Jainkoa bizia jendea | 2024ko Agorrilaren 01a

Herria

Johanes Bordazahar

Datorren larrazkenean, Herria kazeta honek bere lauetan hogoi urteak kunplituko ditu. Nire xedea ez da kazetaren azterketa egitea, ez eta ere edukietan sartzea. Etorriko dira eztabaida eta balorazioen garaiak. Nahi nituzke alde batetik kasetak duen “nortasun berezia” aipatu eta bestetik, gaurko berrogeita hamar-hirurogei berriketariak, opor zenbait hartzekotan direnak, ohoratu, ahantzi gabe aspalditik hainbeste berri emaile izan direnak. Ohoratzea beste eskertzeko manera bat baita. Euskarazko agerkari guzietan zaharrena hor datorkigu, astero, bere adin handian nehoiz bezain bizkor. Mirakulua diote aho guziek. Nola iraun du agerkari honek eta nondik du oraino irauteko gogoa, hain baliabide gutirekin, eremu hain mugatuan, hain zuhurki eta beti bere ildotik? Nonbaitik duke odol eta hats. Herritarreri, astero, zerbait hazkurri ekarri duke… Beti bezala mirakulu handiak gauza txikietan aurkitzen dira. Lehen orriaren kasko kaskoan, logoan ikusten da, gorriz, elizaren aitzinaldean pilota plaza. Plaza, herriaren erdigunea. Hor du herriaren bihotzak jotzen, pilota partidetan, herriko festetan, prozesioetan, dantzetan, libertimenduetan, kabalkadetan, ihauterietan… Eta Herria kazetak, berdin, herritarren biziaren erdigunean egina du bere plaza.

Herri honek baldin badu zenbait nortasun (beti ere apala!) herritarren elkartasunetik du. Partaideen ahal eta gaitasun xumeak bateratu gabe, herrialde honetan, ezin dugu ezer lortu. Eta hain segur hau dugu gure xantza. Nondik dugu, bada, gure nortasuna plazan adierazteko behar gorri hori! Uda honetako Askaot, pastoral edo beste kabalkada muntatzea nola daiteke posible, herritar langile eta aktorerik gabe? Neurri handiago batean Herri Urrats, Lurrama eta beste. Berdin, Herriak oraino hats eta odol balin badu, borondatezko berrogeita hamar berriketariei zor dio, profesional pare baten ardurapean. Paper honek ere gorago aipatutako ikuskizunen maneran “Herri”, populu, egiten gaitu, dirdira gutiagorekin. Baina bere xumean iraunkor bezain egoskor.

Herriak badu ere bere-berea duen estiloa. Berriketari, barkatu, pilota plazan gelditzen balin banaiz une labur batez! Zu, herriko berri emailea ziren horren manerak badu ondoko honekin eite handia. Adibide bat hartu behar eta horra KIROLAK izenburua gure kazetaren azken-aitzineko orrialdean. Iparraldeko prentsa frantsesean, edozein kazetetan “Kirol” izenburupean gai nagusiak izanen dituzu, luze eta zabal: errugbia, txirrindularitza, futbola eta abar. Azken zokoan pilota. Herrian alderantziz, pilotak du leku nagusia, etxekoia baita, zimenduak herriko kulturan bertan eraikirik.

Era berean, ohargarri bezain eredugarri da nola Herrian emana den pilotaren berri: herrikoiki, jakina! Histeriarik, polemikarik edo gehikeriarik gabe; labur, sano, ahal bezain garbi eta leial. Pilotari gaztetxoenak bere izenarekin leku osoa hartuko du plazan bezala kazetan; neska-mutil hasi berria ala profesionala ohore berean, jendetasunez. Plaza bazterretan kausitzen den nolakotasun bera kausituko da herriz herri agertzen diren artikuluetan. Pilotako ala herriko berriketari, guziak zaituztegu “plaza-andre” eta “plaza-gizon”.

Beldur naiz, zoritxarrez, ez ote dituen frantsesaren hegemoniak plaza bazter guziak laster berekin eramanen. Duela guti Bunuztarrek Askaot ikuskizunetik Euskal Herriko lau haizetara ozen bota dute: “Oztibartarrek e’txiu dantzatzen/ Txalotuak izaiteko/ Baina eskual karriketan/ Denak norbait girelako/ Eta hizkuntza berdinarekin/ Jauzi eginen‘txiu gora/ Dantzan ere eramanez/ Eskuara lehen lerrora” (1) Oxala, oihua plaza guzietan obratua balitz! Jadanik Heletak, erreboteko paretatik, zabaltzen dauku oihartzuna: “GAUDEN GU”

(1) N&G Etxeberri-Lopepe

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3759. zbk

Gure Hitza | 2024/08/01

Bakantza on deneri!

Ainhoa Etchenique

Euskal Herriak urtero turista anitz erakartzen ditu. Aurten ere, gure bideetan kanpotar matrikulak ezker-eskuin ikusten dira. Errexki asma daiteke gure aitzinean turista bat badela, bere bidea atzematen ez duenez edo 80 kilometro ordura mugatua den bide batean 50era joatea irringarriagoa dela atzematen duenez, auto lerro alimaleak sortzen baititu. Erran behar da arrunt kakingarriak direla!

Iazko abuztuan, 3.507.000 bisitari izan ziren Ipar Euskal Herrian. Frantziatik heldu direnen bisitarien %100a hartzean, %10a Parisetik etorri da, %7a Girondatik eta %6a Hauts-de-Seine-tik. Atzerriko bisitarien %100a hartuz, %12a Erresuma Batuetatik etorri da, %15a Alemaniatik eta %29a Espainiatik.

Iazko irailean ere turismoak azkarki segitu du, 1.920.000 bisitari izan baitira. Orotara, 2023. urtean, 16.781.000 bisitari inguru zenbatu dira. Horietan, %80a Frantzia estatutik etorri da.

...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016