Mundu zabalean | 2024ko Agorrilaren 01a

Bestelako turismoa

M.O.

Bestelako%20turismoa

Bidaiatzea pentsatzen denean, gehienetan turistiko gune ezagun edota arrakastatsueri pentsatzen da. Badira ere haratago aukera batzuk, bakantzak bestela iragaiteko, toki aberasgarriak ezagutzeko. Turismo alternatiboak deitzen dira. Oporraldi klasikoez gain eskaintzak zein diren begiratzera joan gira.

Turismo alternatiboa zer da?

Azken urteotan, zenbaki turistikoen arabera, bidaia industrialak etengabeko hedapena hartu du. Bidaiatzea errexagoa eta eskuragarriagoa bihurtu da, gero eta pertsona gehiagok leku exotikoak edo sentsazio berriak bilatzen dituzte.

Turismo alternatibo moldeak, errentagarriak diren gune turistikoetatik haratago beste aukera batzuk proposatzen ditu. Turismo klasikoak anitzetan bisitatu eskualdeentzat eta bertako herritarrentzat gero eta gehiago kaltegarriak bilakatzen ari dira. Turismo alternatiboaren eremu zabalak praktika desberdinak kontutan hartzen ditu, bidaien ikuspegi eko-arduratsua da. Tokiko ekonomia, sozial egoera eta ingurumen inpaktuak kontutan hartzen ditu. Abantaila batzuk ditu, guti bisitatuak diren lekuak ikustea eta hurbileko esperientziak bizitzea, tokiko kulturan murgilduz. Bestalde aztarna ekologikoa murriztearen helburua du, ingurumenarekin errespeta daitezkeen bidaia praktikak sustatuz eta natura zaintzen lagunduz.

Masa turismoaren eragin negatiboa mugatzea ahalbidetzen du, herrialde baten nortasuna osatzen duten elementuak babestuz (kultura, historia, biztanleak...). Bidaiarientzat kostuak murriztuak dira, oporraldi mota horrek gastu handiak saihesten ditu.

Turismo alternatiboaren molde desberdinak

Turismo alternatiboek bidaia esperientzia atseginagoa eskaintzen dute, planeta eta tokiko populazioak errespetatzen dituena. Aldi berean mundua molde arduratsuan ezagutu nahi duten bidaiarientzat abantaila handiak proposatzen ditu.

Turismo iraunkorra - Ingurumen inpaktua ttipitzea eta tokiko herritarren ongizaitea sustatzea helburu du, bisitatu lurraldeetako naturaren eta kulturaren baliabideak balioan jarriz. Ekoturismo mota hau naturaren aurkikuntzan eta ingurumenaren kontserbazioan oinarritzen da. Fauna, flora eta ekosistemak errespetatzen dituzten aktibitateetan oinarritzen da, tokiko herritarrak babesten dituena.

Baserri turismoa - Laborantza eremuetako helmugan eta jardueretan zentratzen den bidaia moldea da. Bidaiarieri baserrialdeko bizitza esperimentatzeko eta ezagutzeko posibilitatea eskaintzen du. Laborantzan, mahastizaintzan edota artisautzan bakantzetan lan egiteko aukera eskaintzen du.

Bidezko turismoa - Bidaia ikuspegi bat da nun tokiko herritarrekin berdintasunean, justizia sozialean eta eskubideen errespetuan oinarritzen den. Bidaiarien eta komunitateen artean partaidetzak sustatzen dira eta turismoaren benefizioak tokiko garapenerako zuzenean banatzen direla bermatzeko ahala eskaintzen du.

Turismo solidarioa - Bidaia molde hunen helburua da bidaiarien eta tokiko herritarren arteko elkartasuna indartzea. Bisitariek, sozial sailean, ekonomia garatzean edota ingurumen proiektuetan, molde aktiboan parte hartzea bermatzen du. Bisitatu helmugak molde jasangarrian garatzen laguntzeko xedea du.

Turismo parte-hartzailea - Turisten eta tokiko populazioen arteko loturak ahalbidetzeko helburua du, trukearen balioak eta hospitalitatearen zentzua aitzinean ezarriz.Etxeen trukatzea adibidez turismo parte-hartzailearen filosofiara egokitzen den praktika da.

Bidaia etikoa – Funtsezko bizitzarekin berriz konektatzea da. Naturarekin harreman zuzena ukanez, eguneroko estresetik ihes egitea ahalbidetzen du. Jende guti ibiltzen diren lekuak dira.

Elkartasunezko turismoa - Lekuko merkataritza eta garapen iraunkorra sustatzeko, tokiko biztanleeri aukera ekonomikoak plantan jartzeko laguntzak bilatzen ditu. Tradizioak balorizatzea eta kultura ondarea babestea da helburua.

Turismoa kutsadura bektore

Nature Climate Change aldizkari zientifikoan argitaratu ikerketa baten arabera turismoa berotegi efektuko gasa emisioen %8aren erantzule da. Sydney, Queensland eta Cheng Kung unibertsitateetako ikertzaileek egin azterketen arabera, turismoa kutsadura eragile da, batez ere, helmugara heltzeko erabiltzen diren garraioengatik. Hegazkinek, autoek eta itsas ibilaldiek CO2 kopuru handia isurtzen dute. 160 herrialdetako joan-etorri turistikoeri buruzko datuak zientzialariek aztertu dituzte. Emisioak aitzineko estimazioak baino hiru aldiz handiagoak dira. Munduko turismoa %7z emendatzen ari dela eta, ingurumenarentzat gauzak ez dira hobetzera joanen.

Adituen arabera, Estatu Batuak dira zerrendaburu, munduko turismo kutsadura laurdena ordezkatzen dutelako. Ondotik Txina, Alemania, India eta Mexiko agertzen dira. Uharteetako estatuak ere hunkiak dira, horietan Maldiva, Seychelle eta Zipre herrialdeak, turismoak sortzen duen CO2 isurien %30 eta %80 artean litzateke.

Hainbat proiekzioren arabera, 2025erako, turismo masiboa garatzen segituz joanen da. Urtero, turismoak 5 eta 6 miliar tona CO2 artean isuriko ditu. Zientzialariek bidaia turistikoen karbonoaren zerga ezartzea proposatzen dute.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3759. zbk

Gure Hitza | 2024/08/01

Bakantza on deneri!

Ainhoa Etchenique

Euskal Herriak urtero turista anitz erakartzen ditu. Aurten ere, gure bideetan kanpotar matrikulak ezker-eskuin ikusten dira. Errexki asma daiteke gure aitzinean turista bat badela, bere bidea atzematen ez duenez edo 80 kilometro ordura mugatua den bide batean 50era joatea irringarriagoa dela atzematen duenez, auto lerro alimaleak sortzen baititu. Erran behar da arrunt kakingarriak direla!

Iazko abuztuan, 3.507.000 bisitari izan ziren Ipar Euskal Herrian. Frantziatik heldu direnen bisitarien %100a hartzean, %10a Parisetik etorri da, %7a Girondatik eta %6a Hauts-de-Seine-tik. Atzerriko bisitarien %100a hartuz, %12a Erresuma Batuetatik etorri da, %15a Alemaniatik eta %29a Espainiatik.

Iazko irailean ere turismoak azkarki segitu du, 1.920.000 bisitari izan baitira. Orotara, 2023. urtean, 16.781.000 bisitari inguru zenbatu dira. Horietan, %80a Frantzia estatutik etorri da.

...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016