Herriz Herri - Aiziritze-Gamue-Zohazti (NB) | 2024ko Azaroaren 07a
Aiziritzeko kantaldia
Badu orain hogei bat urte, Beñat Laxagueren inguruan osatua den taldeak, larrazkeneko kantaldia antolatzen duela Aiziritzen. Aurtengoa herriko besten kari, azaroaren 17an igandez (15:30) iraganen da. Hiru talde famatu entzuten ahalko dira.
Lehen taldea Pil Pil. Talde honen hastapenean Gabadiko Bordagarai familia dugu. Aita eta Michel Thicoipe bidean galdurik, hona nortzuk atzematen ditugun gaur: Bernadette eta Jojo Bordagarai, Battit Castillon, Isabelle Jaury, Dominica Barreix eta Txomin Barreix.
Bigarren taldea Hiruri dugu, Miren Tristanten inguruan garatua. Hemen aurkitzen ditugu: Miren, Amaia Hirigarai, Sébastien Goutenègre eta Antton Araspin.
Hirugarren taldea, Xalbador eta Ihidoi bikote famatua, Laurent Ascarrain musikariak lagundurik. Larrazken honetan argitaratua dute beren hirugarren CDa, "Azken Erregina" deitua. Segur, hortarik jasta emanen digutela eta eskuratzeko parada ere.
Talde hauek jada, behin baino gehiagotan hemen kantatu dute eta ongi preziatzen ditugu.
Kantua maite duten guziak gomit dira azaroaren 17an arratsalde goxo baten pasatzera Aiziritzera. Sartzea kitorik denentzat. Sala berotua izanen da beharrez.