Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Urtarrilaren 23a
Jazz musikaldia - Inharriako mintzaldia - Sasoiko enpleguen azoka - Udako lanak - Errugbiari so - Zaku zaharren agerraldiak - Agiantzak - Adinekoen tailerra
Jazz musikaldia
Urtarrilaren 26an, igande arratsaldean (17:00) azalduko da Leslie Lewis kantaria, Le Swingin'Bayonne jazz musika taldearekin, Larreko kulturgunean. Sekulako errezitalaren asmoa dago, kantari ospetsua eta musikari apartak izanagatik. Erreserba turismo bulegotan, www.en-pays-basque.fr, edo cultureetpatrimoinesenpere.fr antolatzailearen gunean. Prezioa 25€, murriztua 20€.
Inharriako mintzaldia
Oroitarazteko, ostegun arrats huntan (19:00),Philippe Perrin-ek aipatuko du nola bere haurtzaroko ametsa bete duen astronauta bilakatuz. Hegazkinetan ehiza pilotu izan ondoan, Nazioarteko Espazio Egoitzaren eraikitzean parte hartu du, bidea idekiz bertzeak bertze Thomas Pesquet eta Sohie Adenot bezalakoeri. Dohainik eskainia da, Senpereko Kultur eta Ondare elkarteak antolaturik.
Sasoiko enpleguen azoka
Herriko Etxeak antolatzen du udari buruzko ekitaldi berezi hori, Larreko kulturgunean, urtarrilaren 25ean larunbat goizarekin (9:00-12:00). Xedea dago kontaktuan ezartzea herriko edo inguruetako enpresak udarako lana xerkatzen duten pertsonekin. Holako ekintzak harremanak errexten ditu eta fisikoki norbera aurkeztea lagungarri baita, lana eskuratzeko. Profesionalei galdegina zaie, parte hartu nahi dutenek, dei dezaten Herriko Etxera: 05-59-54-93-96.
Udako lanak
Urtero bezala, heldu den ekainaren 25ean, 18 urte eginak dituzten herritarrei proposatua zaie maiatzetik buruilera herrirako lanpostu baten eskatzea. Enplegu horietan, zerbitzu teknikoak, uretako zentroa, herri zaintza, aisialdi zentroa baita nerabeen gunea. Enplegatze postuak irauten ahal du bi hilabete, hortarako eskuratu eskaera-orria Herriko Etxean edo herriko webgunean, azken epea urtarrilaren 31n.
Errugbiari so
Urtarrilaren 12an, Urruñako taldearen aurka iragan da derbi garrantzitsua, gure jokolariek ongi erantzunik garaipena aurkitu dute 19/13, beren 6. postua bermatuz sailkapenean. Azpimarratzekoa da, urte guziz bezala, hitzordu berezi hori arduradunek baliatzen dutela laguntzaile guziak eta bereziki herriko enpresa askoren eskertzeko. Bazkari on baten inguruan, sagarnotegiko menu preziagarri moduan, jendalde polita elkartu da kirol zelaiko gela nagusian. Umore ona ez zen falta, atseginez ohartzekoa da laguntzaileen kopurua igotzen ari dela urtez urte.
Zaku zaharren agerraldiak
Ihauteriak ate joka ari dira, otsailaren 22ko iragarriak izanik, prestakuntzetan buru-belarri jotzen dute elkarte honetako kideek. Etxez-etxe ibiltzeko ohidura dutenez, batez ere beren dantza, kanta, musika eta irriak eskaintzekotan ibiliko dira, auzoz auzo. Urtarrilaren 25ean ikusiko ditugu Hergarai auzoan, otsailaren 2an Olhan eta karrika nagusian, hilaren 8an aldiz Amotzeko bidea hartuko dute, bururatzeko Urguri kartierrean otsailaren 15ean. Garai bateko galdera baitzen"xingar eta arroltze, bat edo bertze, biak hobe" gaurkotzeko beharra luke segurik, halere harrera hoberena merezi dute beren animazioekin, bazterrak eta bihotzak alaitzeagatik.
Jaun meraren agiantzak
Larreko salan iragan dira, jendalde polita hurbildua zen, horietan elkarteetako ordezkari eta herritar andana bat. Bernard Elhorga auzapezak, kontseilariez inguraturik, aipatu ditu iragan ekintzak baita orainokoan martxan direnak, ahantzi gabe heldu diren proiektuak. Anitz jende eta elkarte baitziren eskertzekoak, horietan azpimarratzekoa da bereziki herriko langileen lan serioa omendu nahi izan duela. Agiantza beroenak itzuli ditu partehartzaile guzieri, zintzur bustitze gozo baten inguruan bukatu aitzin.
Adinekoen tailerra
65 urtez goitikoak gomit dira urtarrilaren 17an (14:30-16:30) Senpereko Herriko Etxean iraganen den lantaldera. Herriko zerbitzu soziala (CCAS), CPTS Hego Lapurdiren laguntzarekin, erakutsiko dute nola erabili"mon espace santé" osagarriari buruz, Interneten aurkitzen den tresna. Izen emaitea deituz: 05-59-54-74-96.











