Herriz Herri - Larraine (Z) | 2024ko Irailaren 05a
Hebenko ta hanko
Hebenko ta hanko… Han, Larrainen edo heben, nontik so egiten den! Gu han girelarik Larraineko herritarrak hemen daude, ez han! Eta herritarrek haien baitan hartzen zütüelarik, hor dira, beroki, sanoki, osoki, faizu itxurakeririk gabe, eskü zapartako prest, bena dantza piko eta kantalotsez aritzeko prest ere!
Egia erran aspaldi züan ez ginela Larrainen izan gure ekitaldi horren egitera, bena atzo bezala balitz bidea egin dügü, eta zer bide: Athe-arratze, Athe-rei, Hur jünta, Andozeko ibarra - Jaun kontea baratü gabe behar ere – Lojibar, Ekibegi ttipia keinüa, Sakerteko botxü gorriak agurtü eta heltü, Plazala heltü, Bererretxeala heltü. Han borta zabalik (beti bezala); haltzak ez badü bihotzik, hortako etxekoek aldiz baizer nahiri konponbide bat edireiteko. Eta gü han ginen, Okzitandar-marokoar den Mona Hilaly, bere oud eta musikaz eta kantorez bete biesak berarekin. Gü ere han ginen, Sacha laborari-arrabitari Lakarrikoa, haize epaile Gotainekoa, Gonzalo “haize-margolari” barkoxtarra, Gillermo marrazkilari Arrokiagesa, Al Xiberoa taldetto berria, herriko dantzari eta kantari gazteak. Bat eskaz günüan haatik, “hanko”gure küitüa, Marokotik jin behar zükean Karim Mohamed kantaria. Hau errealitate idorra. Gük deliberatzen badügü klikez Marokora joaitea bihar goizean, hebenko aro zirtzil delakoan, goatzan… Bena honako bideak traba baizik ez dü, lan kontratü eta behar dena oro ükenik ere, Frantziako kontsulatuak ez deio, ez deioe errefustazen ez, bena hitzordurik ez emaiten, azkenean emaitza ber bera! Errabia, dezepzione, Europa (Frantzia kasü hontan) arnegatzen, bena hala da. Behar ere B plana ediren dugu gure sarean, Baionako franco-marokoarra den Samir Ellook poeta eta kantari bihotz zabala. Honek bigerren aldia züan Larrainen, azken aldia denen gogoan baratü beitzen, Herriko Etxeko balkutik deklamatü zütüalarik bere hitz ederrak!
Osagaiak oro bildürik azkenekoz, aste ttipi bat alkar ezagützen eta zübü egiten igaran eta, Hebentik eta Larraintarrak alkarlan ederrean. Goatzan egünaldi eder hartara.
18.00etan lehen zatia, plazan. Pilotakariek leküa üzten deiküe gogotik, jentea ttur ttur heltzen da, koloretsü, Larraine, Gotaine, mendi gaine, Tolosalde, üdazale, bortüzale, artzain bortü langile… Dekorra plantatürik, so egilileak itzalean biribilkattürik, Asfour arabiar kantorea altxatzen da bendir-atabala lagün, Tahar Gotaineko aljeriarraren ahotik; isiltarzün ederra plazan eta bidajea hasten da. Txoriñoa kaiolan, Fairouz Libanoko kantariaren kantorea… Lehen zübüa, apirilean hasirik XIRUtto jeialdian, eginik. Gonzalo Etxebarria, laza bazterrean, isil isila, eskü hüska, xuri-beltzean memento honi taula handi batetan itxüra emaiten ari da, isil bezain indartsü, züzenean… Larraineko kantari-dantzariek lekükoa hartzen düe, dantza piko ere publikoarekin, eta pastetx-talo-trago eskolako bürrasoen eskütik… Zer galta haboro.
(21:00): bigerren zatia, XII. menteko eliza erromaniko amiragarrian. Jondane Johane, bai eta Maria, XV. mentekoa, haurra altzoan, ttattit daude beha, harritürik, erdi aroko aireak beitira ezagün aldi hontan, bena hegoaldeko, Al Andaluseko aizez kolorestatüak. Oud luth-a aski da, Monaren esküetan Marokora hegaltatzeko! Cantigas de Santa Maria eta Al Andaluseko musikak, jenteak funtsean, ez ziren orai uste bezain hürrün, jentea jente, bihotza bihotz… Samir Ellook poetak musikak josten dütü bere hitz azkarrekin, bere aita langileari, Edeneko perlari eskeintürik, kantüz, oihüz, xuxurlatüz. Eta gogo bazka horrek badü begi bazak ere lagün, Gillermoren marrazkiak oihal xuri handi batetan hedatürik. Aste güzian han eta heben hartü krokisak, akuarelak… Oro har gure alkarretaratzearen kronika ikusgei dügü, hanko, hebenko jente eta bazterrak, bena heben eta orai, Larrainen… Ahatze gabe azken kantoreak Maika Etxekopar eta Tahar Hacinirekin, denak batetan, arabiarrez, eüskaraz, Loa loa, eta nola ez Orhiko txoria Orhin, denak oro bat eginik!
Azkenean abentüra hau ez zatekean, niholaz ere ber gaüza, nihon ere, nihoiz ere. Han zen, han izan da, ginauden leküan, une eta güne hartan, eta beude joku olinpikoak Frantzian behera, gü han ginen, edo heben, hobeki erran, Larrainerik, HEBENTIK züzenean, Ibi-zübüxkot bat eraikitzen ari, Xiberoa eta Al Andalusen artean. Ahüntz deneko zübü egiten…