Jainkoa bizia jendea | 2024ko Irailaren 05a

Indarkeria sistemikoari, erantzun sistemikoa

Peio Ospital

Véronique Margron Correfeko lehendakariari hartzen diot izenburua Herrian maiatzaren 23an (3379 zenbakia) eta uztailaren 4an (3745 zenbakia) hasi saila segitzeko. Laëtitia Atlani-Duault, Christine Lazerges eta Joël Molinarioren (hiruak "Sauvé Komisioko" kideak) lanetan oinarrituz, Lefebvre Dalloz argitaletxean agertuak, "Violences systémiques dans l'Eglise catholique: apprendre des victimes" izenburuko liburuan. Izan ere, lan horiek Eliza katolikoaren gobernantzaren muinean dauden oinarriak eta bere doktrinaren zenbait alderdi hunkitzen dituzte.

Biktimen lekukotasunetarik argi eta garbi ondorioztatzen da kofesioaren garaia dela, alde handiz, erdiguneena, penitentzia-sakramentua desbideratzen delarik. Aitorpena "arma" eta "morroilo" bihurtzen da, bai sexu jaukitaldiak egiteko, bai agintari judizialei edozein salaketa ukatzeko. Hurbilketa hirukoitza arras maiz deskribatzen dute biktimek: haurrak begiztatzea lehenik, gero konfesatzailearen jaukitzea, eta, hirugarrenik, kaltetua hobenduntzat jotzea. Lekukotasunek, gainera, anitzetan aipatzen dute kofesatzen eta abusatzen dituen jaukitzaleak behin eta berriz errepikatzen duen sexualitatearen, bekatu mortalaren eta infernuaren arteko lokarri tinkoa; hau, biktima askok, "tratu txarraren gailurra" bezala bizi dute. Véronique Margronek gogorki salatzen du Jainkoaren Hitzaren "desbideratze bihurri hori, interes zitalenak zerbitzatzeko; tradizioa teologia haluzinagarriez desbideratzen da... Manipulatzaileek Jainkoak eman autoritatea - beren erranez - erabiltzen dute haurtzaroak, kontzientziak, konfiantzak xehatzeko". Eta berarentzat, "bizitza bat salbatzea sekretu guzien gainetik dago".

Eliztar zenbaitentzat kofesioko sekretua sekretu profesionalarekin parekagarria bada, CIASErentzat irakurketa horrek ez du balio. Izan ere, nihungo lege -edo araudi- xedapenek ez du oinarritzen elizgizonen sekretu-betebeharra; ondorioz, konfesioaren sekretua ez da sekretu profesionala, kultu-ministroari legezko seinalatze-betebeharretik ihes egiteko estakurua emaiten diona. Komeni da argi eta garbi plantatzea Estatuaren zuzenbidearen nagusitasuna zuzenbide kanonikoaren gainetik, hau "diziplinazkoa" baizik ez delarik.

Elizarentzat une egokia da penitentzia-adiskidetzearen praktika liturgikoa funtsean arra-pentsatzeko. Teologo batzuk (de Clerck, Causse, Demasure) hortarik ari dira, Ebanjeliora itzultzearen alde, kristauek barkamenaren zinezko zentzua berreskura dezaten. Izan ere, kontua da gaizkiaren ezagutzari, barkamenari, haurrideen arteko komunitateari beren leku egokia emaitea, eta Errepublikako legeak ahulenaren gerizaz dioena pastoralki integratuz.

Eliza katolikoan sexu-abusuak bultzatzen dituen bigarren faktore nagusia, biktimen lekukotasun ugariren arabera, apezaren gain-balioztapena da, Frantzisko aita sainduak "klerikalismoa" deitzen duena. Beretzat, klerikalismoa eliz gorputzari berari dagokion mina da, ez du dimentsio politikorik. Desbideraketa da Elizaren kontzepzioan berean. Eliz gorputzaren eritasun horren sintoma zatiketa, puskaketa, elitismoa da. Aita Sainduak maila estrukturalean kokatzen du sexu-abusuen gaia.

