Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Azaroaren 14a
Euskal diasporari buruzko erakusketaz bi hitz - Bi antzerki azaroan - Aisialdi gunerako zuzendaria behar da - Ukrainari buruzko erakusketan euskararik ez - Larrun mendia - Lasterketa - Pilota
Euskal diasporari buruzko erakusketaz bi hitz
Jadanik erakusketa bukatua da, baina arrakasta handia ukan duenez, ongi merezi du berari buruzko hitz zenbait erraitea. Irailaren 26an Posta gelan inauguraturiko "Euskaldunak munduan gaindi" erakusketak gai historiko eta garaikide hau erakutsi du bederatzi koadrotan. XIX. mendeko lehen bidaietatik gaur egungo Euskal Etxeetara, halabeharrez artzain edo pilotariak ez ezik, emazteen papera eta euskararekiko atxikimendua ere jorratu ditu erakusketak, kortsarioak eta piratak ahantzi gabe. Ilustrazioek, idatzizko dokumentuek edo argazkiek horrela ongi azaldu dituzte aurpegi ugariko diaspora kontatzen duten istorio indibidual eta kolektiboak. Gainera, ez dira Ameriketara mugatu, 1905eko Egiptoko Jai Alaikoak edo Shangaikoak gogorarazi dituzten gisara. Argitxu Camus Etxekopar eta Koldo San Sebastian ikerlariek eginiko memoria lana izan da, 2022an Donibane Garazin, Euskal Diasporaren V. Nazioarteko Egunean lehen aldiz aurkeztu zutena. Leiho bat euskal emigranteei begira, gure nortasunari buruzko galderak ere pausarazten dizkigunak, Euskal Herriko edozein herritan erakusgai ezartzeko moduko erakusketa historiko-didaktikoa.
Bi antzerki azaroan
Ibilki programaren karira eta Herriko Etxearen laguntzaz, azaroan bi antzerki jokatuko dira Posta gelan. Iduzkilore taldeak "Ihesi" izeneko antzezlana jokatuko du azaroaren 22an ostiralarekin eta azaroaren 27an asteazkenarekin, herriko haurrak Ttinka antzerkiaz gozatu ahal izanen dira. Bigarren ikusgarri horretan musika, poesia, mimoa, kantua, antzerkia eta emozioak uztartzen dira.
Aisialdi gunerako zuzendaria behar da
Urruñako herriak aisialdi gunerako zuzendari bat xerkatzen du. Hona hemen lanpostuaren eginkizun batzuk: proiektu pedagogikoa moldatu eta jarduerak animatu, haurrekin eginak diren egitasmoen lantzen eta plantan ezartzen lagundu, proiektuen funtzionamendua eta egokitasuna segurtatu, jardueren jarraipena egin, animazio tresnak menperatu, haurren afekzioaren, gorputzaren eta buruaren segurtasuna bermatu... Hautagaitza aurkezteko azken eguna: azaroaren 22a ostirala. Informazio gehiago Herriko Etxean.
Ukrainari buruzko erakusketan euskararik ez
Posta gelan bada egun hauetan Ukrainari buruzko erakusketa bat zabalik, bere historia, geografia, kultura, hizkuntz errealitatea... kontatzen dizkigunak, baina frantses hutsez. Penagarria zinez! Itsuskeria handia! Herriko Etxe berria denez geroztik ez dugu horrelakorik ikusi, beti euskarari toki bat atxiki diotelako. Oraingo honetan, zergatik ez?
Larrun mendia geroari begira
Urriaren 28an, bildu egin ziren Larrungo gailurrean, Euskal Elkargoko, Nafarroako Gobernuko eta Urruña, Sara, Azkaine eta Berako Herriko Etxeen ordezkariak. Mugaz gaindiko proiektua sortu eta kudeatu nahi dute, eta horretarako badituzte prest hiru miloi euroko diru kopurua, Europak %60a emanik. Mendia errespetatu nahi dute, animalia eta zuhaitz-landareak, betiko usadioak, artzaintza gehienbat kontuan harturik.
Duela urte gutti, hedatu ziren turismo proiektu basak jadanik baztertuak dituzte.
Behobia-Donostia lasterketa
Hilaren 10ean igandearekin izan zenBehobia edo Pausu eta Donostiaren artean, urtero egiten den 20 kilometroko lasterketa jendetsua. Aurten 27.722 korrikalarik hartu zuten parte. Aurtengo hau 59. edizioa izan da, eta Pausuko bazterrak eta ostatuak jendez gainezka egon ziren.
Pilotari urruñarren emaitzak
Trinketeko amaturren lehiaketan, Donibane Garazin jokatua: Biskubi/Jauregi (Urruñarrak) 40 À¢'€'" Matsondo/Ameztoi (Atzarri) 36. Urruñan jokatua: Zigarroa/Lazkano (Urruñarrak) 40 À¢'€'" Elgart/Aizpuru (Urruñarrak) 36. Eta baita Urruñan ere: Jauregiberri/Iribarren (Airetik) 40 À¢'€'" Agirre/Benesse (Urruñarrak) 27.











