Gure Hitza | 2024ko Azaroaren 14a
Hutsak errepikatuz
Ainhoa Etchenique
Bizian denek ditugu egun on eta txarrak. Denek ditugu pettoak egiten, batzu besteak baino larriagoak. Inportantena petto horietatik ikastea da, gauzak desberdinki egitea, aitzinera joan ahal izateko. Baina azken egunetako berriek frogatu didate denek ez dugula berdin funtzionatzen, amerikarrek 2016an egin huts bera errepikatzeko hautua egin baitute.
Harrigarria da zoin fite ahanzten diren gauzak. Donald Trump berriz ere bozkatua izan da, duela gutti arteko eskandaluak bazterrean utziz. Oroitarazteko, maiatzaren 29tik epaimahaia osatzen zuten hamabi newyorktarrek bi eguneko eztabaidaren ostean, Trump erruduntzat jo dute 34 kontabilitate dokumentu faltsutzea leporaturik, Stormy Daniels X filmetako aktoreari 130.000 dolarren truke haren isiltasuna erosirik, 2016ko hauteskundeak aitzin sexu eskandalua saihesteko asmoz.
Horrez gain, 2023an kondenatua izan da Jean Carroll idazlea bortxatu eta difamaturik. Akusazio horren parean, Donald Trumpek elkarrizketa batean adierazi zuen: "Egia erran, izigarri maitatu duela erran zuen. Ados? Erran du "sexy" zela bortxatua izatea".
Hori guzia nahikoa ez balitz, Trumpek emazteengana hurbiltzeko estrategia ere azaldu zuen: "Musukatzen ditut. Ez dut goitatzen, musu bat baizik ez da. Pertsona famatua zirenean, egiten uzten dira. Zernahi gauza egin dezakezu".
Ideia politikoei dagokienez, besteak beste haren sustengua Israeli oraindik gehiago erakutsi nahiko lioke, "Israelek sekulan ukan ez duen lagun hoberena" bilakatuz. Artikoan zilatzeak areagotu nahiko lituzke, energia erreserba handitzeko. Estatu Batuak berotegi efektuko gasen bigarren igorlerik handiena badira ere, Trumpek kendu nahi ditu emisio horiek murrizteko aginduak. Hurrengo urtetik goiti, immigranteen "Estatu Batuetako historiako huste operazio handiena" plantan ezarri nahiko luke, agian 20 milioi pertsona kanporatuz. Erretentzio zentro berriak ere idekiko lituzke.
Hori guziarekin aski ez balitz, Donald Trumpek 2016an Amerikako hauteskundeak irabazi ditu, eta aurten berriz ere. Beldurgarria da ikustea nola jendeak ez duen ikasten. Zer pasa behar ote da jendeak behin betiko begiak ideki ditzan? Donald Trumpek zer gehiago egin edo erran beharko luke?
Gaur egungo mundua eroa dela baldin banakien ere, hauteskunde horietako emaitzek oraindik gehiago frogatu didate.
Batzuek pettoak eginez ikasten badute, bertzeek petto bera errepikatzea, ez ikastea eta sekulan ez aitzinatzea erabakitzen dutela iduri du. Hori bada nahi dutena, beren problema da! Baina gehien izitzen nauenak da beren erabakiek ez dutela bakarrik beren burua kaltetuko, baizik eta munduko pertsona batzu hilko.










