Mundu zabalean | 2024ko Irailaren 26a

Emazteen kontrako bortizkeriak

J.B.

Gisèle Pelicot
GisAle%20Pelicot

Baionan bezala beste toki anitzetan manifestaldiak izan dira zapalkuntza higuingarriak hainbat urtez jasan dituen Gisèle Pelicot-ren sustenguz eta orokorkiago emazteek jasaiten dituzten bortizkeriak salatzeko. Munduan zehar urrunetik hurbilerat egoera arranguragarria segitzen da.

Emazteen hilketa Kenyan

Uda huntako Joko Olinpikoetan maratoiko lasterkaldian parte hartu duen Rebecca Cheptegei Ugandarra handizki omendua izan da bere ehorzketetan. 33 urteko kirolaria, buruilaren 5ean zendu zen bere gizon lagunak bortizki erasotu eta erre ondoan. Kenyan iragan den gertakari bortitz horrek ihardokitze frango sortarazi ditu emazteen erailketen kontrako mugimendua plazaratuz.

Beste bi goi mailako lasterkarisa erailak izan dira, azken urteetan, haien senar edo bizilagunenganik. Orokorkiago emazteen kontrako familiako bortizkeriak eta erailketak salatzen dituzte giza eskubideak zaindu nahi dituzten herri hortako militanteek. Urte bakar batez, jaz, 725 emazte erailak izan dira.

Afganistanen emazteak zapaltzen dituen Talibanen legea

Ekialde Hurbileko hainbat herritan bezala, emazteen egoera ez bazen biziki atsegingarria ere Afganistanen, Talibanak gobernurat heltzearekin gauzak ez dira hobetu. Zapalkuntza beste hein batgainditua izan da justizia ministeritzak inposatu duen azken legearekin. Hemendik aitzina ez da emazteen bozik entzun beharko toki publikoetan. Erran nahi baitu ez direla ez kantuz hartzen ahal edo mintzatzen ahal etxetik kanpo. Gizonen tentazioak guttitzeko omen. Jakinez Afganistaneko neskek, 12 urtetarik goiti ez dutela eskolarat joaiteko dretxorik eta horietarik frangok, gazte gaztetik, ezkontza bortxatuak jasaiten dituztela, bizi espazio gero eta hertsiagoa inposatua zaie. Ondorioz, beren buruaz beste egiten duten Afganistaneko emazteen proportzioa harrigarriki emendatzen ari da. Eta hamar emazteetarik bederatzik familia barneko bortizkeriak jasaiten dituztela salatzen du Nazio Batuetako erakundeak.

Frantzian ere

Ez uste izan urruneko herri “salbaien” egoera bortitza denik. Gure gizarte “zibilizatuan” errealitatearen zenbakiak harrigarriak dira. Frantzian, 2022an, 240.000 emaztek salatu dute senar edo senar ohiaren bortizkeria eta 87.000 joan dira komisaldegirat jasan duten bortxaketa edo bortizkeria sexuala salatzerat. Jakina da beste hainbeste edo gehiago direla pairatzen dutena poliziari salatzea menturatzen ez direnak. 2023an komisaldegian salaketa egin zuten 114 mila biktimetatik erdia baino gehiago gazteak ziren, 18 urtez petikakoak.

Gorago aipatu Afrikako Kenya herriko arrangura handia den emazteen erailketak irauten du Europan. Frantzian berean, hiru egunetarik emazte bat hiltzen da bere senar, senar-ohi edo bizi lagunaren eskuetarik, eta hiru minutu guziz sexu bortxaketa bat gertatzen da.

Gisèle Pelicot-ren salaketa

Nola ez aipa egun hauetan prentsan toki anitz hartzen duen eta jende gehienen harridura sortzen duen Gisèle Pelicot-ren afera? Ehunka eta milaka jende elgarretaratu dira Baionan eta Frantziako hainbat herritan, haren senarraren lizunkeria higuingarria urte luzez jasan duen emazteari bai eta sexu bortizkerien biktima guzieri sustengua adierazteko.

Nahiz eta MeToo bezalako mugimenduek isiltasunaren estalia hein batean altxatu duten, badakigu menpekotasunak sortzen duen beldurra dela nagusi oraino etxe eta toki anitzetan. Erakutsia izan da bortxatzaile edota biktima mota berezi bakar bat ez dela eta gizarte maila guzietan agertzen direla bortizkeria sexistak. Aski da ikustea auzitaratua den afera hortan, bere senarrarenganik drogatua izan zen emaztearen bortxaketaz akusatuak diren gizonen zerrenda:suhiltzaile bat, herriko kontseilari bat, kasetari bat, polizia ohi bat, presondegiko zaintzale bat… Denak jende planttakoak edo errespetagarriak, lehen idurian. Akusatu bakotxaren arrazoin indibidualak atzeman ditaizke bainan gaitza orokorragoa da eta gizartean barna sartua da.

Enpresetan izaiten ahal diren dominazio harremanetan, kiroletako talde dinamiketan, filmetan eta sare sozialetan erakutsiak eta baliatuak diren irudi eta izaiteko molde matxistetan oinarrituak dira bortizkeria sexualak. Menpekotasunetik ateratzeko urrats ohoragarria egin du Gisèle Pelicot andereak, auzia publiko izaitea baimenduz, afera ilun hortarik denek ukan dezagun zer ikas.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3764. zbk

Azalekoa | 2024/09/26

Biktimen ahotsak entzunarazi

A.E.

Biktimen%20ahotsak%20entzunarazi

Erran eta Bizi elkartea bortizkeriaren kontra borrokatzen da Amikuze eskualdean. Izan bortizkeria sexuala, sexista, fisikoa, psikologikoa, ahozkoa, ekonomikoa edo finantzarioa, elkarteak biktimak sustengatzen eta laguntzen ditu pleinta pausatzetik tribunalerainoko bidean. Horrez gain, prebentzioa ere egiten du. Marie-Jo Varnier proiektuaren bultzatzailearekin bildu gira, elkarteak eramaten duen lanaz gehiago ikasteko.

Erran eta Bizi elkartea

Marie-Jo Varnier eta Catherine Rivière dira elkartearen buru, biak erretretan dira.

Marie-Jo Varnier 40 urtez bankuan lanean egon da, eta Catherine Rivière pediatra eta bortizkeria erreferentea izan da Donapaleuko ospitale zentroan. Elkar ezagutu zuten ospitalean, Catherine Rivière Marie-Jo Varnier-ren haur ttipien pediatra zelakoz. Ikusiz gehienetan bortizkeria salaketak segidarik gabe gelditzen zirela, Maire-Jo Varnier txostenak begiratzen hasi zen eta azkenean, 2018an urte batez borondate gisa laguntza ekartzen hasi zen ospitalean.

2019ko apirilean, 8 egunez Erran eta Bizi elkartea sortu zuten. 8 egun horien buruan, onura publikoaren ezagutza duen elkartea bilakatu zen, eta horri esker elkartea diru emaitzen xerka joan ahal izan zen. Gaur egun, elkarteak urtean 20.000 euroko buxeta du. Euskal Elkargoak 5.000 euroko diru laguntza ekartzen dio.

Nahiz eta erretretan izan, gaur egun Catherine Rivière mediku alorra...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016