Mundu zabalean | 2024ko Azaroaren 07a

Aberats handiak, kutsatzaile handienak

J.B.

Bernard Arnault
Bernard%20Arnault

Uholde handiak, idorte bortitzak, haize eta tenpesta azkarrak, berotze klimatikoaren ondorio latzak gero eta gehiago senditzen ditugularik, zerbait egin dezakegula nahi ginuke sinetsi. Nazioarteko gailurrak egiten dira bat bestearen ondotik, biodibertsitatearen defentsarako edo berotze klimatikoa hein batean atxikitzeko. Estatuek badute zer egin bainan gehienik kutsatzen duten aberatsen erantzukizun handia kontuan hartzekoa da.

Aberatsak kutsatzaile handienak

Munduko pobreziaren kontra lanean ari da Oxfam erakundea, helburu berdina duten nazioarteko hogoi bat elkarte bateratuz. Kutsadura kontrolatzeko eta ttipiarazteko nazioarteko gailur ezberdinak egiten ari diren momentu berezi hau baliatu nahi izan du Oxfam Frantziako adarrak, egin berri duen txosten baten plazaratzeko. Lan horren konklusioa harrigarria da: nazioarteko gailurretan finkatua izan den munduko karbono kontsumo eta isurketa muga bi egunez gainditua ditaike jende guziek munduko 50 aberatsenek bezain bat kontsumitzen balute.

Munduko desberdintasun klimatikoa hazten dute aberats handien bizimolde eta inbertsioek. Denbora berean, klima aldaketaren ondorio txarrenak pairatzen ari dira jadanik munduko jende ahulenak.

Adibide konkretu batzu aztertu dituzte. Miliardun handi batek, urte batez, 7 mila tona dioxido karbono hedatzen ditu hegazkin pertsonal eta deskantsuko itsas-untzi handiak erabiltzeagatik. Beste puntan, aberastasun gutien duen munduko populazioaren erdia aberatsen kutsatze heinetik biziki urrun da: multxo hortako jende bakotxak, bana beste, CO2 tona bakar bat hedatzen baitu urtean. Horiek dutelarik gehienik klima aldaketaz sufritzen.

Konparaketa urrunago eramanez, urte batez, frantses batek bana beste hedatzen duen dioxido karbono kantitatea baino 1.200 aldiz gehiago xahutzen du Bernard Arnault aberats handiak. Eta zer erran ontasunez itoa den Elon Musk sare sozialetako jabearen kontsumoaz? Berak sortutako berotze efektu gasen hedapenaren heinerat heltzeko 834 urte behar lituzke munduko bizizale soil batek. Ez da harritzeko Donald Trump bere lagunaren mitin batean Estatuaren eskumenen ttipitzearen alde mintzatu baita.

Aberatsen inbertsio kutsatzaileak

Karbono hedapena biderkatua da aberatsen inbertsioengatik. Munduko miliar bat eta 300 milioi jende baino gehiagok dioxido karbonoa sortzen dute Oxfamek aztertu dituen 50 miliardunen inbertsioek. Heien inbertsio parte handi bat (%40), industria kutsakorrenetarat baita, izan petrolioa, meategi, itsas-garraio edo zimenta fabriketarat.

Kutsatzaile ttipienak dira pagatzaile handienak

1990etik hunarat munduko aberatsenen usaiak aztertzen dituen Oxfam erakundeak ondorio suntsigarriak neurtu ditu jende behartsuenentzat. 30 urtez munduko %1 aberatsenen gas emisioak uzta galtze handiak ondorioztatu ditu munduko 14,5 milioi jenderi janaria murriztuz. Manera hortan segituz, berotze efektuak sortu janari galtzea 46 milioi jende hunkituko dituela hemendik 2050erat igurikatzen duelarik.

Aldaketa klimatikoaren ardura ttipiena duten herri pobreen ontasunak apaltzen segituko dute, herri aberatsek eta bereziki jende aberatsek segituko dutelarik aberasten.

COP 29 gailurra

Berotze klimatikoari buru egiteko Estatuen finantzamenduak berrikustekoak dira azaroaren 11tik 22rat, Bakou Azerbaijaneko hiriburuan iragan beharra den COP 29 nazioarteko gailurrean.

Gure planetaren beroketa 1,5°C-tan mugatzeko Pariseko akordioan finkatu ziren neurriak eta bereziki herrien ekintza planak aztertuko dira.

Aipatu helburuetarat heltzeko arrangurak eta egin beharrak handitzen ari dira. Bainan egia da apustu klimatikoa irabazteko beharrezkoa den nazioarteko elkartasuna eta politika amankomuna lortzeko ez dutela batere laguntzen azken urteetako gerlek. Lehentasunak finkatzeko momentuan hil ala biziko hautuak egin beharko dira: arma gehiago edo bizirauteko neurriak.

Aitzina joaiteko bakotxaren ohartze eta eginbeharren ondoan Estatuen engaiamenduak eta aberats kutsatzaileen inplikazioa baitezpadakoa da.

Frantzian 2025eko finantza legea eztabaidatzen ari delarik, proposamen zehatzak egiten ditu Oxfam erakundeak. Pariseko akordioa errespetatzen ez duten enpresen irabaziak gehiago zergapetzea eta karbono anitz eta sobera hedatzen duten luxuzko kontsumoa (hegazkin pribatu, deskantsuko itsas-untzi handi eta beste…) handizki zergapetzea.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3770. zbk

Azalekoa | 2024/11/07

Herri Ekintza, Euskal Herritik mundura

A.E.

Herri%20Ekintza_%20Euskal%20Herritik%20mundura

Frantzia mailan CMR (Chrétiens dans le Monde Rural) federakuntza bazela eta, Ipar Euskal Herriak bere antolamendua ukatea gogoetaturik, Herri Ekintza sortu zen. CMR-aren helburua baserrialdean bizikidetza, haurridetasuna eta elkartasuna sustatzea da, noizbehinkako topaketen bidez. Jendartea eraldatzen laguntzea du xedetzat. Herri Ekintzako Mikele Berhocoirigoin lehendakaria eta Léonie Aguergaray idazkariarekin bildu gira gehiago ikasteko.

Proiektuaren abiatzea

Aspalditik JAC-a (Jeunesse Agricole Catholique) izan zen, zeinetan gazteek laborantza inguruan gogoetatzen zuten. Denborarekin, elkarretaratzeko eta gogoetatzeko gogo hori agertu zen. JAC-an ibili zirenek MRJC-n (Mouvement Rural de Jeunesse Chrétienne) parte hartu zuten, CMR-era joan aitzin.

Ipar Euskal Herrian Herri Ekintza sortu zen 1967an, elkarte araudiak Baionako suprefeturan ezarriz.

JAC-an aipatzen den bezala, “ikusi, gogoetatu eta zer egin” lemaren inguruan gogoetak eta ekintzak eramanak dira. Jende horiek ezagutu eta ingurumenaz, elikaduraz, bizitzeko maneraz, gertakizunez,… hitz egin, gogoetatu eta zer egin daitekeen aipatzen da.

Frantzia mailan, CMR federakuntza bat bada, 70 elkarte biltzen dituenak. Herri Ekintza Ipar Euskal Herriko elkarte bakarra da, 3 talde biltzen dituenak Itsasun, Suhuskunen eta Donapaleun.

Herri Ekintzako 3 taldeek ber egin moldea dute: laikoak biltzen dir...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016