Herriz Herri - Urepele (NB) | 2024ko Urriaren 31a
Kintondare mugaz gaindiko europar proiektuaren aurkezpena
Joan den astean, Urkiaga gainean Kintondare POCTEFA proiektua aurkeztua izan da. Proiektu huntan parte hartzen dute, Zubiri eta Eugiko kontseiluak, Esteribar, Baigorri, Banka eta Urepeleko Herriko Etxeak bai eta Baigorri ibarreko mendi sindikatuak.
Mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia azpimarratua izan da, eta halako ekimenek erakusten dutela mugaz gaindiko eremua, traba baino gehiago, aukera bat izan daitekeela landa eremueri bizia emaiteko, turismo jasangarria sustatzeko eta inguru orekatuago eta hobeagoa sortzeko.
Bestalde, auzapezek adierazi dute Kintondare proiektua baino gehiago dela: “Etorkizunari aurre egiteko dugun moduaren ikuspegi partekatua da. Balio, kultura, historia eta hizkuntza -euskara- komunak partekatzen ditugu duela mende askotatik. Ondare materiala (mendiak eta meatzaritzaren iragana) eta ez-materiala (euskara eta folklorea) dugu, batzen gaituztenak eta gure lurraldearen eta nortasunaren zutabe nagusiak direnak”.
Kintondarek zazpi parte-hartzaileen elkarlana sustatzen badu ere, bazkide bakoitzak bere proiektua martxan ezarriko du.
Urepele herriak Amerikanoinea interpretazio zentroa garatzen segituko du. Gune dinamiko hunek 4 ardatz nagusiren inguruan lan egiten du: pastoralismoa, euskara, bertsolaritza eta Kintoa lurraldea. Zentroa urte osoan idekirik da, eta kultur programa zehazteko eta bisita gidatuak kudeatzeko teknikari bat hartua izan da.
Baigorriko Ibarreko Batzorde Sindikalak lehengo Anglesainea hotelaren behereko solairua berrituko du bere egoitza bihurtzeko. Egoitza berri hau Baigorriko Ibarreko 220 hazleen zerbitzuko den zentro publikoa izaiten segituko du, eta tokiko biztanleentzat eta turistentzat animazio sortzailea izanen da.
Kontondare proiektuak 3.446.315€-ko aurrekontu orokorra du, eta horietatik %65a Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik – EGEF – heldu da, Interreg POCTEFA 2021-2027 programa funtsaren bidez.