Bide beretik, Herve Legrand teologo dominikarrak salatzen du bi eskandalu sortzen dituen eklesiologia bihurri bat: batetik, biktimei eginiko indarkeriarena, eta, bestetik, erakundearen isiltasuna eta jaukitzaleei eman babesarena. Horixe da Elizaren ikusmolde berdingabe baten ondare larria, Eliza funtsean elizgizonek definitzen dutela kontsideratuz, laikoek ez dutelarik deusetarako balio, edo soilik artalde bezala. Klerikalismo autoritarioaren ezaugarri diren lau "jokabide instituzional" aipatzen ditu Legrand-ek. Lehena, hobendunak salatzeko ezintasuna dakarren kofesioko sekretuaren hedatze gehiegizkoa. Bigarrena, "foru pribilegioaren iraupena: hunek, konstantiniar garaitik, hierarkiari uzten dio bere elizgizon delitugileak jurisdikzio zibiletarik libratzen, berak epaitzeko". Hirugarrena kontrabotere falta kroniko batetik dator, eta nihori kondurik ez emaite beharretik. Laugarrena fededunen fedearen zentzua guti entzuten duen hierarkia bati lotua dago, Elizaren baitako gogoeta jarraitua arras guti sustatzen edo akuilatzen duelarik.

Bada ere apezgoaren kontzepzioan idealizazio makur bat, "Jainkoaren gizonari" kritika oro debekatzen duen "perfekzio" bat lotzen diona. Ordinazioaren bidez, gizaseme bati botere sakratu bat ematen zaio, "beste Kristo" baten edo "Kristo beraren" izenean jokatzeko baimena emaiten diona, gisa guzietako botere-abusuei, sexu-abusuei barne, bidea idekiz. Aitortu beharra dago gaitz endemiko honek bere hortan dirauela, fededunen zati bat esplizituki edo gehienetan pasiboki horri atxikia delako.

Oinarritzat hartu dudan liburuaren ondar-solasean, Véronique Margronek aitortzen du lan horrek pista antropologiko, juridiko, historiko eta teologiko baliotsuak eskaintzen dituela Eliza katolikoaren porrot hau ulertzeko, bere kideak gerizatzeko misionean. Funtsezko galdera da gobernantzari, zuzenbideari, laikoen eta bereziki emazteen tokiari, formakuntzari, praktiken ebaluazioari eta abarri... buruzko ezinbesteko erreformak egitea. Elizaren etorkizuna bera dago jokoan...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3761. zbk

Gure Hitza | 2024/09/05

Euforiaren ondotik zer?

Peio Jorajuria

Uda bururatzen ari zaigu. Ohiko gertakariez aparte (herriko bestak, pastoralak, kabalkada eta bertze), kirolak kasik osoki beztitu duen uda, kirolzaleen loriarako, ez bada ere dena distiratsua izan. Futbolarien Eurokopa, txirrindularien Frantziako Itzulia, orain Espainiako Vuelta. Hemen berean, pilota errege Aste Handian, mendi lasterketak, ugaltzen ari direnak, eta estropadak itsasaldean. Eta artetik Parisko Olinpiar Jokoak. Garaipen eta malko, joko distirantak buruan buru, hasiz irekidurako zeremonia miresgarriarekin, Baionako Marc Aillet apezpikuari ez zaiona haatik batere gustatu, daukan zabaltasun eskasaren seinale, baina jakinik nolakoa den, nehor ez da hainbat harritu. Eta orain Parisko Paralinpiar Jokoen bete betean gaude. Ederrak eta hunkigarriak dira. “Inklusioaren iraultza” aldarrikatzen dute, desberdintasuna gehiago onar dezagun gure egunerokoan.

...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016