Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Urtarrilaren 16a
Sortze - “Stop Arming Israel” kanpainarekin bat egin - Urtarrilaren 24ko bertso afariarentzat, izenak aitzinetik - Urte berriko agiantzak, larunbatean
Sortze
Iragan abenduaren 26an, Kurutxaldeko Alexandra Heguy eta Peio Ustarrozek ongi-etorria egin zioten beren lehen haurrari, alaba bat, Elaia izendatu dutena. Goresmenak aitama uroseri eta zorionak sortu berriari.
“Stop Arming Israel” kanpainarekin bat egin
Palestinaren kontrako gerlari doakionez, gaur egun 42 mila hil baino gehiago eta kasik 100 mila zauritu kondatuak dira Gazan. Azpiegitura gehienak xehatuak dira eta bizitegirik gabe gelditzen dira palestinarrak. Gaza herrialdea bonbardatzen segitzen du Israelgo armadak, iduri eta nehork ez dituela geldiarazten ahal. Noiz arte? Armen indarra duteno ez dira geldituko, ez eta Amerikako Estatu Batuek sustengatzen dituzteno. Zer egin? Nola egin holako egoera tristeari aterabideak atzemaiteko? Gu bezalakoek zerbait egiten ahal duguia?
Ezin konponduzko egoeraren salatzeko "Stop Arming Israel" mugimendua sortu da. Hunen itzulpena da "Geldi Israeli armak emaitea" 2023ko urriaren 16an palestinar langileen 30 sindikatu baino gehiagok mundu mailako deia zabaldu zuten: "Konplizitate guziak gelditu, Israel armatzea gelditu".
Palestinar langile horien deia entzunik, Frantses estatuko erakunde sindikal batzuk hasi dira lan egiten, Palestinari laguntza ekartzen. Hala nola, joan den ostiral goizean, (6:00-8:00) goizik, papertxoak banatu zituzten Lauak enpresako langileeri, Aiherra eta Hazparneko lantegi ateetan. Papertxo horiek diote "Frantziak armak saltzen dizkio Israeli eta zure enpresa barne da". Papertxo horiek oroitarazten die horko langileei, Lauak enpresak Israelgo bigarren arma saltzaile handiena den Israel Aerospace Industries enpresarekin kolaboratzen duela. Langile gehienek hartu zituzten sindikalistek Lauak enpresa aitzinean banatu papertxoak.
Urtarrilaren 24ko bertso afariarentzat, izenak aitzinetik
Beltzuntze elkarteak bertso afaria proposatzen dauku urtarrilaren 24an, Nerea Elustondo eta Julio Sotorekin. Gozategia ostatuan iraganen da (19:00) 25€tan. Izenak aitzinetik eman behar baitira, urtarrilaren 22ko berantenaz, hobe oraindanik ernatzea 06-87-71-08-98ra deituz edo beltzuntzeelkartea@gmail.com helbidera idatziz. Ongi etorri deneri!
Urte berriko agiantzak, larunbatean
Deia errana dugun bezala, urte berriko agiantzen ospatzea manera berezi batez iraganen da heldu den larunbat goizean (10:15). Beltzagitea etxe zaharberrituaren bisitarekin hasiko da ekitaldia. Ondotik Herriko Etxean eremanen da gogoeta, herri erdiko zeharkatzeaz: nola egin herri erdiko zeharkatzea autoak emekiarazteko? Aterabideak atzeman edo proposamenak egin ondoan, goiza bururatuko da merezitu hurrupaldia denen artean partekatuz.
Urte berriari ongietorria eginez denbora berean ospatuko da Christiane Maffrand langilearen erretretara joaitea.