Herriz Herri - Maule-Lextarre (Z) | 2024ko Irailaren 05a
Lau sasuak koblakan II. urtaroa
Jokü Olinpikoak Parisen, hitz jokü xiberolinpikoak Maulen.
Lau koblatleta, Beñat Larrori, hau bero beroa, bihar berak hontu Ligetx pastorala Gameren estreinatuko beita, Xan Alkhat, biharko koblatleten trebatzailea, Johaine Sarraillet, mendi bizikletan bezain laket hitzekin pedalkan, Joanes Etxebarria, gure hitzen hartza. Eta gei emaile haize epailea hebenko eta Hebentik. Gure alkarteak 14 urte hontan koblaka xokoñi bat zaintzen beitü Lextarreko Plaxot hontan, Kanta Lextarre arratsaldea eginez, Mauleko besta betean, bena bozik horko kurübillotik berextean. Aurten haatik lau boz xiberotar, bedatse hontan Larrainen bezala, denak oro hebenko. Alabadere, halako koblakari burbuila egündano ez nüan borogatü ez Arbailan ez Basabürüan! Bon, burhotz egon behar, bihar pastoralzale jente haboroxe beitate, bena halere plaxoteko korralea ejerki bete zaikü arratsalde goxo hontan. Goatzan arren entzütera.
Agurrak, bai, gei formalak bai, bena aktualitatea ere bai: Beñatek pastoral makila eder bat dü errimageia, eta Joanesek berantago mizpirazko euskal makila… Xiberoko etxeak, bat gei ahoak zabalik, besteak beti zerraturik… Frantziako ützülia prefosta, Pogatzar Lance Armstrongekin aihaiten, “diet-etika” komertsa balinba… Eta kantore, nola ez Xiberoan: gure estandarrekin puntüa emanik: “Hitza galtzen denean zergatik kantatü”, Lo hadi aingürüaren airean… “Haltzak ez düa bihotzik?”, Berterretxen airean…
Bakarkakoa ere, nori eta Beñati: “Zu zira atleta palestinarra. 2024ko joko olinpikoetan lasterka irabazirik. Dudan zira podiumera joan ala ez.” Abiatzen da, Habanera airean, eder bai bena zortzi errimak ediren behar! Kobla pollit batto ez aski, bi eta hirugerrena ere airarazten dütü bere boz dohatsüz, Lextarreko plaxota ütziz xarmatürik, axal eta mami!
Zer erran düan, zer errün düan? Plaza ondoko erraka txirripak eraman dütü bere hitzak, kantatzen dügun hainbeste bezala, jakin gabe norenak diren. Antonio Machado poetak ontsa bildu züan zer gertatzen den Kobla xaramelatzean: “...Bihotza herriaren ariman hurtzean / Izenean galtzen dena / Eternitatean irabazten beita”!
Ligetxek ere üdari hal zion: Üdak arrapostüa jar hadi heinean / Gaztetto behiz eta ez sar ürgüllüan / Badüka jatekorik deus ere etxean / Ogiak zohi dütük ene alorrean
Üda beroa üken dügü: Ligetx sariketa ere egina, hiru xiberotar eta hiru lapurtar!
Jin bekigü larrazkena bere früta hoberenez künküño...