Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2024ko Azaroaren 07a
Muga gainetik - Olerki bat
Muga gainetik
Baigorri eta Tafallaren arteko senidetze edo elgarretaratze egunak ederki joan dira gure herrian. Ibiakoitzean, iguzkia eta Gaitistaneko orkestraren soinu loriagarriak lagun, giro alai eta beroa gozatu da goizetik arratsera. Merkatua, indar jokoak, aperitifa animatua, jauziak, gero bazkari hauta Baigorriko sukaldari hoberenek prestatua, arratsez kontzertuak, gure bi herrien arteko hurbiltasun eta anaitasuna baieztatu dira aldi bat gehiago.
Olerki bat, Omiasaindu
Ubeldu eta belardiak,
Ilundu ditela mendiak,
Ezkilak dangatzen dituenean gauerdiak,
Gogoratzen zauzkit suntsituen irudiak.
Huntza ilunpetik uhuka,
Zurzuri luzeen kulunka,
Burdinezko ate erdoilduaren kurrinka,
Harrixketan gaindi nere urratsaren kraska,
Izarren dirdira xuhaila,
Ilargi zuri borobila,
Hilobi lerro goibelen artetik nabila,
Leheneko begitarte maitatuen bila.
Han, lore eihartu itsuak,
Hemen argazki horitsuak,
Marmol harrien gaineko ixkribu histuak,
Gurekin zaudetelako ilusio faltsuak.
Lurpetik datozen auhenak,
Oroitzapen negartuenak.
Gero, haize firfira eztien etsipenak
Dantzan daramatza haien itxura gardenak.