Hegoaldean | 2024ko Urriaren 31a
Lantzeko idazkiak
M.V.
Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikerketa talde batek duela 2.000 urte baino gehiago idatzia izan den idazkun paleohispaniko bat aurkitu du Lantzeko Aierdi VII meategian. Berri hau emateko Nafarroako Gobernuak agertu duen oharraren arabera, herrialdearen iparraldean ezaugarri horiekin egin den lehenbiziko aurkikuntza da, iberiar penintsula osoan meategi baten barnean atzeman den bakarra.
Ikertzaileen transkripzioek erakusten dutenez, “ikae” edo “igae” irakur daiteke ikur-bilduma paleohispaniko hauetan. Aurkikuntzaren lekua zein den ikusiz, han lanean ari izan diren adituek uste dute idazkunak “baskonikoak” izan daitezkeela, eta “ik(h)ai” hitzarekin lotu dute. Hitz hau erabili zuen Arnaud Oihenart euskal poetak XVII. mendean. Halaber, ikerketaren arduradunek erran dute “garai hartako hizkuntzen errealitateari buruzko datu guti” daudela kontuan hartuz, inskripzioak baskonikoak izan daitezkeenaren “hipotesia zuhurtziaz” hartu behar dela.