Azalekoa | 2024ko Azaroaren 14a

Adimen artifizialean murgiltzen

M.O.

Xabi Larrasquet bere lanean
Xabi%20Larrasquet%20bere%20lanean

Adimen artifiziala informatikaren adar bat da, teknologia sistema horrek ahotsaren ezagutza, erabakiak hartzea edo ikusmen-pertzepzioa ahalbidetzen ditu. Xabi Larrasquet mugertar gaztea larrazken huntan Ipar Amerikan sail horretan lanean hasi da, harekin solastatu gira.

Erakaskuntzatik adimen artifizialera

Xabi Larrasquet literatura saileko ikasketak egin zituen, erakasle bihurtzeko ohiko bidea hartua zuela, urtebetez Kaliforniako Berkeley unibertsitatera joan zen. Anitz gustatu zitzaion Kalifornia, atzerriko bidaia, bizi aldaketa baten hasiera izan zen. Estatu Batuetan egon ondotik, Txinako unibertsitate batera joan zen frantsesa erakastera. Ondotik Taiwanen ibili zen, mandarina ikasten hasi eta urtebetean elebidun bilakatu zen. Bidaia horiek egiazko iraultza izan zirela zioen, hizkuntzak ikasteko interesa sortu zitzaien.

Estatu Batuetan lanegin

Asian urte batzuk pasatu eta, 2023ko irailean berriz Kaliforniara itzuli zen Silicon Valley San Frantzisko ondoan kokatua den gunera. Frantsesa erakastea pentsatu bazuen, zoritxarrez ez zen posible izan, bi estatuen arteko baliokidetasun arazoengatik. Xabi Larrasquet-k zioen zorte handia ukan zuela, GAFAM enpresa ospetsuan hizkuntzalari gisa lana atzeman baitzuen. GAFAM komunikazio teknologietako multinazionala da, Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft enpresen siglak bateratzen ditu. Frantses erakasle ohi batentzat, lan-ohituren erabateko aldaketa izan da. Mugertarrak zioen: "Nahiko sinestezina iruditu zitzaidan, amerikar sistemako teknologia berrien munduan ustekabetik sartzea".

Bere lanaren ardura

Betaurrekoak adimen artifizialean konektatuak izaiteko lanean ari da. Betaurreko horietan mezuak bidaltzen ahal dira, musika entzun, bideoak edota argazkiak hartu, chatGPT programak egiten duen bezala. Mugertarrak betaurreko horiek erabiltzaile frantsesdunentzat erabiltzeko lantzen ditu. Frantses hizkuntzari buruzko informazioa sartu behar du, funtzionamendua azaldu eta tresnaren erantzunak egiaztatu. Batzuetan, Facebook eta chatGPT-rentzat lan egiten du, LLAMA deitzen den programan (inteligentzia artifiziala hainbat hizkuntzetan erantzuteko gai dena). Euskal hizkuntzalari anitz daudela erran dauku, bere nagusietako bi Bilbokoak dira.

Adimen artifizialak jendartea aldatzen

Adimen artifiziala sistema bat besterik ez da, galdera bati ahalik eta erantzun automatikorik zuzenena emaiteko gai dena. Xabi Larrasquet-k esplikatzen zaukun adimen artifiziala ulertzeko, modurik errexena haur bat irudikatzea dela. Haur batek ibiltzen, hitz egiten, gauzak ezagutzen ditu, inoiz zuzenean ikasi behar izan gabe. Begiratuz, entzunez ikasten du, denbora baten buruan, ukan informazioeri esker mintzatzeko gai izanen da, gauza batzuen egiten ikasi du.

"Adimen artifizialak umeek bezala funtzionatzen du, ikasi nahi dugunari buruz, informazioa kopuru handian emaiten dugu: objektuak ezagutzeko irudi anitz, entzuten diren kantuak, frantsesezko testu idatziak... eta beste hainbat elementu".

Zein arlotan adimen artifiziala

Mementoan, adimen artifizialaren adibiderik ezagunena LLM (Large Language Model) izenekoa da, chatGPT sistema, testuak sortzeko gai da. Baina badira beste anitz gure egunerokoan diskretuagoak direnak, adibidez, azpititulu automatikoak telebistan edo ordenagailuetako zuzentzaile ortografikoa, telefonoarekin mezuak bidaltzean. Adimen artifiziala arlo guzietan hedatua da, medikuntzatik... erakaskuntzara, artelanetik... finantzara.

Teknologi berri horren geroa

Geroa nola ikusten duen galdegitean, Xabi Larrasquet-k zioen: "Pertsonalki, kaliforniarrak bezala baikor izaiten entseatzen naiz. Gure mundua aldatzen ari den tresna da, behar den bezala erabiltzen bada, eguneroko bizian edo lanean erabilgarria izan daiteke. Baina aldaketa handi guziek bezala, uste dut adi egon behar dugula eta nehor gibelean ez uzteko kontuz ibili behar dugula. Litekeena da lan batzuk desagertzea, beste batzuk lehenago desagertu diren bezala, gure ohitura batzuk anitz aldatuko dira eta aldaketa hauetarako irekia egon behar dugula uste dut".

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3761. zbk

Gure Hitza | 2024/11/14

Hutsak errepikatuz

Ainhoa Etchenique

Bizian denek ditugu egun on eta txarrak. Denek ditugu pettoak egiten, batzu besteak baino larriagoak. Inportantena petto horietatik ikastea da, gauzak desberdinki egitea, aitzinera joan ahal izateko. Baina azken egunetako berriek frogatu didate denek ez dugula berdin funtzionatzen, amerikarrek 2016an egin huts bera errepikatzeko hautua egin baitute.

Harrigarria da zoin fite ahanzten diren gauzak. Donald Trump berriz ere bozkatua izan da, duela gutti arteko eskandaluak bazterrean utziz. Oroitarazteko, maiatzaren 29tik epaimahaia osatzen zuten hamabi newyorktarrek bi eguneko eztabaidaren ostean, Trump erruduntzat jo dute 34 kontabilitate dokumentu faltsutzea leporaturik, Stormy Daniels X filmetako aktoreari 130.000 dolarren truke haren isiltasuna erosirik, 2016ko hauteskundeak aitzin sexu eskandalua saihesteko asmoz.

Horrez gain, 2023an kondenatua izan da Jean Carroll idazlea bortxatu eta difamaturik....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016