Ba ote dakixu? | 2024ko Agorrilaren 01a
Joko olinpikoak, historia mitiko bat! (5/5)
Gilen Bacho
1936ko “ahalkearen jokoak” lehen joko modernoak izan ziren ere, lehen aldikoz Jokoak telebistan erakutsiak izan baitziren. Munduaren aurrean, eta Hitlerrenean, Jesse Owens-ek, 100 metroko lasterketa irabaziz, “arraza ariarrak” nagusitasunik ez zuela erakutsi zuen (eta amerikar segregazionisteri “xuriek” nagusitasunik ez zutela). Hiru kamara erraldoi olinpiar estadioan instalatuak izan ziren. Kanoi forma bazuten. Hiru urte geroago, egiazko alemaniar kanoiek 2. mundu gerla piztu zuten.
Politikarik ez?
1948an, 12 urte geroago beraz, Joko olinpikoak berriz antolatuak izan ziren, Londresen, britainiar hiriburuaren erresistentzia ohoratzeko, politika ofizialki baztertua izanez ere (oraingo egungo Thomas Bach CIOko presidentearen arabera, “Joko olinpikoen politizazioak Joko olinpikoen bukaera erran nahi luke”) baina Montalembertek erran bezala XIX. mendean, “politikaz ez bazira arduratzen ere, politika zutaz arduratzen da halere”. Hitz horiek dramatikoki konfirmatuak izan ziren 1972ko Municheko Jokoetan Israelgo atleten bahiketarekin. 1976an, Montrealen, hogei bat afrikar herrik Jokoak boikotatu zituzten Zeelanda Berriko errugbi taldearen presentziagatik, talde horrek Hego-Afrikaren kontra jokatzea, aste zenbait lehenago, onartu baitzuen. Apartheidaren Hego-Afrika Joko olinpikoetatik baztertua izan zen, olinpiar kartak diskriminazioa debekatzen baitu. Gerla hotzaren testuinguruan (1972ko jokoetan, saskibaloian, sobietarrek amerikanoak garaitu zituzten leiendazko final batean), tentsioak handitu baitziren Sobietarrek Afganistan inbaditzeagatik 1979an, Estatu Batuek (eta aliatu zenbaitek, baina Frantziak ez) Moskuko Jokoak boikotatu zituzten. Orduan, Sobietar Batasunak (beste 12 herri komunistekin) 1984ko Los Angelesko Jokoak boikotatu zituzten. Egun oraino, testuinguru geopolitikoak beti influentzia badu Jokoeri buruz. 2024ko Parisko Jokoetan, errusiarrek soilik bandera neutral batekin Jokoetan parte har dezakete eta hori bakarrik Ukrainaren inbasioa ez badute sostengatzen. Batzuetan, kirolariak dira engaiatzen. Nola ahantzi, 1968ko Mexikoko Jokoetan, Tommie Smith eta John Carlos-en ukabil altxatua ohorezko tauladan, arrazismoa salatzeko?
“Estadioko jainkoak”
Nola ez bukatu “estadioko jainkoen” balentriak aipatu gabe. Crotoneko Milon borrokalari grekoa, sei aldiz txapeldun izan zena edo Rhodesko Leonidas lasterkaria, 12 aldiz txapeldun izan zena (hiru garaipen lau Olinpiadetan!), Antikitateko Olinpiar Jokoetako izen mitikoak dira. Joko olinpiko modernoek ere bere heroiak baditu. Medailen zenbakia kontuan hartuz, Michael Phelps amerikano igerikaria Jokoetako txapeldun handiena da, 28 medaila irabazirik (23 urrezko!) 2004tik 2016ra. Larissa Latynina sobietar gimnastikalaria bigarren postuan da, 18 medailarekin (9 urrezko), 1956tik 1964ra, eta hirugarren postuan Paavo Nurmi finlandiar atleta, 1924tik 1928ra 12 medailarekin (9 urrezko). Justu gibelean, Carl Lewis amerikano atleta, 10 medailarekin (9 urrezko ere). Beste txapeldun handi batzuk ere historian egon dira: Johnny Weismuller (5 urrezko medaila 1924an), Jesse Owens (4 urrezko medaila 1936an), Emil Zatopek txekoslovakiar atleta, lau aldiz olinpiar txapeldun izan zena, aldi batez maratoian, 1948an eta 1952an, eta Nadia Comaneci errumaniar gimnastikalaria, 1976an Joko olinpikoen leiendan sartu zena, 14 urterekin, nota perfektua lortuz (10/10). Laura Flessel (lehen emaztea ezpatan irabazlea, 1996an) eta Marie-Jose Perec (3 urrezko medaila lortuz 1992an eta 1996an) frantsesak aipa ditzakegu, baina ere Maialen Chourraut Yurramendi euskalduna, Lasartekoa, urrezko medaila lortu zuena, kayakez, Rioko 2016ko jokoetan. Ea uda huntan, Parisen, nor sartuko zaigun Joko olinpikoen historia mitikoan?