Jainkoa bizia jendea | 2024ko Urriaren 31a
Bakearen tresnak
Maite Iratzoki
Banago tresna eta arma baten arteko ezberdintasuna zoin ote den. Tresna bat funtzio bat betetzeko manipulatu daitekeen edozoin gauza da. Fabrikatutako gauza bat daiteke edo bere egoera naturalean erabiltzen den objektu bat. Arma bat, hiltzeko, mutilatzeko, zauritzeko erabiltzen den tresna da. Tresna batek ezin du ezer egin bere baitarik. Arma bat, hiltzeko eta zauritzeko asmatu eta moldatua den gauza da. Jendeentzat arriskutsua izan daitekeen bertze edozoin objektu arma batekin parekatzen da, hiltzeko, zauritzeko edo mehatxatzeko erabiltzen denean. Edo, norbaitek holako gauza bat berekin hartzen duelarik, hiltzeko, zauritzeko edo mehatxatzeko xedearekin.
Ezberdintasuna, objektuaren erabiltzeko maneran edo bere asmakuntzan, -zertarako pentsatua den hortan-, kokatzen da. Bien arteko puntu komuna gauza hori erabiltzen duen jendearen baitan dago. Eraikuntzako tresna edo suntsiketarako arma, pertsonak egiten du. Hunek buruan duenaren arabera, objektua bake-objektu edo gerla-objektu bilakatuko da.
Emozioak eta gogoetak buruan bizi dira. Gaur egungo munduan emozioek leku handia dute. Sare sozialek komunikazio mota hori laguntzen dute. Bakotxak sentitzen duen horretan, egia kokatzen delako ideia zabaltzen dute. Izan ere, hor sentimendu andana bat hedatzen da, gogoetarako tarte gutxi uzten duena. Bada, emozio batek pentsamenduak aztertzea galdetzen du eta pentsamenduak emozioaren mamia beharrezkoa du. Pentsamendurik gabeko emozioak bertzeen meneko jartzen du jendea, eta emoziorik gabeko pentsamenduak gizadia hiltzen du.
Hau da arras nerabe diren gazte frangorekin gertatzen dena. Hamar urte inguruko haurrek, bertze gazte batzuk edo helduak hiltzen dituzte, hurbil-hurbiletik. Haur horiek ez dute nehola ere enpatiarik sentitzen, ez animalien, ez jendeen, ez beren alde eta hori, beren jostetetan ikusi da. Holako haurren bila dabiltzan helduek hartzen dituzte eta trebatzen dituzte ekintza bortitzenak egitera, deusek ez baititu hunkitzen.
Nola egin bakea egungo munduan? Erran al daiteke bakearen tresnak gure esku direla? Bakearen kultura hezten da. Familian ematen den edukazioak ondorioak ekartzen ditu. Elkarrizketa, besteen aldeko errespetua, argumentatzeko eta azaltzeko gaitasuna, bertzeek erraten dutena ulertzea. Horiek oro denbora galdetzen dute burasoeri, ez baitira tarrapatan barnatzen ahal. Eskolak ere, bere hezkuntzaren bidez, bere harria ekartzen du bakearen eraikitzeari. Kontzientziak idekitzen ditu, pentsamendua garatzen erakusten du baita emozioak adierazten, hauek menperatzeko. Lan hori eskuz esku egiten delarik, fruitu onak ematen ditu. Orduan, emozioak eta gogoetak uztartzen dira bakearen kultura lau haizetara zabal dadin.
Elkarrizketaren bidea ideki daiteke. Hunela mintzo da Jean-Marc Liling abokatu franko-israeldarra, Israel-Palestina hurbiltzearen alde engaiatua dena: “Inoiz baino gehiago elkarrekin hitz egiteko eta konfiantza egiteko beharra sentitzen dugu. Kontua da elkarri zintzoki hitz egitea, lehia biktimarioa gainditzea eta elkarrekin dugunaz jabetzea. Elkarrizketa, segurtamen esparrua sortzea da, desados izateko aukera ematen duena.”
Gure esku diren tresnak eta bidea, otoitz hunek aurkezten ditu:
Herra den lekuan, maitasuna erein dezadan
Laidoa den lekuan, barkamena eman dezadan
Duda den lekuan, konfiantza eman dezadan
Etsipena den lekuan, esperantza ezar dezadan
Iluna den lekuan, argia ezar dezadan
Tristura den lekuan, poza zabal dezadan.