Ba ote dakixu? | 2024ko Urriaren 31a
Jaurès hil dute! (3/4)
Gilen Bacho
1914ko uztailaren 23an, Austria-Hungariako inperioak ultimatum bat igorri zion Serbiari. Serbiak ez bazituen eskaera guziak onartzen, Austria-Hungariak gerla piztea mehatxatu zuen eta bere ekintzan “Alemaniaren sostengu osoa” bazuela adierazi zuen.
“Eta orain honara dator sua”
Uztailaren 25eko arratsean, Jaurès Lyonen zen, Vaise kartierrean, Marius Moutet hautagai sozialistaren sostengatzeko, legebiltzarreko hauteskunde partzial batean. Jaurèsek bere arrangura ez zuen gorde, Austria eta Serbiaren artean gerla pizten bazen, gerla hori “Europa osora hedatuko zela” abisatuz. Ondorioz, “Europako langileeri” dei egin zuen “elkartasun indar gorenak” egiteko, “hondamendia saihesteko”. Sustut, Frantzia eta Errusiaren arteko “tratatu sekretuak” salatu zituen, Errusiak haien klausulak aipatzen ahalko baitzituen Frantzia gerlara eramateko. Frantzia ere hobendun zen, 1911n, “Marokon indarrez” sartu baitzen, Alemaniarekin tentsio zinez handiak iratzar araziz. Jaurèsek pentsatzen zuen Frantziak, memento horretan, “Europan, anbizioen, gutizien eta gatazken denbora” ireki zuela eta, lagun zenbaitekin, hori erran baitzuen, inperialismoaren lanjeraz abisatu baitzuen, “frantses txarra bezala salatuak” izan zirela oroitarazi zuen. Alderantziz, Jaurèsen arabera, berek zuten “Frantziarekiko kezka” agertzen. Egoera hori itsutuki salatzeko, Jaurèsek erranaldi ohargarri hau ukan zuen: “Populu bakoitza Europako karriketan agertzen da bere tortxa ttipia eskuetan eta orain honera dator sua”. Jaurèsek oraino ez zakien baina bere azken mintzaldia izango zen frantses lurraldean. Ber egunean, Serbiak Austria-Hungariako eskaera guziak onartu zituen, salbu bat, Austriaren parte hartzea Sarajevoko atentatuaren inkestan. Biharamunean, eguerditan, Jaurèsek Marius Moutet-rekin jan zuen eta arratsaldean Lyongo museoa bisitatu zuen.
“Pasioak jada leku guzietan berotuak dira”
Arratsalde bukaeran, Parisera buruz zoan trena hartu zuen, Gustave Rouanet lagunarekin. Jaurèsek artikulu bat idatzi nahi zuen biharamuneko L’Humanité-rentzat baina Parisera berantegi helduko ziren. Orduan, Dijonen gelditu ziren eta Progrès de la Cöte d’Or erredakziotik bere artikulua, telefonoz, L’Humanité-ren erredakzioari diktatu ahal izan zuen. Jaurèsek mementoan asmatu zuen eta, diktatu-eta gero, bere usaiako estenografoari hau erran zion: “Kasu egin, artikulu hori biziki inportanta da. Hitz bat ere ez da kanbiatu behar. Berriz leituko dizut.” Eta Jaurèsek “berriz leitu” zuen artikulu hori, ez zuena idatzia baina buruan begiratua zuena. Galdera honekin barnean: “Baina, guk, frantsesek, beharbada leize batera botatuak izango girenek, noiz ukanen dugu gobernu berri bat gure artean?” Egia da hamar egun lehenago Errepublikako presidentea, Raymond Poincaré, eta Kontseiluko presidentea, René Viviani, Errusian zirela (29an bakarrik itzuli ziren Parisera). Halere, Jaurèsek, gero eta gehiago pentsatzen baitzuen errealki bakarrik gobernuek saihestu zezaketela gerla, ez zuen gobernua gogorregi atakatu nahi, sustut Viviani, sozialista zena (baina ez SFIO-ko kidea) eta nori konfiantza egiten zuen. Orduan, uztailaren 27ko L’Humanité-ren edizioan, dena ez zela galdua idatzi zuen, bere artikuluari “Esperantza izpi bat” titulua emanez. “Esperantza” ttipi bat zeren ”konponezina ez (baitzen) oraindik egina”. Orduan, “esperantza dugu gobernatzaileek zuhurtasun indar gorenaz zein hondamendi lazgarriari buruz mundua eramana izango litekeen ulertu ahal izan dutela.” Jaurès inoxentea zela iduritzen ahal zaigu, baina egiazki ilusio guti zuen artikuluaren segidan erakusten zuen bezala: “Gatazka mugatzeko ideia gero eta gehiago ameskeriazkoa da, pasioak jada leku guzietan berotuak” baitziren. Uztailaren 27tik 28rako gauean, Austria-Hungariak Serbiari gerla deklaratu zion. Infernuko makina piztua zen.