkarrika ere sentsu bakarrera ezarria izanen da. Jendeari galdatua da zuhurtzi handia hor gaindi ibiltzean.

Xardina besta

Agorrilaren 2an Labourdins elkarteak antolatzen du ohidura duen bezala bere urteko xardina besta arratseko 20:30etarik goiti gau osoan betiko tokian Bilgunen. Segurtatuak ditu 150 kilo xardina jende gehien bati plazer egiteko asmoz. Gomendatzen du halere parte hartzaileeri aski goiz etortzea, izaiten baita beti lerro luze bat zerbitzatua izan aitzin. Prezioa: xardina platera euskal piperradarekin 10 euro. Gaualdiaren animazioa egina izanen da euskal kantu eta musika herrikoiekin. Aro txarra gerta baledi, aterbea segurtatua izanen litzateke. Ongi etorri deneri.

Haltya jauregiaren 150 urteak

Haltya jauregiaren ospakizunek segitzen dute beti. Agorrilaren 10ean (21:00) eta biharamunean tenore berean bi gaualdi antolatuak dira lema hunekin: “Si Haltya m'était conté” ikusgarria. Sartzea libro izanen da bakotxak parte har dezake diru laguntza ekarriz.

Agorrilaren 15eko elizkizunak

Andre dena Mariaren eguneko elizkizunak hauek dira Uztaritzen: bezpera arratsean (19:00) meza Bixintxo elizan eta 15ean meza (9:00) Larresoron, (10:00) seroren komentuko kaperan eta (10:30) Bixintxo elizan. Maddi izeneko guzieri besta on.

Pilota

Pasatu asteburu huntan Frantziako xapelgoaren kondu Kapito Harrirentzat emaitzak hauek izan dira:

Luzean helduetan A mailan Donapaleun jokatu partidan Uztaritze 13, Baigorri 7. Beti helduetan B mailan Baionan jokatu partidan Baiona 13, Uztaritze 0. Ez dira hemen gure mutikoak batere nahi bezala jokoan sartu. Luzean gelditzen da jokatzeko artekoen mailako finalerdia.

Joko garbi artekoetan Baionan finalerdian gure taldea (Sarthe, Alzuri, Bidart) finalerako sailkatu da partidarik jokatu gabe, Azkaindar arerioak agertu ezean. Dirudienez nunbait komunikazio eskas bat izan da. Noren faltaz? Pena pilotari gazteentzat. Joko garbin beti, gaztetxoetan final laurdenetan Uztaritzek irabazi du 40/21 Donapaleuren kontra. Gelditzen dira oraino finalerdiak jokatzeko gaztetxoena eta xitoena.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3759. zbk

Gure Hitza | 2024/08/01

Bakantza on deneri!

Ainhoa Etchenique

Euskal Herriak urtero turista anitz erakartzen ditu. Aurten ere, gure bideetan kanpotar matrikulak ezker-eskuin ikusten dira. Errexki asma daiteke gure aitzinean turista bat badela, bere bidea atzematen ez duenez edo 80 kilometro ordura mugatua den bide batean 50era joatea irringarriagoa dela atzematen duenez, auto lerro alimaleak sortzen baititu. Erran behar da arrunt kakingarriak direla!

Iazko abuztuan, 3.507.000 bisitari izan ziren Ipar Euskal Herrian. Frantziatik heldu direnen bisitarien %100a hartzean, %10a Parisetik etorri da, %7a Girondatik eta %6a Hauts-de-Seine-tik. Atzerriko bisitarien %100a hartuz, %12a Erresuma Batuetatik etorri da, %15a Alemaniatik eta %29a Espainiatik.

Iazko irailean ere turismoak azkarki segitu du, 1.920.000 bisitari izan baitira. Orotara, 2023. urtean, 16.781.000 bisitari inguru zenbatu dira. Horietan, %80a Frantzia estatutik etorri da.

...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016