Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Urriaren 31a

Asteburuko elizkizunak - Biltzar publiko - Liztor ihizia - Eskuz Eskuren ateraldia

Asteburuko elizkizunak

Heldu den asteburuko elizkizunen tenore eta tokiak hauek dira Errobiko Salbatore parropiarentzat gogoan hartuz neguko tenoretara pasatuak girela bereziki arratsetako mezentzat: beraz ortzegun huntan (18:00) Jatsun, Omiasainduz (9:00) Haltsun eta Arruntzan, (10:00) komentuko kaperan, (10:30) Larresoron eta Uztaritzen. Meza bakotxaren ondotik herri guzietako hilerrietan otoitza segurtatua izanen da. Larunbatean hilen oroitzapen meza (18:00) Uztaritzeko elizan, iragan urteko Omiasainduz geroztik zendu diren guzientzat otoitz bereziarekin. Igandean (9:00) meza Arruntzan eta (10:30) Uztaritzen. Omiasaindu besta on deneri.

Biltzar publiko

CADE ingurumenaren zaintzeko elkarteen kolektiboak biltzar bat egin du joan den ortzirale arratsean Gaztelondoan, 50 bat entzule bildu direla. Hirurogei bat elkarte dira kolektibo hortan barne departamenduan. Biltzarraren helburua zen E-CHO proiektuaz mintzatzea eta eztabaidatzea. Erregai berriak nahi ditu proiektu horrek bereziki hegazkin eta itsasuntzientzat. Bi miliar euroren inbertsioa pentsatua da jadanik helburu horrentzat. Kolektiboaren arabera proiektu hori nehondik ezin da ona izan, sortuko duen baino bi aldiz gehiago energia gastatuko baitu. Hidrogenoa aipatu da bainan arriskutsua izan daitekeela diote eta bereziki garesti gostako dela. Beraz itzultzen da egurretik eta landaretarik atera daitekeen erregaietara, keroseno eta gasa. Bainan industria horrentzat oihan osoak bota beharko dira. Jada proiektu horrentzat 200km erradioko borobil batean Akitania Berrian eta Okzitanian 77.500 hektarea oihan botatzen dira urtero, pino, zapino, pago eta haritzak, denak hartuz. Estimatua da departamenduan 2033an 14.000 hektarea botatuak izanen direla eta ondotik urtero 1.170 hektarea deseginak. Gainera moztuak izanen diren oihanak ez dira sekulan aitzinetik jakinak edo salatuak. Industriarentzat eginen diren egur hartze horiek hunkituko dituzte nahi edo ez lurraldeak, ikuspegiak eta biodibertsitatea eta denbora berean prezioen gorakada handia aurreikusia da. Arrisku handia dela dio kolektiboak, laborari lurrak janari ekarrarazteko baino gehiago itzuliak izanen direla industriarentzat. Klimaren berotzearen ondorioz ikusten da oihanen %25a eritua dela eta zuhaitzak gero eta gehiago galduak direla. Elektrikaren eta uraren nolanahi erabiltzea ere luzaz aipatu da. Sobera ur hartzen dela erreka horietarik dio kolektiboak eta berriz botatzen direlarik zer maneretan poluzione handia baita bazterretan. Deiadar samina entzunarazten du publikoari egiten dituen biltzar horietan eta nahi du oraindanik jendea arrangura eta presta dadin heldu den primaderan antolatu nahi duten manifestaldi handira. Hori ondoko denboretan aipatua izanen da berriz.

Liztor ihizia

Liztor asiatiko horietarik asko ikusten da sasoin huntan oraino. Mementoa dela dio Herriko Etxeak zepoak emaiteko erreginak neguan lokartu aitzin harrapatzeko. Zepoak nola egin ohidura ezagutua da orain eta toki estrategikoetan eman behar dira nahi badugu beste urterako etsai horien kopurua mugatu. Zorigaitzez jakiten da liztor horiek erle hazleeri egiten dituzten makurrak.

Eskuz Eskuren ateraldia

Bere egitarauan finkatu bezala Eskuz Esku elkarteak bere ateraldia egin du joan den larunbatean. Uztaritzetik abiaturik bi autobusetan geldialdi bat egin du lehenik Ortzaizen Iharordoki zelaian diren saltegien bisitatzeko. Gero Duzunaritzeko Gamia lepoan den jatetxera zen hitzordua, 84 bazkaltiar bildu dira, sasoin huntan gain horietan ardurenean egiten den bazkari on baten preziatzeko. Ez da erran beharrik bazkal ondoan kantuak errex airatu direla mahainetarik. Giroa ere aparta zen. Pozik gelditu dira denak, heldu den abenduko ateraldia jada gogoan. Segi dezala elkarteak bizitzen bide beretik.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3769. zbk

Gure Hitza | 2024/10/31

Landareen musika

Peio Jorajuria

Landareak ere musikariak ditugu. Hara duela guti zer deskubritu dugun kontzertu batean. Azken urte hauetan askotan aipatzen da zuhaitzek eta oro har edozein landarek halako bibrazio edo uhin berezi batzuk zabaltzen dituztela, berek bizi dutenaren seinale. Hortik, haatik, musika jotzeraino, bada urrats bat beteko ez genuena! Alta, kontzertu horrek bildua zen publikoari frogatu dio landareek, landare guziek, musika jotzen dutela.

Musika horren entzuteko, haatik, baldintza bereziak behar dira. Delako kontzertuan, bi artista bagenituen Ariègetik etorriak, bata harpe-jolea, bestea krontrabaxu-jolea. Landare andana batez inguratuak ziren, iratze, fuchsia eta beste, hemengo eta urrunagokoak. Landareari bi kaptatzaile berezi lotzen zizkioten, bat erroetan, bertzea hosto batean, eta bertze puntan bi kaptatzaile horiek kutxa ttiki bati lotuak ziren. Kutxak kaptatz...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016