Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2024ko Urriaren 31a

Aiherra-Antzuole - Ezkontza - Arberoan zehar - Omiasainduz eskola libroaren bixkotx saltzea - Omiasainduz elizkizunak

2 auzapezak hitzarmena izenpetzen
2%20auzapezak%20hitzarmena%20izenpetzen

Ezkontza

Joan den ibiakoitzean Jaungazteneko Kattalin Dudalde andereñoak biziko laguntzat hartu du Itsasuko Etxeberriko Peio Iriquin laboraria. Aiherrako elizan ezkondurik, saldo handian bilduak ziren familiakoek eta lagunek Itsasuko bidea hartu dute, gertakaria elkarrekin ospatzeko, herri honetako Altzuieta jatetxe ezagunean. Aitzineko igandean, urriaren 20an ezkondu ziren Itsasuko Herriko Etxean.

Goresmenak Itsasu Olhasur Etxeberrian plantatua den bikote gazteari, eta goraintziak nola ez Betirisasteko familia handiari.

Aiherra-Antzuola 40 urte: urtebetetze ederra eta girotsua

Joan den urriaren 19an larunbatarekin, Aiherra eta Antzuola herrien arteko birazkatzearen 40. urtemuga ederki ospatu zen.

Antzuolarrak autobusez etorririk, ongi etorria egin zitzaien Herriko Etxe aitzinean askari goxo eta preziatua bi herrietako lagunen artean partekatuz. Horren ondotik Herriko Etxe betean Antzuolako Olatz Lezeta Urzelai auzapez andereak eta Aiherrako Arño Gastambide auzapez jaunak bi herrien arteko birazkatzea indartzen duen hirugarren hitzarmena izenpetu zuten. Lehen biak izenpetu ziren 2004an eta 2014an. Gero herriko plazan bildu ziren denak, Antzuolarrak eta Aihertarrak adin guzietakoak, Gaia elkarteak proposatu jokoetan parte hartzeko. Ondotik, izan ziren kantuak, mutxikoak eta giro ona, Kuxkuxtu txarangak alaitu zintzur bustitzean, bai eta herriko kontseilariek zerbitzatu bazkari onean, Denen Etxean (orotara 120 bazkari). Holako egun goxoen ondotik, aupa Aiherra-Antzuola birazkatzea!

Autobusean ziren Antzuolarrak etxera sarturik, gero antzerkiaren aldi arratsean: pesta komiteko gazteek dute gaualdi hau antolatu, Urdiñarbeko gazteen "Pubelak" antzerkia proposatuz. Gaualdi arrakastatsua hau ere publikoa jin baita nonbre handian.

Arberoan zehar: larunbatean kontzertua Gaztetxean

Urriaren 29tik azaroaren 2ra aurten ere hitzordu ezberdinak iragaiten dira aste huntan ibarreko 4 herrietan, haurrentzat eta helduentzat. Bigarren edizioarentzat antolatzaileek datak aldatu baldin badituzte, joan den urtean bezala aurten gau bakoitz ekitaldi bat herri bakoitzean antolatzen dute: astearte arratsean Donoztirin, etxertiagoaz mintzaldia Jean-Claude Mailharrinekin, asteazkenean haurren eguna Donamartirin, ostegunean Entrexantak kontzertua Izturitzeko harpeetan, ostiralean gau beltza Izturitzeko merkatuan. Gure herriari doakionez, kontzertu gaualdia proposatua zauku Gaztetxean, Sarbakul, Arti2.0 eta AKts taldeekin.

Omiasainduz, eskola libroaren bixkotx saltzea

Eskola libroko burasoek, aurten ere eta usaian bezala, Omiasainduz bixkotxak salduko dituzte eliza atean. Ortzegun arratsean (18:30) iraganen baita meza, aitzin eta ondotik erosten ahalko dira. Salmenta hunen helburua da eskolako gastuen aiseago estaltzea eta proiektuen diruztatzea.

Omiasainduz elizkizunak

Ortzegunean (18:30), urriaren 31n Aiherran. Azaroaren lehenean ortziralean (10:30) Izturitzen.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3769. zbk

Gure Hitza | 2024/10/31

Landareen musika

Peio Jorajuria

Landareak ere musikariak ditugu. Hara duela guti zer deskubritu dugun kontzertu batean. Azken urte hauetan askotan aipatzen da zuhaitzek eta oro har edozein landarek halako bibrazio edo uhin berezi batzuk zabaltzen dituztela, berek bizi dutenaren seinale. Hortik, haatik, musika jotzeraino, bada urrats bat beteko ez genuena! Alta, kontzertu horrek bildua zen publikoari frogatu dio landareek, landare guziek, musika jotzen dutela.

Musika horren entzuteko, haatik, baldintza bereziak behar dira. Delako kontzertuan, bi artista bagenituen Ariègetik etorriak, bata harpe-jolea, bestea krontrabaxu-jolea. Landare andana batez inguratuak ziren, iratze, fuchsia eta beste, hemengo eta urrunagokoak. Landareari bi kaptatzaile berezi lotzen zizkioten, bat erroetan, bertzea hosto batean, eta bertze puntan bi kaptatzaile horiek kutxa ttiki bati lotuak ziren. Kutxak kaptatz...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016