Ba ote dakixu? | 2024ko Irailaren 05a
Liberazioa (1/3)
Gilen Bacho
Duela 80 urte, 1944ko udan eta udazkenean, Normandiako eta Proventzako Aliatuen lehorreratzeeri esker, baina ere barneko erresistentziari esker, Frantzia libratua izan zen.
Normandiatik hasirik
Ekaineko Ba Ote Dakixu? kronikan aipatua izan zen bezala, Normandiako lehorreratzeak Normandiaren eta Bretainiaren libratzeari ahalbidea eman zuen. Libratua izan zen lehen hiria Bayeux zen, 1944ko ekainaren 7an. Berantago De Gaullek eraiki duen “kontakizun nazionalean” ez bada aipatua izan ere (beste anitz gertakari bezala!), britainiar tropek zuten normandiar hiria libratu. De Gaulle jenerala ekainaren 14an Bayeux hirira heldu zen Frantses Errepublikako Anarteko Gobernuaren (GPRF) autoritatea (eta berea ere) jartzeko. De Gaulle jeneralaren nahia zen aliatueri, eta lehenik amerikanoeri, erakustea berak eta bere gobernuak egiazko bidezkotasuna bazutela libratuak izan ziren frantses lurraldeak kudeatzeko. Milaka jende karriketan bildu ziren Frantzia librearen liderra, ordu arte boz bat baizik ez zena, agurtzeko. Hori, De Gaullerentzat biziki inportanta zen, sostengu popularra bazuela aliatueri erakusteko. Bere autoritatea aliatueri inposatu nahi zuen baina ere barneko erresistentziako (FFI) taldeeri eta partikulazki komunisteri. Horretako, Bayeux-ko eskualdearentzat, GPRF-ko ordezkari bat (François Coulet), Errepublikaren lurraldeko komisario tituluarekin, izendatua izan zen. Parisko liberazioa arte, Bayeux egon zen Frantzia Libreko egiazko “hiriburu” administratiboa. Ofizialki, amerikanoek GPRF-a bakarrik urrian ezagutu zuten baina egiazki De Gaullek, GPRF-ko presidente gisa, bere autoritatea ekaineko egun horietan jarri zuen eta ez zen gehiago eztabaidan ezarriko. Baina aliatuen aitzinatzea programatua izan zen baino urriagoa suertatu zen. Cherbourg, helburu nagusi bat egiazko portu baten ukaiteko, uztailaren 1ean libratua izan zen. Aliatu tropak Caen-en sartu ziren uztailaren 9an baina hiri guzia kontrolatu zuten bakarrik 20an. Granville uztailaren 30ean libratua izan zen, Rennes agorrilaren 4an eta Le Havre bakarrik irailaren 12an.
Liberazio odoltsua
Normandiako lehorreratzeak ondorioak ukan zituen Frantziako hegoari buruz non alemaniar erregimentu zenbaitek Normandiara buruz abiatzeko manua ukan zuten. Haien bidean, alemaniar soldadu zenbaitek, partikulazki SS dibisioetan zirenek, masakre lazgarriak egin zituzten. Ezagunenak Tulle eta Oradour sur Glane-koak dira. Ekainaren 7an, erresistenteek, borroka gogorren ondotik, Tulle, Corrèzeko prefektura (okzitanieraz Corresa), libratu zuten. Baina, biharamunean, SS Das Reich dibisioak, Montaubanetik jina, hiria berriz okupatu zuen eta, ekainaren 9an, alemaniarrek (lurraldeko autoritate zenbaiten laguntzarekin) 99 erresistente urkatu zituzten (eta 149 Dachau-ra deportatu). Ber dibisioak, biharamunean, masakre oraino lazgarri eta odoltsuagoa obratu zuen, Oradour sur Glane herrian, non 643 gizon, emazte eta haur erailak izan ziren, gehienak herriko elizaren sute kriminalean. Gertakari dramatiko horiek Liberazioa odoltsua izan zela erakusten dute, ez bakarrik alemaniarren eta borrokengatik baina ere aliatuen bonbardaketengatik. Orotara, Frantzian, ingeles-amerikar bonbardaketek 68.778 hil egin zituzten. Normandia zen lurralde hunkiena izan 52.000 hilekin baina beste lurraldeetan ere aliatuen bonbardaketek biktima anitz egin zituzten (adibidez, 1.247 hil Nantes-en, 1.752 Marseillan, 1.700 Royanen...). Hiri zenbait kasik osoki suntsituak izan ziren (Saint-Nazaire, Calais, Dunkerque, Le Havre, Lorient, Brest...). Azkenean, Tulle bakarrik agorrilaren 16an libratua izan zen. Bezperan, 15ean, aliatuen Proventzako lehorreratzea iragan zen eta gertakari horrek zuen Frantzia hegoaren eta ipar Euskal Herriaren libratzeari ahalbidea eman.